Ez diote aterik ixten EBren hitzarmenak erreformatzeari

Europaren Etorkizunari Buruzko Konferentziaren eskariei bide egiteko prest agertu da Von der Leyen. Hamahiru estatu kide talde komunitarioko ituna aldatzearen aurka daude

Von der Leyen —ezkerretik hasita, aurrenekoa—, Metsola, Macron eta Costa, atzo, Europako Parlamentuan. RONALD WITTEK / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Europako Parlamentuak ebazpen bat onartu zuen joan den asteazkenean, eskatuz EB Europako Batasunaren instituzioei talde komunitarioaren hitzarmenak erreformatu behar direla Europaren Etorkizunari Buruzko Konferentziak herritarren eta ordezkari politikoen proposamenei lekua egiteko. Konferentziaren itxiera ekitaldia egin zuten atzo parlamentuan, Estrasburgon, eta Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek nabarmendu zuen proposamenetako neurriak sustatuko dituztela, «muturreraino baliatuz hitzarmenek ematen dituzten aukerak; are, horiek aldatuz beharrezkoa denean».

Emmanuel Macronek planteatu zuen lehen aldiz, 2019an, molde horretako konferentzia bat egitea, eta atzo Estrasburgon izan zen, Frantziari dagokiolako Europar Kontseiluko presidentetza aurtengo aurreneko seihilekoan. Eliseoko buruak ganberan adierazi zuenez, hitzarmenak aldatzearen «alde» dago, eta planteatuko du horri buruz hitz egitea EBko estatu kideek egingo duten hurrengo goi bileran, ekainaren 23an eta 24an.

EBren geroa definitzeko prozesua iazko martxoan jarri zuten martxan, eta horretan parte hartu dute bai ausaz aukeraturiko 800 herritarrek, baita estatu kideetako zein talde komunitarioko instituzioetako ordezkari politiko batzuek ere. 300 neurri biltzen dituzten 49 proposamen jaso dituzte txosten batean, eta atzo eman zieten Von der Leyeni, Macroni eta Roberta Metsola parlamentuko presidenteari.

Ikusteko dago zer bide egingo duten proposamenek. Batzordeko presidenteak esan zuen, atzo, irailean iragarriko dituela txosteneko eskaerei erantzuteko «lehen proposamenak». Txostenean jasotakoak, baina, ez dira lotesleak. Eta hitzarmenen aldaketari begira, EBko hamahiru estatuk ohar bat kaleratu zuten, atzo, azpimarratuz ez dela hitzarmenak aldatzeko unea, eta horien balizko erreforma ez zegoela konferentziako debateen artean. Bulgariak, Kroaziak, Txekiak, Danimarkak, Estoniak, Finlandiak, Letoniak, Lituaniak, Maltak, Poloniak, Errumaniak, Esloveniaketa Suediak sinatu dute dokumentu hori.

Hauek dira konferentziaren ondorio nagusietako batzuk. Horien artean ez dago Self-Determination erabakitzeko eskubidearen aldeko caucus-ak proposatutako argitasun lege baten garapena, boto gehien lortutako proposamenetan bigarrena izan arren prozesuan.

OSASUN SISTEMA BATERATUA

COVID-19aren aurkako txertoak EBk erosi zituen, eta gero klubeko 27 estatuen artean banatu zituen. Hori bera, adibidez, aintzat hartuta, haratago joateko eta estatu kideekin modu konpartituan osasun eskumenak onartzeko eskatu diote Bruselari konferentzian parte hartu dutenek.

Proposamen horrek talka egiten du hitzarmenek jasotakoarekin, baina helburu du EBko herritar guztiek osasun zerbitzuetarako sarbidea izatea talde komunitarioko estatu denetan. Proposatu dute, bide batez, EB mailako osasun ziurtagiri bat hauspotzea, estatuek errazago truka ditzaten herritarren osasun datuak.

TRANTSIZIO EKOLOGIKOA

Konferentzian parte hartu dutenen arabera, trantsizio ekologikoa egin behar da zerga erreformek eta laguntza publikoek bultzatuta, modu horretan «langileak eta lanpostuak babesteko». Iruditzen zaie horrela jokatuta baztertu ahal izango dela, modu «bidezko batean», erregai fosilen erabilera.

Proposatu dute, besteak beste, garraio jasangarriago bat hauspotuko duen eredu baterantz aurrerapausoak ematea, eta planteatu dute, esaterako, gaueko eta abiadura handiko trenetarako inbertsioa handitzea, hegazkina beharrean trena izan dadin EBko garraiobide erabiliena.

ZERRENDA TRANSNAZIONALAK BOZETAN

Herritarrek eta ordezkari politikoek eskatu dute Europako Parlamenturako hauteskundeetarako zerrenda transnazionalak sortzea, modu horretan boz horien dimentsio komunitarioa indartzeko. Horrek ez du esan nahi, ordea, estatu bakoitzeko zerrendak desagertuko liratekeenik.

Bestalde, mahai gainean jarri dute talde komunitarioari eragingo liokeen auzi «salbuespenezkoetan» erreferendumak deitzeaEBko estatu guztietan.

AHOBATEZKOTASUNA AMAITU

Europar Kontseiluaren arauetako bat da erabaki guztiak aho batez hartu behar dituela. Konferentziak eskatu du, baina, hori bertan behera uztea, gai giltzarrietan akordioei bide egiteko. Planteatu du, hortaz, gehiengo kalifikatuaren formula erabiltzea adostasunerako oinarri bezala, nahiz eta hori ez dagoen jasota EBren hitzarmenetan.

ERREFUXIATUAK HARTZEKO ARAU BATERATUAK

Errefuxiatuak hartzeko arauak bateratzea eskatu du konferentziak. Parte hartzaileek deitu dute Dublingo Hitzarmena —asilo eskubidearen ingurukoak arautzen ditu— «gainbegiratzera», zeinak zehazten duen asilo eskaerak egin behar direla etorkinek zapaltzen duten EBko aurreneko herrialdean, nahiz eta, usu, ez datorren bat bizi nahi duten herrialdearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.