Valeska Lovera. Beti Onak eskubaloi taldeko jokalaria

«Beti Onak berezia da; kluba familia bat da»

Beti Onak taldeko golegile nagusia da Valeska Lovera. Mailari eusteko, denboraldi hasieran lortutako hiru garaipenak «funtsezkotzat» jo ditu.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Hirugarren sasoia du Valeska Loverak (Concepcion, Txile, 1998) Beti Onak Atarrabiako taldean (Nafarroa). «Hemen segitzen badut, oso gustura nagoelako segitzen dut». Sasoi hasiera bikaina egin eta gero, Beti Onak-i gehiago kosta zaio irabaztea, baina ez dago larritzeko motiborik. «Taldean erabateko konfiantza daukat». Aula Valladoliden etxean jokatuko dute larunbatean (18:00).

Porriñoren aurka, zortzi minutuko tartean ihes egin zizuen garaipenak. Zer gertatu zen?

Lehen zati oso ona jokatu genuen, eta neurketaren bigarren zatiko aurreneko hamabost minutuak ere onak izan ziren. Azken finean, esperientzia handiagoa dutela nabaritu zen. Lehen itzulian haien aurka galdu arren, etxean irabazteko gai izango ginela uste genuen. Denboraldiko porrot mingarrienetako bat izan da. Halere, elkarri lagundu diogu egoerari azkar buelta eman eta hurrengo partida prestatzen hasteko. Taldean erabateko konfiantza daukat.

Hamalau jardunaldi jokatuta, pozik zaudete egindako lanarekin eta lortutako emaitzekin?

Galtzea espero ez genituen partida batzuk alde batera utzita, bai, uste dut pozik egoteko moduan gaudela. Taldean eta klubean giro ona dago, eta horrek lagunduko digu aurrerantzean ere. Nire ustez, inork ez zuen espero denboraldiaren lehen zati hain ona egingo genuenik.

Hasiera zoragarri baten ostean, taldeari gehiago kostatu zaio azkenaldian. Normaltzat har daitekeen zerbait da, ezta?

Bai. Aurkarientzat, talde erabat ezezaguna ginen hasieran, eta asko eta asko ezustean harrapatu genituen. Hamalau jardunaldi igarota, hori aldatu egin da.

Ligako sistema aldaketa dela eta, jaitsierako ligaxka edo liga irabazteko kanporaketak jokatzeko eskubidea ematen duten postuen muga-mugan zaudete sailkapenean. Nola bizi duzue?

Lasaiago geundeke aurreko sasoiko sistemarekin. Niri galdetzen badidazu, sistema berri hau ez zait asko gustatzen, sailkapenean lortzen duzun postuak ez baitu askorako balio.

Dena den, behin-behinean, zortzigarren postuan zaudete, eta Guardesek baino bi puntu gehiago dituzue.

Asteon partida garrantzitsua dugu Valladoliden aurka. Han irabazteak arnasa hartzeko aukera emango liguke, baina, bestela, badakigu Guardesen aurkako partida etxean daukagula. Aurkari zuzena da.

Aurreneko lau jardunaldietan lortutako hiru garaipenak garrantzitsuak izango dira mailari eusteko lehian?

Funtsezkoak izango direla esango nuke. Goiko postuetan dauden taldeen aurka puntu batzuk bilduz gero, nik uste mailari eutsi ahal izango diogula. Liga luzea da, eta edozer gauza gerta liteke, baina ea mailari euts diezaiokegun jaitsierako ligaxka jokatu gabe.

Presiorik nabaritzen duzue?

Guk geure buruari jartzen dioguna soilik. Presio hori goitik edo klubetik etorriko balitz, ez litzateke ona izango taldearentzat.

Beraz, Ohorezko Mailan jokatzeaz disfrutatzen ari zaretela esan daiteke?

Bai, noski. Ez soilik jokalariak, klubeko ordezkari guztiak ere bizitzen ari garenaz gozatzen ari dira: Atarrabia guztia gozatzen ari da sasoi honetaz. Aurreko denboraldian, partida guztiak erraz irabazten genituen, eta falta zitzaigun neurketak benetan lehiatzeko sentipen hori izatea.

Zuri dagokizunez, ligako golegile onenetako bat zara. Gustura zaude?

Aspaldi ez nintzen hain ondo sentitzen. Ohorezko Mailan nabarmentzea zaila da, baina pozik nago egiten ari naizen lanarekin.

Hirugarren denboraldia duzu taldean. Urte onak izaten ari dira?

Hemen segitzen badut, oso gustura nagoelako segitzen dut. Ez zait ezer falta. Atarrabia herri aparta da bizitzeko, eta herritarrek taldearen egunerokoari hain gertutik erreparatzeak poza ematen du. Kluba familia bat da. Oso zaila da hainbeste gauza on dituen talde bat aurkitzea. Talde askotan egon naiz, baina talde hau berezia da. Denon artean oso harreman ona dugu, eta hori kantxan nabaritzen da: entrenatzera joateko eta partidetan lehiatzeko gogo handiagoa ematen dizu. Gure lanaz disfrutatzen ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.