Eraldaketaren bozgorailu

Antxeta irratiak ekonomia sozial eta eraldatzaileari buruzko saio bat egiten du bi astean behin

BDS Koopeko kide batzuk, Irunen. GARI GARAIALDE.
jakes goikoetxea
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Tokiko garapena sustatzeko guneak, prozesuak eta estrategiak sortzen dituen kooperatiba bat; arkitektura estudio bat; telekomunikazio operadore bat; elikadurarako kontsumo elkarte bat; baratze kooperatibo bat; berdintasuna eta generoa ardatz hartuta, komunitate proiektuak lantzen dituen elkarte bat; gorputzak erdigunean dituzten programak garatzen dituen talde bat, eta irrati bat, Behe Bidasoko Antxeta irratia: horiek guztiek osatzen dute BDS Koop Eraldaketa Fabrika, Behe Bidasoan ekonomia eraldatzailea eta tokiko garapena sustatzen duen elkartea. Partekatutako leku bat ere bada, egoitza bat, lanerako gune bat, eta Irunen dago (Gipuzkoa).

Horiei guztiei eta, haien bidez, ekonomia sozial eta eraldatzaileari ahotsa ematea erabaki zuen Antxeta irratiak: gaiari buruzko programa bat egiten du bi astean behin, asteartetan, 13:00etan. Saioaren izenak haren izana erakusten du: Eraldatuz.

Antxeta irratia BDS Koopeko kide egin zen; estudio bat ere badu bertan. «Pixkana-pixkana, ekonomia sozial eta eraldatzailean murgiltzen hasi ginen, eta pentsatu genuen leiho bat zabaldu behar geniola gure programazioan», azaldu du Aitziber Zapirain Antxeta irratiko koordinatzaileak.

Iazko maiatzetik aurrera egin zituzten gaiari buruzko saio batzuk, baina irailetik aurrera hasi zen maiztasun finkoarekin. Saioa, beraz, COVID-19aren izurrite betean hasi zen, eta bat egin du izurrite osteko gizarte ereduaz sortu diren kezkekin. Zapirainek dioenez, «Normaltasun berria-eta aipatzen dira, baina guk nabarmendu nahi dugu kezka horiek iraunkorrak izan behar direla».

«Kostata, baina posible da»

Saioaren helburuetako bat zera da, ekonomia sozial eta eraldatzailean lanean ari diren Behe Bidasoko kooperatibak ezagutaraztea. Ez hori bakarrik; bakoitzak bere esperientziaren berri emanda, joera zabaldu eta indartu nahi dute: «Batzuentzat, amets bat izan daiteke halako zerbait sortzea; gauzaezina dela pentsa dezakete. Erakutsi nahi dugu, belaunaldi berriei batez ere, kostata, baina posible dela».

BDS Koopeko kide izateak eta ekonomia sozial eta eraldatzailean sartzeak ez du eragin soilik Antxetak horri buruzko programa bat egitea: irratiaren «edukietan eta balioetan» zehar-lerro bihurtu da. «Orain arte, eraldaketaz hitz egiten genuenean, batez ere berdintasuna, feminismoa... aintzat hartuta egiten genuen», zehaztu du Zapirainek. «Gaur egun, berriz, saiatzen gara kontsumo ohiturak aldatzen edo ezagutarazten».

Kooperatibek Antxeta irratian ez dute Eraldatuz saioaren leihoa bakarrik: hainbat gai lantzeko orduan ere haiengana jotzen dute.

«Sinergia pila bat sortu dira», Zapirainen esanetan. «Nik gaur egun ez dut irudikatzen Antxeta irratia BDS Koopetik kanpo. Asko galduko genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.