Zientzia

Ezkiak, kutsadura neurgailu

Trafikoaren eta kutsaduraren arteko harremana ikertu dute Nafarroako Agrobioteknologia Institutuan, baina metodo berritzaile bat erabili dute: ezkien hostoetan metatutako metal astunen kontzentrazioen bitartez egin dute neurketa. Orain, lanean jarraitzeko finantzaketa bila hasi dira.

Trafikoak airearen kalitatean duen eragina aztertu dute Nafarroako Agrobioteknologia Institutuan. Irudian, Iker Aranjuelo, David Soba eta Angie L. Gamez ikerlariak. IÑIGO URIZ / FOKU.
Nagore Arin.
2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Ibilgailu motordunek herri eta hiriak hartuta dituzte, eta jakina da lotura: motordun ibilgailuek airea kutsatzen dute. Milaka ibilgailu ibiltzen dira aurrera eta atzera, egunero-egunero, Euskal Herriko herri eta hirietako kaleetan eta errepideetan. Ibilgailuen kutsadura horrek inguruko izaki bizidun guztiak kaltetzen ditu, gizakiak barne. Baina ez da kutsadura ikusgarria izaten. Horrek zailtasun ugari eragiten ditu herritarrek kutsadura horri neurria hartzeko.

Badira neurgailuak herri eta hirietako kutsadura neurtzeko, garraioarena barne. Ohiko metodo horiez gain, ordea, badira metodo bitxiagoak eta bereziagoak trafikoak airearen kalitatean duen eragina neurtzeko; horrelako neurketak egiteko ohikoak ez diren metodoak, baina eraginkortasun eta fidagarritasun maila berbera duten metodologia berritzaileak.

Iker Aranjuelo IdAB Nafarroako Agrobioteknologia Institutuko ikerlariak erabili du sistema berezi horietako bat. IdAB Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiaren eta Nafarroako Gobernuaren zentro mistoa da.

Aranjuelok trafikoaren eta kutsaduraren arteko lotura aztertu du, beste ikertzaile batzuekin batera; baina, zuhaitzak, ezkiak Tilia, erabili ditu neurgailu edo adierazle gisa. Ezkiek adaburu biribil, hosto zabal eta horzdun ugari, eta lore usaindun asko dituzte. Euskal Herrian, herri zein hiri askotan ikus daitezke, eta, hain zuzen ere, arrazoi horrengatik hautatu du neurgailu gisa ikertzaile taldeak.

Baina, nola neurtu dute kutsadura ezkietan? Zehazki, zuhaitzaren hostoak aztertu dituzte, eta hosto horietako bakoitzak duen metal astunen kontzentrazioa zehaztu. Bestelako neurketa konbentzionaletan ez bezala, kasu honetan, ikertzaileak metal astunen presentzian ardaztu dira, eta horiek ere arriskutsuak direla nabarmendu dute.

Metal sorta zabala neurtu dute: aluminioa, artsenikoa, berilioa, bismutoa, kadmioa, kobaltoa, kromoa, kobrea, burdina, lantanoa, litioa, manganesoa, molibdenoa, nikela, beruna, rubidioa, antimonioa, selenioa, estrontzioa, titanioa, banadioa eta zinka.

Aranjueloren hitzetan, neurketa konbentzionaletan askotariko gasak neurtzen dira: «Normalki, ez dituzte metal astunen kontzentrazioak neurtzen: askotariko gasak eta partikula ugariak neurtzen dituzte. Metal horiek ere partikulen multzoan sartzen dira, lotura dute, baina ez dituzte zehazki horiek neurtzen». Hori dela eta, metal astunak ere neurtzeko beharra ikusi, eta ikerketa prozesu bat abiatu zuten. Duela hiru urte inguru hasi ziren, eta adierazi duenez, helburu garbi bat zehaztu zuten hasieratik: «Gizarteari erakutsi nahi genion norberaren bizimoduak eta trafikoak eragin zuzena dutela airearen kalitatean».

EHUko ikerlari zein irakasle talde batekin elkarlanen egin du ikerkuntza, eta, besteak beste, Zientzia eta Teknologia fakultateko Txema Becerril, Raquel Esteban eta Karmen Gonzalez irakasleekin egin du lan. Horiekin batera, David Soba eta Angie L. Gomez tesi ikerlariak ere aritu dira proiektuan.

Kutsadura neurtzeko modu etxetiarra edota tradizionala dirudien arren, metal astunen presentzia zuhaitzen eta landareen bidez neurtzeak onura ugari dituela azaldu du Nafarroako Agrobioteknologia Institutuko ikertzaileak: «Erakundeen neurgailuek arazo bat dute: eremu zehatz batzuetan daude. Iruñean, adibidez, puntu gutxi batzuetan soilik daude, eta puntu horiek ez dira nahikoak hiriaren analisi orokorra egin nahi bada. Zuhaitz eta landareak, berriz, naturalki banatuta daude hirian, eta ez dute ia gasturik».

Hala eta guztiz ere, ez du ezbaian jarri neurgailu konbentzionalen eraginkortasuna, eta bi metodologiak mantentzearen eta erabiltzearen alde agertu da: «Nik uste dut bi moduak mantendu daitezkeela; izan ere, gasen higidura uniformeagoa izan daiteke, eta, kasu horretan, lagungarriak izango dira erakundeen neurgailuak. Metal astunen eta partikulen kasuan, berriz, ez da hori gertatzen. Kutsadura puntutik zenbat eta hurbilago, metal astunen kontzentrazioa orduan eta altuagoa izango da, eta alderantziz».

Ezkiak, «hautu sinple bat»

Eta, zergatik ezkiak? Zergatik ez beste zuhaitz edo landareren bat? Aranjueloren esanetan, «hautu sinple bat izan da». Praktikotasunari lotuta hautatu dute, garbi baitzuten zer hiritan egin nahi zituzten neurketa horiek, eta toki horietan guztietan errepikatzen zen zuhaitz edo landare bat hautatu behar zuten halabeharrez: «Leku guztietan zegoen bat hautatu behar genuen... Gainera, beste ezaugarri bat ere bete behar zuen: trafiko asko zegoen eremu batean egon behar zuen. Landa lana egin, eta bi zuhaitz nabarmentzen zirela ikusi genuen: bananondoak eta ezkiak».

Bi zuhaitz horien artean, ezkien alde egin zuten: «Bananondoak ezkiak baino hosto gogorragoak ditu, eta hori ez zen lagungarri izango lan prozesuan; beraz, ezkiaren alde egin genuen». Besteak beste, Bilbon, Gasteizen eta Muskizen (Bizkaia) egin dituzte neurketak, eta hiru udalerrietan ezkien bitartez egin dute datu bilketa. Neurketa egin ostean, espero zutena berretsi dute: Bilboko kaleetan izan dute metal astunen kontzentraziorik altuenen berri. Mailarik baxuena, berriz, Muskizen jaso dute. Neurketa horiek eginda, ikerkuntzarekin jarraitu nahi duela esan du ikertzaileak, eta finantzaketa bila hasi dira.

Lan prozedura mintzagai, hostoak hamabostean behin jaso dituzte. Behin hostoak jasota, paperezko poltsatxo batzuetan gorde behar izan dituzte, eta horiek lantokira eraman. Han, estufa edo berogailu deituriko gailu batzuetan sartu ohi dituzte, hostoak guztiz lehortu arte: «Hor uzten genituen 48 orduz, 60 gradutan gutxi gorabehera. Bestela, usteltzen hasten dira».

Hostoak lehortu ondoren, beste tresna bat erabili dute: «Bolen errota deituko genioke tresna horri. Hosto zati txikiak barruan sartu, eta lagin guztiak hauts bihurtzen ditu. Kutxatila bereziak dira; normalean, burdinazkoak izan ohi dira, baina kasu honetan, ez ditugu horrelakoak erabili, lagina ez kutsatzeko».

Behin hauts horiek lortuta, ICP-MS deituriko urratsaren txanda da. Taula periodikoko elementuak zehazteko eta kuantifikatzeko gai den teknika bat da, eta, kasu honetan, hosto horietan metatutako metal astunen kontzentrazioen soslaia ematen du. Datuak jasota, azken urratsa: «Datu horiekin analisi estatistikoak egiten ditugu, interpretatu egiten ditugu, korrelazioak zein diren zehaztu... Gero, bildutako emaitza guztiak irudietan, tauletan eta grafikoetan jasotzen ditugu». Eta puntu horretara iritsita, jadanik prest daude jendeak interpretatzeko.

Kontzientziak piztu nahian

Aranjueloren aburuz, gehiago erabili beharko litzatekeen teknika interesgarri bat da kutsadura zuhaitzen eta landareen bidez neurtzearena. Datu garrantzitsuak lortzen direla uste du, eta datu horietatik abiatuta erabaki eraginkorragoak har daitezkeela: «Lehen neurketa bat egin eta emaitza horiek aztertzen badira, erabaki eraginkorragoak har daitezke. Besteak beste, hiriko punturik txarrenen zerrenda egin daiteke, eta gune horietan ardaztu testuinguru horri buelta eman eta komeni den etorbideetan eta kaleetan konponbide egokiak proposatuz».

Konponbideak azpimarratu ditu; izan ere, ikerkuntza honetan zerbait baieztatu badute, izan da trafikoak eta airearen kalitatean duen eragin negatiboak gizakiengan arrisku handiak eragiten dituela: «Berretsi dugu trafikoak eta jendearen kontzentrazioak eragin zuzena dutela airearen kalitatean eta kutsaduran. Bereziki, hiri handietan igartzen da. Finean, garraio pribatuaren erabilera handiak arazoak sortzen ditu, eta arazo horiek guztiak urtez urte pilatzen joaten dira gure inguruan».

Pilatzen, pilatzen dira, baina ez modu ikusgarrian. «Ikusten ez denez, ez gara jabetzen dituen ondorioez. Plastikoarekin ere gauza bera gertatzen da: izurdeak plastikoz inguratuta ageri diren argazkiak oso tristeak dira, bai... Baina, zer gertatzen da mikroplastikoekin? Horiek ez dira hain erraz ikusten, eta aztertzen hasten bazara, hondamendi hutsa da».

Horregatik, garaiz erreakzionatzearen beharraz mintzatu da: «Erakundeak nahiko motel dabiltza; zerbait gertatzen denean hartzen dituzte neurriak. Triste samarra da, baina zezena aurrean dugunean hasten gara mugitzen». Hala ere, nabarmendu du zerbait egiten hasi dela azken urteotan: «Nafarroako Gobernuak, adibidez, badu bizikletentzako errail bereziak sortzeko proiektu berri bat. Garbi dudana da jendeari azaldu egin behar zaiola; neurriak azalpenik gabe baldin badatoz, jendeak ez ditu ongi hartzen, eta jendeak ulertu egin behar du arrazoi asko daudela erabaki horien atzean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.