Ekaingo aurkikuntzaren 50. urtemuga. Jesus Altuna. Arkeologoa

«Denborak argi erakutsi du Ekainen ondo jokatu genuela»

Duela 13.000 urte inguru margotutako animaliak Ekaingo kobazuloan. Mendeetan ezkutatuta egon ostean, duela 50 urte aurkitu zituzten; ordutik, hangoak ikertzea, babestea eta ezagutaraztea izan du xede Altunak.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2019ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
1969ko ekainak 8 zituen. Igandea. Azpeitiko (Gipuzkoa) Antxieta taldeko Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal mendigoizaleak Zestoako (Gipuzkoa) Sastarrain bailaran zebiltzan. Ekaingo kobazulora sartu, eta milaka urteko margolanak aurkitu zituzten. Biharamunean deitu zieten Jose Migel Barandiarani (Ataun, Gipuzkoa, 1889) eta Jesus Altunari (Berastegi, Gipuzkoa, 1932). Hala bertaratu ziren ikerlari biak Sastarrainera, ekainaren 10ean; orduantxe hasi zuten arrasto ukaezina utzi duen lan ildoa.

Urte askoan, Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Arkeologia Saileko lehendakari postutik egin zuen lan hori Altunak. Erretiroa hartuta dago egun.

Nola gogoratzen dituzu aurkikuntzaren berri emateko Albizurik eta Rezabalek egindako deia eta handik aurrerako egunak?

Esan zidatena entzunda, konturatu nintzen zerbait harrigarria aurkitu zutela. On Joxemieli ere deitu zioten, eta biharamunean joan nintzen Ataunera haren bila, asteartean, nire Seat 600 koskorra hartuta. Sastarrainen zain genituen Andoni eta Rafael, eta haiekin igo ginen kobazulora. Sarrera oso estua zen: sabaiak eta lurrak ia-ia bat egiten zuten, eta bizkar gainean arrastaka sartu ginen, sudur puntarekin sabaia joz. Pentsa ezazu: On Joxemielek ia 80 urte bazituen orduan. Arrastaka 20 bat metro egin ondoren, bazegoen zutik jartzeko moduko lekua. Gero eta handiago egiten zen hura, eta irudiak dauden lekura eraman gintuzten. Batez ere zaldi multzo handia dagoen lekura. Argi zegoen hura benetakoa zela.

Hori zen haiek ikusi arteko zure galdera nagusia?

Bai. Baina aurrera egin ahala ikusten zen aspaldiko urteetan ez zela han inor sartu. Eta irudi haiek ikusita... Madeleine aldiko perfektoak ziren, oso-oso ederrak, estilo tipiko eta bereziarekin.

Koba atez itxi arte isilik egotea erabaki zenuten. Zergatik?

Oso erraz galtzen direlako halakoak. Badirudi oso indartsuak direla hainbeste urtean iraun dutelako, baina oso hauskorrak dira.

Euskarari buruz ari zarela dirudi.

Halaxe da eta, bien kasuan. Hala, errementari batek ostegunean jarri zion burdinazko atea, geuk hala eskatuta; orduan, albistea zabaldu zen. Jakina, berehalaxe etorri ziren Zestoako agintariak—kobazuloa berez Deba egiten da, baina Zestoatik sartzen da hara—, eta Gipuzkoakoak eta Espainiakoak, hura ireki nahian.

Santimamiñeko eta Altamirako kobazuloetara turistak erromerian joaten ziren garai hartan.

Erromeria eta egundoko negozioa zegoen haietan. Pentsa ezazu: Sastarraingo baserrian maizter bizi zirenak bota egin zituen nagusiak, bertan negozioa jartzea pentsatzen zuelako. Baserritar haiek 10 bat urteko semea zuten, Jesus Mari. Hark egin zigun argi On Joxemigeli eta niri, linternarekin, barruko margoen kalko guztiak egin bitartean.

Kalko haiek egiteko ere pikardia pixka bat izan zenuten; Espainiako Arkeologia Museoko zuzendaria haserretzeraino.

Hemengo aurkikuntzaren berri Madrili ematea derrigorrezkoa zen orduan, eta, besteak beste, Francoren emaztearen bitxien tasatzailea eta Indusketa Arkeologikoen Komisario Nagusia ere bazen Martin Almagro. Aurkikuntza jakinarazi genionean, kobazulora sartzeko debekua bidali zigun. Labar arteari buruzko nazioarteko kongresu batetik etorri berria zen, eta frantses aditu batek han iradoki zion horri buruz ez zekiela nahikoa. Horregatik, Ekainera etorri eta bere burua goratzeko aukera ikusi zuen Almagrok. Orduan, On Joxemigeli esan nion ez zela posible halako altxorra haren eskuetan uztea. Eta biharamunean bertan hasi ginen lanean.

Nolakoak izan ziren lan saiook?

Goizez lau ordu eta arratsaldez bost egiten genituen. Biok bakarrik, lehen aipatu dizudan 10 urteko Jesusmariren linternaren argipean. Hamar bat egunez egon ginen han, eta dena bukatu genuen. Bazetorrela abixatu zuen Almagrok. On Joxemigelek esan zidan: «Hik errezibitu ezak. Esaiok nik beste aldera joan behar izan dudala».

Komisarioaren haserrea ere zeuk errezibitu zenuen.

«Â¿Dónde está Barandiarán?» [Non da Barandiaran?], galdetzen zuen hark, eta Sarara joana zela esan nion nik. Halaxe sartu ginen barrura [barreka].

Demagun Ekaingo kobazuloa liburu bat dela. Zer irakurri ahal izan duzu urteotan bertan?

Beste leku askotan gertatzen ez den bezala, Ekainen estruktura bat ikusten da; alegia, gauzak ez daude ausaz jarrita. Lehendabiziko zaldiak, denak daude barru aldera begira, bai alde batekoak, bai bestekoak. Eta bukaerakoak, denak daude kanpora begira. Eta bi multzo horien artean, erdi-erdian, hartz parea dago, dotorea, sabai baten azpian. Badirudi denak hartzei begia ari direla. Zergatik? Ez dakigu.

Beste gauza asko ere badakizkigu, Ekaingo sarreran aztarnategi bat baitago. Madeleine aldiko—margoak egin zituzten garaiko— zenbait geruza aurkitu genuen han, eta geruza horiek informazio handia eman dute. Ikusten da, esaterako, zaldia ez zutela ehizatzen Ekainen zeudenean.

Nomadak ziren?

Ekainen ez ziren urte osoan bizi, ezta gutxiago ere. Udaberri bukaeran eta uda hasieran bakarrik bizi ziren han. Ekaindik gertu badira urte osoko bizileku izandako aztarnategiak ere. Urtiaga [Deban, Itziarren], esaterako; eta garai bertsukoak dira. Ekaindik ordubetera, ordu eta erdira edo bi ordura zeuden aztarnategiak—Amalda, Urtiaga, Erraila eta abar— aztertu genituen, zenbait proba egin ere bai, baina ez dugu demostratu ahal izan haietatik etortzen zirenik Ekainera. Ukatzerik ere ez dugu lortu.

Ehizatu ez, baina zaldiak margotu zituzten Ekainen.

Garai bereko beste aztarnategietan agertzen dira zaldi hondarrak. Ekainen, azkonez zaurituta ere ageri dira margoetan.

Margoei buruz hasita, esan behar da Ekaingo gela handian dagoela harkaitz bat, zaldi buru baten itxura daukana. Sudur-zuloa tailatu zion suharri batekin duela milaka urteko gizaki hark, eta, haren pare-parean, zaldi buru bat dago margotuta manganesoarekin. Koban sartuta ikusten den lehen irudia da. Manganesoa mineral beltz bat da. Hartzak ere manganesoarekin daude margotuta. Gainontzeko zaldi guztiak, beltzak, ikatzarekin eginak daude, eta gorriak limonitarekin. Horrek zerbait esan nahi du. Orain, pertsona haren buruan zer zegoen...

Santutegia al da Ekain?

Dudarik gabe. Zertara joaten ziren hara barrura, bestela? Apaingarri soil bat nahi baduzu, ez duzu pianoaren azpian sartzen, eta horiek denak halaxe daude. Sakratutasun ideia bat dago hor.

Andre Leroi-Gourhan adituak zioen labar arteko zaldi multzorik ederrena Ekaingoa dela, zezenak Lascauxekoak, bisonteak Altamirakoak eta lehoiak Chauvetekoak diren bezala.

Horiek denak kultura beraren adierazpenak al dira?

Chauvetekoa zaharragoa da; Lascaux, Altamira eta Ekain garaikideak dira. Chauvet eta Ekain artean urte gehiago daude Ekain eta gu artean baino. Pentsa ezazu zenbat milaka urte egon den gizakia gauza berdintsua egiten, labar harrietan barru-barrura sartuta. Urte asko iraun zuen kultura baten adierazpenak dira, dudarik gabe. Behe Paleolito garaitik bizi izan da jendea Sastarrainen: Irikaitzen, Behe Paleolitoko aztarnak daude; Amaldan, Erdi Paleolitokoak eta geroztikoak; Errailan eta Ekainen, Goi Paleolitotik aurrerakoak. Gutxienez 200.000 bat urtez bizi izan da jendea hor.

Beste kobazulo garrantzitsu bat aurkitu balitz orain, Ekaingoa beste babestu ahalko litzateke?

Baietz uste dut, ez ahal ginen atzeraka joango horretan! Nik uste dut, gainera, denborak argi erakutsi duela Ekainen ondo jokatu genuela. Argirik sartzea ez genuen onartu, eta ezta heldulekurik jartzea ere. Bisitariak onartzen genituen astean behin: sei eta sei, hamabi guztira. Aipatu dudan Leroi-Gourhanek, lehen aldiz Ekainera sartu zenean, esan zuen: «Azkenean, eraldatu gabeko koba bat!». Beste ikerlari askok gauza bera esan du gero.

Eta erreplika egitea proposatu zenuten.

Bai. [Juan Jose] Ibarretxeri oso ideia ona iruditu zitzaion; baita Mari Karmen Garmendia Kultura sailburuari ere. Sosak falta zitzaizkigun, baina. Eskerrak Joxe Joan Gonzalez-Txabarri Gipuzkoako Aldundira etorri zela. Hark egin zuen apustu zuzena eta zorrotza erreplikaren alde.

Ekain ondo zainduta eta seguru dago etorkizunerako. Ekainberriko erreplikari esker, bere funtzio soziala bete du, kobazuloa arriskuan jarri gabe.

Barandiaranekin sartu zinen Ekainera. Hura gabe ulertu al daiteke zure ibilbidea?

Bueno, nik Biologia ikasi nuen, eta genetika gustatzen zitzaidan batez ere, baina alor horretan ikertzekotan Madrilen geratu behar zenuen garai hartan. Hemen ez zegoen ez unibertsitaterik, ez ezer, baina nik hemen egin nahi nuen lana. On Joxemigel urte pare bat lehenago etorria zen berriz exiliotik, lehengo lanari heltzera, eta horrek atentzioa eman zidan. Banekien ikerlari ona zena, eta harengana joan nintzen. Hain zuzen ere, Lezetxiki kobazulora [Arrasate, Gipuzkoa]. 68 urte zituen ezagutu nuenean; 1958a zen. Orduan esan zidan aztarnategietako animalien hezurrak inork ez zituela aztertzen.

Eta arkeozoologian espezialdu zinen.

Bai. Osteoteka bat egitea izan nuen lehen lana. Alemaniara joan nintzen espezializazio hori egitera. 1960an, Manuel Laborde industrialak Marizulo kobazuloa aurkitu zuen Urnietan [Gipuzkoa]. Nekazaritza eta abeltzaintza sortu berriak ziren garaiko —Neolitoko— kultura baten aztarnak aurkitu genituen han. Giza hezurdura oso bat zegoen, eta, aldamenean, zakur batena, bururik gabe; baita hiru hilabeteko arkume batena ere. Artzain hura hil zenean, bere zakurra hil eta aldamenean lurperatu zuten. Baita bere artaldeko arkume txiki bat ere. Halaxe, arkeozoologiak gauza asko erakusten ditu. On Joxemigelek bide horretara sartu ninduen, zorionez, berez genetikarena baino apalagoa iruditu arren.

Paradoxak zer diren, genetikak gaur pisua du arkeologian ere.

Horren adibide da, bai, berriki Errailako kobako aztarnekin lortutakoa. Zestoan dago, Ekaindik ordu eta erdira oinez. Errailan aurkitu genuen kanido beso-hezur baten zatia, 15.000 bat urtekoa. Zakurrarena bazen, Europan ezagutzen zen zaharrena zen. Aditu gehienek uste zuten zakurrarena zela, baina zalantza genuen Cuon izeneko beste kanido batena ote zen. DNA frogek argitu berri digute: zakurrarena da. Horra hor genetika. Kontxi de la Rua EHUko katedradunari esker jakin dugu hori. De la Ruari esker datatu berri digute, baita ere, Lezetxikiko giza beso-hezurra, uranioaren bitartez. Gutxienez 164.000 urte ditu hezur horrek. Ez da sapiens; Homo heidelbergensis da, neanderthal aurrekoa.

Neanderthal parte bat ere badaukagula dio genetikak.

Homo sapiens eta neanderthal gurutzatu zirela argi dago orain. Gu hasi ginenean erabat aparteko adar gisa aipatzen ziren.

Hasi zinenetik, izan ere, makina bat aldatu dira arkeozoologia eta paleontologia osoa, tresna eta teoria aldetik.

Ekainen bertan, esaterako, 2008tik 2011ra bitartean egin ditugu azken indusketak, fotogrametria-eta erabiliz. Teoria aldetik ere azken indusketek emaitza berriak eman dizkigute. Azken eta Lehen Madeleine aldiaren arteko beste geruza bat aurkitu genuen, adibidez, Erdi Madeleine garaikoa. Lehendabiziko azterketetan oharkabean pasatu zitzaigun, eta hor ebaki bat aurkitu genuen, izugarri ederra: bisonte baten saihets-hezurrean ebakia egin eta hegazti bat errepresentatu zuten. Isturitzen [Nafarroa Beherea] badira halakoak. 14.000 urte ditu ebakiak, datazioaren arabera. Isturitzekoek ere bai.

Dena aurkituta dagoela ez ote duen uste jendeak...

Bada, ez da horrela. Ekainen bertan, erreplika egiten ari ginela, hainbeste ikerlari hainbeste aldiz egonak ginen han lehendik, eta margo gehiago aurkitu genuen. Bat, bereziki harrigarria: bulba bat, alu bat, zaldi multzo handia dagoen lekuan, erdi-erdian. Harriaren beraren zartadura bat baliatuz, barrua gorri-gorri margotua du. Koro Mariezkurrenak aurkitu zuen. Analisi bat egin dugu, eta ondoko zaldia margotu zuenak margotu zuen. Orain dela gutxi, irudi gehiago aurkitu dituzte Ekaingo iturri aldean.

Errenteriako [Gipuzkoa] Aizpitarten ere espeleologoek irudi batzuk aurkitu dituzte. Harrigarriena, baina, Lekeitio [Bizkaia] ondoan aurkitu duten Armintxeko koba da: grabatuak ditu, eta zoragarria da. Hor lehoi bat ere badago.

Beharbada orain ez dago lehen adinako zaletasuna gauza hauetarako, baina asko dago aurkitzeko eta aztertzeko oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.