U-30 greba «erasoan» egingo dute sindikatuek eta eragile sozialek

Lan, pentsio eta babes sozialaren esparruetan «duintasuna» eskatuko dute. Haien iritziz, «arrazoi gehiegi ere badira» greba egiteko

Gutun Sozialeko sindikatuen eta eragile sozialen ordezkariak, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
xabier martin
Donostia
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Metalgintzako akordioaren biharamunean, elkarrekin azaldu ziren ELA eta LAB sindikatuak, atzo, gatazka horrek islatu duen lekuan lekuko estrategia desberdinen gainetik, batera borrokatzeko prest daudela aldarrikatzeko. Prekarizazio prozesuaren aurka «harresi» bat eraiki nahi dute Gutun Sozialean batutako eragile sozialekin eta pentsiodunekin batera, urtarrilaren 30ean, egutegian greba orokorra egiteko gorriz margotu duten egunean.

«Oraingoan kalean harrapatuko gaituzte, aktibaturik», ohartarazi zuen LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk. Greba orokorra «erasoan» egindako mobilizazio handi bat izango da, haren arabera. Ez da «erantzuteko greba bat izango», alegia, eta moteltzerik edo krisirik baldin badator, ez dute onartuko «aitzakia» bihurtzea murrizketak egiteko. Lan esparruan, pentsioetan eta sistema sozialean neurri zehatzak eskatuko dituzte kalean; neurri denek dituzte elkarrekin aldarri batzuk: prekaritateari mugak jartzea eta murrizketen aurreko egoerara itzultzea. Galdutakoa berreskuratu bakarrik ez: eskubide gehiago irabazteko greba ere izango dela azaldu zuen Aranburuk.

«Ziur gaude Euskal Herria gelditu egingo dela egun horretan, grebarekin bat egin duen gehiengo sozial bat dagoelako», esplikatu zuen LABeko idazkari nagusiak. Aranburuk erantsi zuen neurri jakin batzuen alde egingo dutela lanuzte orokor hori: 2010eko eta 2012ko lan erreformak bertan behera uztea, gutxienekoak ezartzea soldatetan eta pentsioetan (1.200 eta 1.080 euro), «inposatutako kontratu partzialak» baztertzea, emakume eta gizonen arteko soldata arrakalari aurre egitea, 35 orduko lanaldiak ezartzea, pentsioak KPIra legez lotzea eta 65 urterekin lortzea, eta erretiro aurreratuak 61 urterekin legeztatzea.

«Erabaki dugu ez diogula amore emango prekarizazio prozesu handi honi», gaineratu zuen Aranburuk: «Gehiengo soziala gara, eta beste eredu produktibo bat nahi dugu. Kalean gaude, hainbat borrokaren alde, eta bat egin dugu urtarrilaren 30ean denok batera aritzeko aldarrikapen eta neurri zehatzen alde».

Greba eta gizarte hobea

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak, berriz, grebaren balioa azpimarratu zuen, esan baitzuen «eskubide batzuk irabazteko» greba ere izango dela U-30. «Pobrezia gora doa Euskal Herrian, eta bertako gobernuen politiken ondorio da hori», esplikatu zuen: «Ez dago euskal oasirik Jaurlaritzak helarazten duen moduan». Lakuntzaren ustez, Gasteizko eta Nafarroako gobernuek badute pentsioak osatzeko gaitasuna, eta ez dute halakorik egiten borondate politiko faltagatik: «Aukera dute pentsioak eta laguntza sozialak osatzeko, baina ez dute nahi». Horregatik, «arrazoi gehiegi ere badira grebarako», ELAko buruaren ustez. DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta «sindikatuen garaipena» izan dela helarazi zuen, eta gogorarazi jarraitzen dutela pobreziara daramaten soldatak indarrean eta pentsioak osatu gabe. Esparru horretan gobernuek murrizketak egin nahi dituztela ohartarazi zuen.

Bestalde, sindikatuen, eragile sozialen eta pentsiodunen bat egitea nabarmendu zuen. «Asko gaude hemen neurri zehatzen alde, eta hori ez da gertatzen egunero; albiste ona da». Gogoratu zuen Gutun Sozialak sei urte egin dituela, eta «agenda propioa» garatzeko gai izan dela; baita greba orokor batera deitzeko ere.

«Gauza batzuk ez dira posible grebarik gabe. Grebak modua ematen du eskaerak agenda politikoan sartzeko». Lakuntzak uste du pedagogia egin behar dela gizartean, kontzientzia sortu eta indartu mobilizazioaren inguruan, demokrazia ezin baita ulertu, harentzat, grebarik gabe. «Ohartzen den gizarte bat gizarte hobea da, eta grebak eramaten du egoeraz jabetzera; grebak gizarte hobea egiten du, aldaketarako atea zabaltzen duelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.