Etxekoen babesean

Bera Berak eta Zuazok Espainiako Kopako azken faseari ekingo diote gaur, Barakaldon. Irabazteko hautagai dira gipuzkoarrak, eta zaleen bultzadarekin ezustea eman nahi dute bizkaitarrek

Etxekoen babesean.
ainara arratibel gascon
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun

JUAN CARLOS RUIZ, FOKU

Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzailea

«Sekula baino parekatuago eta irekiago ikusten dut aurtengo Kopa»

Ligan azken hilabetean pare bat estropezu izan dituzten arren, taldea «sasoi onean» ikusten du Super Amara Bera Berako entrenatzaile Imanol Alvarezek (Ermua, Bizkaia, 1967). Espainiako Kopa «gustuko» duten txapelketa bat dela gogorarazi du.

Elxen kontrako lehian, ondo sentitu zineten berriro. Nola dago taldea gaur hasiko den Kopari heltzeko?

Taldea gogo handiz dago Kopa jokatzeko. Beti aritu gara ondo txapelketa horretan. Horren seinale da azken zazpi finaletan izan garela. Iazkoa eta duela bi urtekoa galdu eta gero, arantza hori kendu nahi dugu. Dena den, ez da erraza izango, hiru egunetan segidan zure onena ematera behartzen baitzaitu.

Zaila da Liga alde batera uztea?

Ez, Kopa oso txapelketa polita baita jokatzeko. Giro oso ona egoten da pabiloian, talde guztiak elkarrekin gaude hotelean... Jokalariek ez dute askorik behar motibatzeko. Gainera, Aste Santuan atseden egun batzuk izan genituen, eta ondo etorri zaigu ideiak freskatzeko.

Ro'Casaren aurka jokatuko duzue gaur. Badirudi neurria hartua diozuela, Ligako bi norgehiagoketan alde nahiko handiz irabazi baitzenioten. Gaurko partida asko aldatuko al da?

Bai, kale edo bale egiteko partida bat delako. Gainera, nahiz eta ligako bi partidak alde nahiko handiz irabazi, minutu askotan berdintasuna egon zen jokoan. Gure helburua da partida horietan ondo egin genituen gauzak indartzea, eta gaizki egindakoak konpontzea.

Zeintzuk izan ziren ondo egin zenituzten gauzak? Eta gaizki?

Defentsan oso ondo aritu ginen, batez ere Gaskan jokatu genuen partidan. Hori errepikatu nahi dugu. Izan ere, haiek oso ondo ari dira 6-0ko defentsan, eta arlo horretan hoberen aritzen denak asko izango du irabazia. Partida hartan erakutsi genuen intentsitatea denbora gehiagoz luzatzea lortu behar dugu. Erasoan, berriz, pazientzia handiagoz aritu behar dugu. Partidak estu doazenean, kosta egiten zaigu hori lortzea.

Gol gutxiko lehia espero duzu?

Bi taldeek defentsako lan oso ona egiten dugu, eta atezainak ere goi mailakoak dira. Baina elkarren aurkako partidetan erasoak nagusitu ohi dira. Erasoan antzera jokatzen dugu. Aldea da guk antolatuago egiten dugula, eta haiek urrutiko jaurtitzaile gehiago dituztela.

Lisandra Lusson eta Sayna Mbengue dira haien jokalaririk erabakigarrienak.

Bai, zalantzarik gabe. Baina, horrekin batera, funtsezkoa izango da Haridian Rodriguez pibotearen lerro arteko jokoa geratzea, min handia egiten baitu. Silvia Navarro ere oso ondo ari da atean.

Haiek Challenge Kopa finala dute hurrengo bi asteburuetan. Arreta hor izan al dezakete?

Ez dut uste, eskarmentu handiko jokalariak direlako, eta, aipatu bezala, Kopa txapelketa erakargarria delako jokatzeko. Gainera, elkarren aurka jokatzea beti da motibazio bat bi taldeontzat. Hori bai, azken asteetan partida dezente jokatu dituzte, eta erritmo bizkorreko partida bat egiten saiatu behar dugu, haiek nekea antzeman dezaten. Partida gogorra eta desgaste handikoa izatea komeni zaigu.

Irabaziz gero, Gijonen edo Malagaren aurka jokatu beharko duzue. Zuena da finalera iristeko alderik zailena?

Ez nuke jakingo. Beste bidetik dauden Elx eta Granollers ere, adibidez, oso aurkari gogorrak dira. Zozketa egin zenean, Elx zen lehen kanporaketan nahi ez nuen kontrarioa. Oso aurkari arriskutsua da. Halako txapelketetan eskarmentu handia duten jokalariak ditu. Dena den, edozein kontrario izango zen zaila, aurtengo Kopa inoiz baino parekatuago eta irekiago ikusten baitut.

 




MARISOL RAMIREZ, FOKU

Joseba Rodriguez, 'Haito' Zuazoko entrenatzailea

«Ilusio eta zirrara handiarekin gaude; disfrutatu egin nahi dugu zaleekin»

Lehen aldiz izango da Espainiako Kopako azken fase batean Joseba Rodriguez Haito Zubileta Evolution Zuazoko entrenatzailea (Basauri, Bizkaia, 1980). «Niretzat ere ametsa da hau», onartu du.

Iritsi da egutegian gorriz markatua zenuten eguna. Urduri al zaudete?

Lehiatzen hasteko ilusioz eta zirraraz gaude. Egunak dira taldean, klubean eta herrian nabari dela txapelketa garrantzitsu hori datorrela, eta bai kirol mailan baita antolakuntza aldetik ere dena primeran ateratzea nahi dugu. Tentsioa eragiten du horrek, baina baita ilusioa ere. Disfrutatu egin nahi dugu honetaz zaleekin. Izan ere, hau urte askoko lanaren emaitza da. Kluba auzoko talde moduan jaio zen, eta begira non dagoen. Honek ikusgarritasun gehiago emango digu, eta espero dugu balio izatea Bizkaian emakumeen eskubaloia sustatzeko.

Erraza da taldea giro horretaz aldentzea?

Egia esan, ez, arreta ohi baino handiagoa baita gure inguruan. Eta konpromiso ugari izan ditugu aste osoan. Aste berezia izan da. Baina saiatu gara horrek entrenamenduetan eragin ez zezan, eta jokalarien egunerokoan ahalik eta eragin txikiena izan zezan. Talde gaztea gara, gainera, eta are gehiago zaindu dugu hori guztia.

Gaztetasun horrek zertan egin diezazueke kalte halako txapelketa batean? Eta mesede?

Eskarmentu falta hori partidetako une erabakigarriak jokatzeko garaian antzeman dezakegu. Baina gaztetasunak ilusioa, energia eta ausardia dakartza, eta sasoi osoan erakutsi dugu.

Ligan etxeko lanak eginak dituzue: Ohorezko Mailan segituko duzue. Horrek lasaitasuna emango dizue Kopari heltzeko?

Bai, zalantzarik gabe. Lehen itzulia amaitu genuenean, helburu bikoitz bat jarri genion geure buruari: talde moduan hazten segitzea, eta Kopara mailari eutsita ailegatzea. Horrek lagunduko digu presiorik gabe jokatzen, disfrutatzen eta arreta eta energia osoa Kopan jartzen. Beste taldeetako batzuek, gainera, oraindik gauzak dituzte jokoan bai Europan, baita Ligan ere, eta espero dugu antzematea hori, horretan ere izan dezakete-eta arreta.

Zuen gaurko aurkaria da talde horietako bat: Elx. Zer iritzi duzu aurkariaz?

Behetik gora egin duen talde bat da. Denboraldi-aurrean arazoak izan zituzten lesioekin, eta martxa hartzea kostatu zitzaion. Baina, jokalariak osatuz joan ahala, maila handiko taldea dela erakutsi du. Batez ere hasierako zazpikoa oso indartsua da.

Ana Martinez da haien jokalaririk garrantzitsuena. Nola gera dezakezue?

Eskarmentu eta maila handia du. Oso ondo defendatzen du, eta erasoan baloi inportanteenak berak jokatzen ditu. Gertutik zaindu beharko dugu, laguntzen bidez. Baina ezin dugu arreta osoa harengan jarri. Jeniffer Gutierrez ere oso garrantzitsua da. Leku desberdinetan joka dezake, eta buruz buruko jokaldietan oso ondo moldatzen da.

Zer egin beharko duzue irabazteko?

Ezin diegu utzi jokoaren ekimena izaten, eta beraien amarruan erori. Ziurrenik, erritmo handiko partida bat izango da, eta gol askokoa. Erritmo hori guk ezarri behar dugu.

Zein da haien ahulgunea?

Lesioak direla esango nuke. Izan ere, hainbat jokalari garrantzitsu min hartuta dauzka, eta, talde horren luzea ez dutenez, txandakatzeetan haien maila jaitsi egin zen. Elxen haien aurka jokatu genuen partidan hala gertatu zen.

Nor ikusten duzu Kopa irabazteko faborito?

Duela hilabete, Bera Bera esango nuen. Baina, Ligan izan dituen bi estropezuen ostean, gorabeherekin ikusten dut. Dena den, betiko maila ematen badu, irabazteko hautagai nagusia da.

 

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.