Tonban ehortzirik (IV). Marga Andurain

«Munduko prentsak hila nintzela erran zuen, baina bizirik nintzen»

Baionan jaioa, Ekialdea egin zuen etxe. Kairo jo zuen lehenbizi, ingelesen Inteligentzia Zerbitzuentzako lanean jardun zuen, Palmiran laketu zen, Andurain senarra dibortziatu eta beduinoa hartu zuen gizonezko Mekara sartzea gogoan hartu nahirik... Preso hartu zuten Jiddan (Saudi Arabia), eta hiltzat jo Europan, irakurriko dugunez...

Andurain senar-emazteak. ANDURAIN BILDUMA.
Miel Anjel Elustondo
2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
bihotza kargaturik
begiak bustirik
eta zure alaba
[harri zuri finezko]
tonban ehortzirik

1933ko maiatzekoa da egunkaria, L'Orient, frantsesezko kazeta Beiruten. Egunaren zehaztapenik ez da, baina hilaren 11koa behar du, inondik ere...

'Epilogo tragikoa'

«Anduraingo kondesa urkatu zuten atzo Mekan. Gaur, astekazken goiza, handixetik heldu zaigun mezu labur bezain zehatz batek dio atzo goizean epaiketa sumarioa egin ziotela Anduraingo kondesari, hiltzera zigortua izan zela, eta berehala urkatu zutela.

»Ikerketa egin eta gero, aferaren gaineko xehetasunak emateko egokiera dugu.

»Anduraingo kondesa frantziarra da. Duela bi hilabete Damaskora meharitar [afrikar soldadu] musulman batekin batera heldu zelarik, bere burua aurkeztera joan zitzaion Abdal Rauf xekeari, hots, Siriako hiriburuan Nayad-Hiyazeko kontsul denari.

»Kondesak kontsulari azaldu zionez, meharitarrarekin esposatu nahi zuen, eta ezkontza kantzilertzan erregistratu; legezko pasaportea eskuratu ahal izateko, ororen buru. Kontsulak, berriz, kondesari esan zion biharamunean itzultzeko. Bien bitartean, aferaren gaineko ikerketa burutzeko agindu zuen. Jakinarazi ziotenez, emakumea espiotza franko britainiarraren agente zen... Agindu bezala, hurrengo egunean kondesa kontsulari itzuli zitzaionean, hark esan zion damu handia zuela,baina ez zuela eskari hura bideratzerik.

«Andurain andereak ez zuen etsi. Palestinara joan zen, eta kontsul puskaz atseginago bat aurkitu zuen Haifan; erran delako kontsul hark gogo guztiak bete zizkion emaztekiari.

»Bestalde, kondesari agur esanagatik ere, gorago esan dugun Abdal Rauf xekeak, pentsatuko duzuenez, txosten zabal bat igorri zion Nayad-Hiyazeko sultan Ibn Saudi, kondesaren eskariaren bitxia azpimarratuz.

»Orduko, Ibn Saud sultana aferaren jakinaren gainean zegoen

»Bestalde, duela hamar egun, Mekatik heldu albisteek esan zuten kondesa hitzarmenezko ezkontidea pozoitzen ari zela harrapatu zutela, atxilotu egin zutela, aldean poltsatxo bat atzeman ere ziotela, barnean pozoi azkar bat zeukala…

»Honenbestez, epaiketa sumarioaren berri eta Anduraingo kondesaren exekuzioaren albiste ematen duen telegrama ez zaigu bidaldi arriskugarri eta goiti-beheiti handiko baten epilogo mingarria baizik.

»Egiaz hil ote du kondesak senarra, zenbait iturrik dioten moduan?

»Gauza ez dago garbi.

»Odisea honen gainean azaldu ditugun zirkunstantziak aintzat harturik, haatik, badirudi gertakizunak modu honetara gertatu ahal izan zirela: wahabiar [islamaren sekta] poliziak erran delako meharitarra hil izango zuen, eta hiltze hori, berriz, atzerriko espioi zangarrari egotzi, hots, Anduraingo kondesari, hartaz liberatu ahal izateko legea eskuan».

'Odisea tragikoa'

Egunkari bera da oraindik, Beiruteko L'Orient, 1933ko maiatzaren 12koa, zehatz, Anduraingo kondesaren aferaren berri irakurleei ematen. «Epilogo tragikoa» zen, batean, «Anduraingo kondesaren odisea tragikoa» da, berriz, hurrengoan.

Eta dio:

«Atzo berri eman genuenez, Mekatik jasotako telegrama pribatu bat eskuan —zinez nekezia handian deszifratu genuena, zeinu konbentzionalez idatzirik baitzegoen, pentsatuko duzuen bezala—, Anduraingo kondesa sumarioki epaitu eta berehalaxe exekutatu zuten, hitzarmenezko senarra, beduino bat, pozoitzeaz akusatua.

»Oraindik ez dugu gertakizun lazgarriaren baieztapen ofizialik jaso.

»Atzo L'Orient-ek lau ertzetara zabaldutako berriak inpresio sakon eta eten mingarria eragin ditu bazter guztietan ere. Pentsatu nahi dugu, halaxe da egia, Mekatik jasotako telegrama ez izatea oker handi bat baizik.

»Zernahi dela ere, berri gehiago bildu dugu atzoz gero, eta horiek pentsarazi digute Mekako albistariak islameko hiriburuan bili-bolo ibili den zurrumurru baten berri eman zigula, besterik gabe, xehetasun berriak baititugu.

»Albistea eskuan, esan ahal dugu tragedia, halakorik izan bada, inondik ere Jiddan gertatu dela, eta ez Mekan.

»Zerutik jakina da lege wahabiak islama besarkatzen duen giristino oro urte bat zain egotera behartzen duela, Mekara bidaldia egin ahal izan dezan baino lehen.

»Anduraingo kondesak ez ote zekien, bada, hori? Edota, bestela, lehenbailehen joan nahi ote zuen islamaren toki sakratu Kaabara, ezagutzen ez ditugun arrazoiak tarteko?

»Kontua da gure bidaiari kondesak Jiddan gelditu behar izan zuela, eta hantxe aurkitu zutela bere fikziozko senarra, beduinoa, hilik.

»Erantsi dezakeguna da hilotza hartu eta Egiptora igorri zutela autopsia egin ziezaioten. Laborategiko adituen ikerketaren emaitzak ez du Jiddara heltzeko denbora materialik izan, telegramaz igorri ez badute, bederen, nahiz hori oso dudazkoa den... eta, aldi berean, guztiz egiantzeko eta sinesgarri.

»Dudazkoa, batetik, hein horretako larritasuna duen gertakari baten txosten medikuak baitezpadakoak, ezin utzizkoak dituelako nahi beste azalpen eta zehaztasun... Egiantzeko eta sinesgarri, bestetik, wahabiar agintariek nahi izan diotelako jendeari biktimaren nortasuna zein den ikusirik, lehenago ere ongi aski ezagutzen dugu haien jokamoldea, gertakari burutu bat erakutsi eta, gisa horretara, inolako esku hartze diplomatikoa galarazi.

»Hortaz, Ibn Saudeko polizia bera ageri da susmagarritzat, eta ez arrazoi faltarik gabe:

»Datu kezkagarriak dira haien kontra:

»Lehenik, Damaskoko Nayad-Hiyazeko kontsularen gaztigua, oharraraziz, arrazoiarekin edo arrazoirik gabe, 'indikatzaile' baten etorreraz, adieraziz pozoia daramala eta gezurrezko senar bat, berriz, ondoan.

»Bigarren, Damaskoko kontsularen bat-bateko abiatzea eta Egipto aldera itsasoz ontziratzea 'frantziarraren' exekuzioaren bezperan doi.

»Hirugarren, Jiddako wahabiar agintariek kondesari sarrera galarazi ordez, hirian geldiaraztea, legez aurreikusitako erran delako urtebeteko epearen aitzakian.

»Esan hauengatik ere, hainbat berri eta datu dira saltsan ageri, batzuk eta besteak kontraesanean ez gutitan, eta, hortaz, hipotesi hauek denak ezin daitezke ontzat jo zuhurtziarik handienarekin baizik.

»Egiazko gertakari bakarra da Anduraingo kondesa, gezurrezko senarra pozoitzeaz akusatu zutela, Jiddan kartzelatu zutela apirilaren 21ean eta artean ez dutela liberatu.

»Oroitarazi nahi dizuegu, ez dakienak ere jakin dezan, Anduraingo konde-kondesek bost urte daramatzatela Palmiran bizitzen, Zenobia hotela erosi zutela orduan, eta oraingo egunean eremuko palace luxuzkoa bihurtua dutela eta ospe handikoa dela mundu osoan.

»Beduinoen begietara, Anduraingo kondesa Palmirako gaztelaua da, Zenobiako erregina berri gisako bat. Anduraingo anderea guztiz ezaguna da Siriako mortuan oro, behin eta berriz ibili baitu korri mortu hori, noiz zaldiak erosten, noiz sosa mailegatzen...

»Joan-etorriak errazkiago egite aldera, bestalde, aire-pilotu agiria lortu zuen orain ez aspaldi, baina gobernuak ez dio, haatik, aireko pribatua gidatzeko baimenik eman.»

Marga Andurainen egia

—Kazetak irakurtzen gu Europan eta munduan barna, Mekara joaten inoizko lehen emakumea izan nahirik islamdarra esposatu zenuela— hitzarmenezko ezkontza nahiz maiteminezkoa, zuk besterik ez daki hori—, sumarioki epaitu eta hil zintuztela, 'exekutatu', eta, azkeneko, dena gezurra, libre atera zinen...

—Bai, libre! Libre!... Han berean hilen nindutela sinetsirik nengoenean, libre, azkeneko! Erraten ahal dizut kartzelako ziegan Herio ikusi nuela. Eta, halarik ere, libre utzi ninduten... Bazeneki, libre nintzela erran zidaten orduko korrika eroan abiatu nintzen Jiddako karrika estuetan barna. Batean, ilun karrikak, eguzkia ez zen hara sartzen; bertzean, eguzkiaren distira zerutik, itsutua nintzen kasik! Eskoltarik gabe nintzen, libre, eta Frantziako ordezkaritzara joan nintzen xuxen. Hunkiturik errezibitu ninduen kontsulak.

—Zer gisa kontsularekin?

—Ni bezain harritua zen bera, libre ikusirik ni, azken juiziorik gabe. Jakin-min handiz galdegin zizkidan guztiak, nola nintzen libre, zer erran zidaten… Nekiena baino gehiago jakin nahi zuen hark. Ni, orduko, hatsankatua nintzen, bozkarioan, pozak durduzaturik, ele-meleka kontatu nahinizkion niri gertatuak oro, eta erraten ahal dizut kontsul jaunak ahalak eta leherrak egin zituela erran nizkionak denak har, erran nahi nizkion guztiakxuxen konprenitzeko. Haatik, kadietako kadiak [epaile] errugabe jo ninduela erran nion, poliziaren zuzendaria bera jin zitzaidala ziegara libre nintzela erratera, eta halaxe heldu nintzela Frantziako ordezkaritzara. Kontsulak ez zuen sinesten ahal.

—Ez da aise sinesten...

—O, ez, erran nahi dut hark agiriak nahi zituela, libre nintzela garbiro erakutsiko zuten paperak. Baina nik ez bainuen halakorik batere, den mendrenik ere! Libre nintzela erran zidaten, bertzerik ez. Ez nekien isunik ordaindu behar nuen, edo nire senar Suleimanek ni erosteko ordaindu omen zuen dirua haren familiari itzuli... Ez nekien Ji- ddan gatibu nintzen edo libre nintzen behin eta betiko. Kontsulak erran zidan: 'Jakinarazpen ofizialaren zain izanen gara'. Eta holaxe. Loriatan iragan nuen eguna. Orduan baizik ez nintzen ohartu zein eder den libertatea, zein eder zibilizazioa.

—Zibilizazioa?

—Baiki. Zinez eta minez, heriotza dastatu nuen, bakarrik bizidunak dastatu dezakeen heinean. Oroit naiz helmenean nituen gauzak oro ukitzen hasi nintzela, haizeaz bertzaldeko mundutik baletoz bezalakoak zitzaizkidan. Egun hartan, alegriantzak eta arraitasunak eguzkiak lainoa bezala haizatu eta barreiatu zizkidaten ordu arteko atsekabeak. Borborka irakiten neukan burua. Ehunka ideia zetozkidan gogora:azoketara joan eta ahal bezainbat oroigarri eraman nahi nituzkeen, nire Sett Kebir laguntzaile preziagarriari eskerrak errendatu nahiko nizkiokeen. Baina herriko etxeak ez zuen nahi azantzik ez harrabotsik Jiddako karriketan, eta azoketara ez joateko galdegin zidaten. Ilunarekin baizik ez nintzen itsaso ondoan promenatzera menturatu.

—Ezagutuko zintuzten beldurrez?

—Bai... Ez neraman beloa, uste bainuen ez ninduela nehork ezagutuko. Baina, kartzela aitzinetik iragatean, zaindari izan nituenak agurtu nahi izan nituen lotsa izan gabe badakizu, beldurrik gabe, erran nahi dut, adiskidetsuki, baina haiek nire jestuak ukatu zizkidaten, nire eginak arriskuz beteak eta desegokiak baitzitzaizkien. Diskrezioa beharko nukeen, baina loriatan nintzen eta ezin nire baitako sukar ero hari eutsi.

—Jaso zenuen inoiz libre zinen agiririk?

—Bai. Azkeneko, kontsulak Jiddako emirra deitu zuen kadiak emandako epaia galdeginez, irakurri ahal izateko. Kontsulatuan mendi bete paper jaso zuten nire kasuaz. Bertzeak bertze, bateko eta bertzeko egunkariek franko idatzia zutela ikusi nuen. Harritua nintzen, kasik izutua, Siriako eta Egiptoko egunkarietan irakurri nituen fantasiazko hipotesiak ikusirik! Eta, haien ondotik, Frantziako, Ingalaterrako, Italiako, Alemaniako, Amerikako [AEBak] eta Estoniako prentsak nire heriotza iragarriaren kronika idatzi zuten. Munduan lau bazterretako prentsak hila nintzela erran zuen, baina bizirik nintzen.

—Zer sentitu zenuen hila zinela irakurri zenuelarik?

—Batzuek idatzia irakurri, eta urkatu nindutela sentitu nuen. Bertze batzuek, nirekin betiko harrika hiltze klasikoa egin zutela. Zuk Beiruteko egunkari L'Orient ibili duzu iturri, eta jakin beharko zenuke kazeta horixe izan zela kalumniatzar haiek idatzi eta gero, gibelera egin ez zuen bakarra. Demanda jarri nahi nion epaitegian, auzi-eskea, baina Frantziako gobernuak Parisen atxiki ninduen eta ohartu nintzen garaiko, prentsaren kontrako prozedurari ekiteko hiru hilabeteko epea iragana zen. Arrotz da, eta estrainio: nire irudiko, egunkari horrek berak eman zuen abentura bihurri konprenigaitzaren azalpenik onena...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.