Daniel Dahlen.
Gerra Ukrainan. ANALISIA

Uharte desmilitarizatuak, NATOrako bidean

2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Itsaso Baltikoaren erdian egonik, Aland uharte autonomoak beti izan dira Europa iparraldeko herrialdeen segurtasun ekosistemaren parte. Hori dela eta, desmilitarizatuta eta neutro iraun dute 1856az geroztik. Orain, ordea, aldatu egin dira gauzak, eta, Errusiak Ukrainari hain bortitz eraso ondoren, batzuk auzitan jartzen hasi dira desmilitarizatuta egotea.

Historian, Aland uharteak behin eta berriz egon dira Errusiaren erasoen eraginpean, eta, aldi berean, ondo jabetuta egon dira Errusiaren presentziaz. XVIII. mendean, uharteko biztanle gehienek Suediara alde egin zuten, errusiar kosakoen mehatxutik ihesi. XIX.ean, berriz, etxeen %70etan aterpe ematen zieten errusiar soldaduei, eta XX. mendean ere harremana izan zuten Errusiako armadarekin. Lehen Mundu Gerran, Armada Gorriak militarrak bidali zituen uharte haietara, eta halaxe gertatu zen Bigarren Mundu Gerran ere. Garai hartan, Alandeko marinel ugari hil zituzten itsasoan. Hortaz, historian, irla horiek luzaroan izan dira Errusiaren erasoen biktima, nahiz eta desmilitarizatuta egon eta neutralak izan.

Ez da harritzekoa, beraz, uharteetako biztanleak haserre jarri izana Vladimir Putinek Ukrainari eraso zionean. Errusiak noiznahi erasoa jo zezakeela adituz hazi dira, eta, iraganeko zerbait bat-batean berriz ere gertatzen denean, surrealista samarra bihurtzen da dena. Familietan belaunaldiz belaunaldi kontatu diren istorioak, halako batean, berpiztu egin dira XXI. mendean, eta, tanpez, gerra ez da Netflixen bakarrik gertatzen den kontu soil bat.

Ezbairik gabe, Aland uharteetako jendea sinetsita dago irla baketsu batzuetan bizi direla oraindik, eta harro daude beren lurraldea neutrala delako eta desmilitarizatuta dagoelako. Horregatik, alde batetik, uste sendo-sendoa dute uharteek politika horrekin segitu beharko luketela. Beste alde batetik, ordea, zenbaiti lasaigarri zaie egitura handiago baten parte izatea, eta, horregatik, Aland uharteak eta Finlandia NATOn sartzea nahi dute.

Alanden, azken batean, herritarrek segurtasun handiagoa nahi dute, baina berriz militarizatu beharrik gabe. Hortaz, helburu nagusia da desmilitarizatuta segitzea baina NATOren banderaren pean, eta posible da hori egitea, desmilitarizaziorako hitzartutako akordio nagusien arabera: 1856an eta 1921eko Nazioen Ligan hitzartu zituzten, eta berretsiak izan ziren hala 1947an, Parisko Bake Itunean, nola 1992an. NATOn badira jada lurralde desmilitarizatu batzuk, hala nola Svalbard, Norvegian. Baina zergatik uste dute Alandeko biztanleek hobe dela militarizatu gabeko lurralde bat izatea, armada bat edukitzea baino?

Parisko Bake Itunak Errusiari aukera eman zion desmilitarizazioa ikuskatzeko, uharteetan kontsulatu bat jarriz. Kontsulatu horren helburu nagusia da, orain ere, desmilitarizazioa ikuskatzea eta segurtatzea Finlandiak edo beste inork ez dituela uharteak berriro militarizatuko. Errusiarrek oso serio hartu zuten lan hori. Uharteetako herritarrek, beraz, uste dute desmilitarizazioak seguruago bihurtuko lukeela artxipelagoa eta Errusiak ez lukeela bere burua ekitera behartuta ikusiko nahiz eta Aland uharteak NATOko kide bihurtu. Hori, betiere, pentsatuta ez dituztela irlak berriz militarizatuko.

Gauzak azkar aldatzen ari dira. Eskandinaviaren parte horren nortasuna estu lotua dago neutraltasunari, eta Aland uharteena, zehazki, desmilitarizazioari ere bai. Hori aldatuz gero, gure nortasunaren parte bat ere aldatuko da. NATOn sartu edo ez sartu galdetze hutsa baino puskaz korapilatsuagoa da auzia. Orain, ordea, jendea NATOri begira dago, haren parte izatea eta aldi berean desmilitarizatuta segitzea posible izango den esperantzan, eta, onen-onenean, horrek Errusia esku hartzera bultzatuko ez duelakoan. Baina, Vladimir Putinen terrorea eta Errusiako gerra piztu diren mundu honetan, ezin duzu ezer egintzat eman, gauzak aise alda daitezke eta.

Hori guztia dela medio, Aland uharteetako biztanleek arreta jarrita eta adi egon beharko dute. Beste hainbestetan bezalaxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.