Eguzkiaren printza ilunak harrapaturik

Udazkena iristean badira goibel eta apatiko sentitzen direnak, nahasmenduren bat ere garatu dezaketenak. Urtaroko Nahasmendu Afektiboa du izena fenomeno horrek. Argi naturalaren eskasiagatik gertatzen da hori, baina ez soilik horregatik.

BERRIA.
inaki rubio
Iruñea
2023ko urriaren 11
00:00
Entzun

Hasi dira arbolak horitzen, herabeki bada ere. Eguzkia dirdiratsu dago zeruan, baina izpi oro ez da urre; iritsi da udaren azkena. Askorentzat, melankoliari loturiko sasoia da, maiz kulturalki ere erromantizaturikoa. Baina idealizatzetik urrun, badira goibel eta apatiko sentitzen direnak, nahasmendu afektibo bat ere garatu dezaketenak. Hainbat adituren arabera, eguzkiak gizakiaren organismoan duen eraginagatik gertatzen da hori, baina ez soilik horregatik.

Urtaroko aldaketek gizakiarengan sortzen dituzten aldaketa fisikoak zein psikologikoak ikertu zituen Norman E. Rosenthal psikiatra hegoafrikarrak 80ko hamarkadan, eta zerbaitekin egin zuen topo: udazken eta negu partean sortzen diren depresioak antzeman zituen. Ikerketa bat abiatu eta frogatu zuen hala zela, areago, eguzki argiaren indarra eta iraupena murriztu izana zela horren erantzule nagusia. UNA Urtaroko Nahasmendu Afektiboa deitu zion [SAD Seasonal Affective Dissorder, ingelesez].

Izan ere, argiak eragin zuzena du izaki biologiko guztiengan, artez edo moldez. Besteak beste, bizidunon ohitura fisiologikoak (jan, lo egin, eta abar) markatzen dituen erloju biologikoa erregulatzen du, eta bete-betean du eragina umorean eta aldartean. Argiak garunaren kimika baldintzatzen duelako gertatzen da hori, Maite Elizondo psikologoaren aburuz: «Ikerketa askok baieztatu dute argiak eragina duela garuneko substantzia kimiko batzuengan, serotoninaren eta melatoninaren jarioan bereziki». Beraz, udazkenak dakarren argi aldaketak hormona horien jarioa aztoratzen du.

Ez soilik eguzkia

Argi naturalaren gorabeherak, ordea, ez dira eragile bakarra. Hainbat ikerketatan oinarritu den Trastornos Afectivos Estacionales, 'Winter Blues' txostenaren arabera, nahasmendu multifaktoriala da UNA. Oro har, biztanleen %10ek sufritzen dute nahasmendu hori, datuak zehatzegiak ez badira ere. 20 eta 35 urterekin agertu ohi dira lehen sintomak, eta emakumeei eragiten die gehien, nahiz eta edonork sufritu dezakeen. Hainbat ikerketak baieztatu dute adinarekin urrituz doazela sintomak.

Halaber, txostenak ondorioztatu du UNA duten pazienteek egun eguzkitsu baina hotzak direnak nahiago dituztela, hodeitsuak eta beroak baino. «Tenperatura, beraz, ez da argi naturala bezain erabakigarria». Dena den, tenperatura horiek muturrekoak badira, akidura sor dezaketela azaldu du Elizondok.

Halaz ere, baldintzatzaile nagusia psikologikoa omen da: «Aldaketa fisiko horiek nola hautematen eta kudeatzen diren, hortxe dago koska». Izan ere, baliabide psikologikoak berebizikoak izan daitezke, kanpo faktore horiek baino «anitz gehiago». «Erabakigarria da zailtasunen aurrean nola erreakzionatzen dugun».

Arazoaz jabetzeko, ordea, badira hainbat adierazle. Max Ibarrola Argibide fundazioko psikologoaren iritziz, depresioari loturiko sintoma batzuk ager daitezke, tristura eta antsietatea, kasurako. Ordea, ezinbestekoa da horiek udazkenean edota neguan agertzea, eta udaberri partean arintzea, «bestela, ez da UNA». Izan ere, horixe da eritasun horren ezaugarri nagusia, urtaro patroia. «Horixe da beste nahasmenduetatik bereizten duena», erantsi du.

Alta, «hitz handia» da depresioa, Elizondoren irudiko. «Garrantzitsua da bereiztea zer diren sintoma batzuk eta zer den nahasmendu bat garatzea». Izan ere, sintoma horien maiztasuna eta kopurua dira gakoak: «UNA diagnostikatzeko, ohikoak diren bi sintoma baino gehiago behar ditu pazienteak. Ez da berdin lau egunez triste egotea, edo hiru hilabetez». Orobat, ohikoa da goibel edo apatiko sentitzea udazkena datorrenean, «baina horrek ez du esan nahi UNA izatea».

OME Osasunaren Mundu Erakundeak, ordea, ez du nahasmendutzat hartzen, eta ez da ageri haren izendegi ofizialean. Nolanahi ere, Gaixotasun Mentalen Diagnosi eta Estatistika Eskuliburuak aintzat hartzen du. «Ez da kategoria nosologiko bat; urteko sasoi jakin batean agertzen diren gertakari depresiboak dira», dio Ibarrolak. Elizondoren aburuz, ordea, oinarritzen diren ikerketen arabera hartzen dute edo ez nahasmendu propiotzat. Are gehiago, UNA ez da depresioa harentzat, sintoma komunak izan ditzaketen arren: «Udaberria datorren heinean arindu daitekeen zerbait izan daiteke, horregatik bereizketa egiten du eskuliburuak, eta, horregatik, OMEk ez ditu kontuan hartzen».

Ordea, badira nahasmendua erregulatzen duten tratamenduak. Ibarrolaren aburuz, diagnostiko egoki bat egitea da lehenengo pausoa: «Lehenengo gauza da jakitea UNA den edo ez, tratamendu egoki bat aplikatzeko». Behin diagnostikoa erabakita, hainbat sendabide aplika daitezke. Ezagunena, fototerapia edo argi terapia da. Metodo hori eguzkiaren argia simulatzean datza. Horretarako, lanpara edota solariumetako kutxen antzekoak erabiltzen dira, pazienteak duen argi defizita orekatzeko.

Batzuetan, baina, argia erabiltzea ez da nahikoa izaten, eta psikologoek psikiatrarenera bideratzen dituzte pazienteak, tratamendu farmakologikoa jaso dezaten. Maite Elizondok azaldu duenez, sintomak larriak direnean soilik jo behar da bide horretatik. «Eguneroko errutinak egiteko gaitasunik eza, esaterako, sintoma larria izan daiteke; ohetik ezin altxatu, higiene falta...». Dena den, sendagai kimikoen erabileraz ohartarazi du. «Bada joera bat edozein aitzakiarekin medikamentuak hartzekoa, eta hori ez da osasuntsua».

Pilulak pilula, prebentzioa da gakoa Elizondorendako. Horretarako, norberaren ezagutza ezinbestekotzat jo du, nahasmenduaren kirtenari nola heldu jakiteko. «Baldin badakit udazkena iristean kanpo faktore horiek ezegonkortuko nautela, kontziente banaiz, kontra eragileak sortu ditzaket, egoera kudeatu eta erregulatze aldera».

Ilunari, argia

Norberaren esku dago, beraz, aurrera egitea. Europa iparraldeko herrialdeetan, esaterako, argi falta handia dute urtaro batetik bertzera, eta ohikoak dira klimari loturiko nahasmenduak. Ordea, jabetu dira zaurgarritasunaz, eta bilatu dituzte irtenbideak. Ane Plissonneau Norvegian izan da lanean urtebetez, eta sumatu ditu aldaketa anitz, «bertakoen aldartean» bereziki. Zerbaitek harritu zuen, ordea: «Norvegiar guzti-guztiek zuten bakailaoaren gibelarekin egindako olio moduko bat, hainbat bitaminatan aberatsa. Egunero hartzen zuten zurrutada bat, eguzki falta orekatzeko».

Euskal Herrian ere bada erresiliente klimatikorik. Lizarraga Ergoienan (Nafarroa), ez da eguzki izpirik iristen herriko erdigunera, urritik martxora. Sei hilabetez itzalak hartzen ditu, eta horrek eratu du izaera berezia bertakoen artean, kondairak dioenez. «Katxondeoa» besterik ez da, Xabier Senar Ergoiena kontzejuko presidente ohiaren ustez. Presidente zelarik jarri zuten Mikrosarea proiektua martxan. Garestiegia zen argia hainbertze egunez pizturik edukitzea, eta proiektu berritzaile bat jarri zuten martxan. «Euri ura metatu eta maldan gora-behera mugitzen ditugu turbina batzuekin, energia sortuz». Turbina horiek, herriaren kanpoaldean dituzten eguzki plaka batzuekin mugiarazten dituzte. Diru asko aurrezten dutela erran du Senarrek. Eguzkia eta euria baturik, premia bertute egin dute, argia eta iluna adiskidetuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.