Tonban ehortzirik (II). Robert Laxalt

«Harrigarriki, artzain izateari ez nion erdeinu txarrik erakutsi»

Ez zegoen herenaitaita-amamen jatorri ezkutukoaren bila ibili beharrik. Euskaldunak ukan zituen guraso biak Robert P. Laxaltek (1923 - 2001), Nevadako (AEB) idazle aipu eta sona handikoenak. Carson Cityko hilerrian datza, baina altxatu da, ilki tonbatik, eta bizian ohi zuen bezain gozo mintzatu zaigu hilean, haurtzaro gazi-gozoa harturik aberri.

Robert Laxalt idazlearen hilobia Carson Cityko hilerrian (Nevada). ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Carson City, Nevada (AEB)
2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Harri zuri finezko
tonba handi ederrean
zizelatua gotorki
hau zuen utzi

Oroitzen naiz noizbait kontatu zenigula zure lehen oroitzapen hura...

Ene lehen oroitzapena da amaren belaunetan nagoela, bainugelan hetsia. «Komuna» esaten zen orduan. Ama arrosarioa erraten, zeruari erreguka, eta guri, bere sei haurroi, fitsik ez errateko erraka, prohi-ak gisa horretan izendatuak baitziren polizia berezi haiek, inguruan zirela. Prohibition deitu debeku aroa indarrean zen, eta gurasoek laurden bat whisky zuten gordea ostatuaren komuneko ur-biltegi ttipian. Gogoan ditut prohi-en urrats dorpeak hara eta hona dzanba-dzanba jangelako egurrezko zoruaren kontra. Ez zen fitsik agitu, eta prohi-ak airatu zirelarik, ama sukaldera itzuli zen eta gu, berriz, atzeko patiora irten ginen jolasera. Horrek botilari egin gintuen hanitxen aburuz, erran nahi baita, gizarte maila apaleneko kide. Haatik, ez nuen konprenitzen ahal diferentzia: guk whiskya zerbitzatzen genuen gure French Hotelean; haiek, estatuko gobernadorearen etxe dotorean bizi zirenek eta auzitegi goreneko eraikin handietan lan egiten zutenek, erosi.

«Botilari» zineten, whisky saltzaile...

Baina gu ez baikintuzun alkohol saltzaile! Ostatuan whiskya zerbitzatzen genuen, ez besterik. Haatik, eskolan, gelakideek «botilari» deitzen gintuzten, eta akusazio azkarra zenuen hori, ahalkegarri zen. Batetik, beren sosa whiskytan galtzen zuten gizonen seme-alabak zenituen. «Botilari» nintzela egozten zidatelarik, nire masail gorrituek betiko kolore ederra galdu eta esnearen zuria hartzen zuten. Kriminalik gaiztoenaren gisara makurtzen nizun burua. Bestetik, apaizaren semeak ere halako behakoa egiten zidan, erranez bezala: «Baina hik nolatan saltzen ahal duk whiskya?». Ni gurasoei zor nintzaien, baina hatsarre hartan ez nuen konprenitzen gurasoek ni ahalkearazteko zuten grina gaizto hura, zeren eta, egiaz eta begiaz, gaina hartzen baitzidan ahalkeak.

Konprenitzera heldu zinen noizbait.

Gure aitak bere burua bortxatua ikusi zuen whiskya saltzera. Zuberoatik Nevadara 16 urtetan jinik, aitak azkarki lan egin zuen, eta ardi, behi eta arrantxo ukan zituen. Aberastu zen. Orduan, krisia heldu zen, Depresio Handiaren aitzineko azienda krisia. Aitak zioen onik zatekeela, ez balitz orduan nehoizko negurik hotzena gertatu, aro dorpeak heriotzara eraman baitzituen bi mila ardi eta arkume Nevadako iparreko desertuetan. Oro galdu zuen aitak, Nash autotzar handi bat baizik. AEBetako gainerateko laborari eta arrantxo-nagusien gisara, dena galdu zuen.

Eta hori zela kausa jaio zinen zu Alturasen (Kalifornia), gurasoak batetik bestera zebiltzala lanean...

Lana harrapakatzea ez baitzen aise Depresio Handiaren garaian! Gure aitak arrantxorik arrantxo ibili behar ukan zuen lanean, Nevadan eta Kalifornia iparraldean. Bodie [Nevada] izeneko herri fantasman bizi gintuzun. Haatik, egun batez, amak «aski da!» erran zuen. Ehun dolar zituengordeak, aitarekin arrantxorik arrantxo zebilelarik sukaldeko lanean irabaziak. Haizeak erranik, jakin zizun ostatu ttipi bat saltzeko zegoela Carson Cityn. Bazizkizun lau ganbara, jangela eta aretoa. Huraxe amaren ametsetako lukainka! Berantetsi gabe, hantxe ezarri zituen bere ehun dolarrak, eta halaxe higitu gintuzun Nevadako hiriburura.

Eta nola izan zen zuen bizia Carson Cityn?

Ama sukaldari abila zen. Pariseko Cordon Bleu sukaldaritza eskolan ikasia zen, eta jende andana etorri ohi zen amaren jana dastatzera. Haatik, haboro behar genuen. Apairuarekin edari pindartsua ez eskainiz geroztik, jendeak beste norabait zihoazen. Egun batez, aitak karrikan harrapakatu zuen sheriffa, eta galdegin zion zertaz ari zen Carson Cityra heltzen ziren jendeak gurera ez beste ostatu batera igortzen. Sheriffak arrapostu eman zion bisitariek tragoa nahi izaten zutela afaldu aitzinetik, eta arnoa, berriz, afaldu bitartean, eta guk ez genuela gisako edaririk ematen. Erraten ahal dut aitak tenoreko erabaki zuela bere burua botilari ezartzea.

Nondik heltzen ahal zen alkohola, izan zedin whiskya, izan zedin arnoa?

Gauez egiten ziren operazioak. Jakile izan ninduzun, zeren eta gau batez operazio haietarik batera joan bainintzen aitarekin tratuaren egitera. Carson City eta Reno arteko errepidean zen puntua. Gaua iluna zen, beltza, Washoe Valleyko arrantxoetako argi urrunak besterik ez ziren ikusten. Gizonak Nikolas zuen izena, bi kutxa whisky eta zenbait arno upel hartu bere kamioitik eta aitaren Nash autotzarrera sartu zituen. Eskudirutan pagatu zion aitak. Eta Carson Cityra itzuli gintuzun.

Noiz arte ibili zineten horrela? Ageriak dira zuen aita Dominiqueren potretak, zahartuxe, artzain Nevadako mendietan...

Alkohola saltzea libro izan zelarik akitu zen hura. Orduan, amak etxea erosi zuen Carson Cityko alderik nobleenean, eta aitak ardi saldoa eta kamioia, eta bizia zuen hartara itzuli zen, betikoz. Handik goitik, «botilari» gabe, «artzain» deitu gintuzten, eta titulu hura ere ez zen gauza gaitza orduko gizartean. Berriz, eskolako kideen txantxa eta burlak pairatu behar ukan nituen. Artzaingoari esker bizi ginen familian, ardiak ematen zigun jaten. Haatik, ez nintzen loriatan. Iduri zitzaidan gurasoek umiliazioa besterik ez zidatela gainean ezartzen.

Aita mendian zen, artzain, eta ama, aldiz, karrikan, ostatuko lanean?

Amak ez zuen aitaren ardi saldoekin ikustekorik. French Hotel hura beste euskaldun batzuei eman zien alogeran. Orduan higitu ginen hiriko alde nobleenera. Baina han ere ez gintuzten besoak eta bihotzak zabalik hartu. Botilariak izanak gintuzun, eta jendeek ez zuten ahantzia. Denbora afera izan zen, eta jende onak ginela egun oroz erakustea, ikasle onak eskolan, bereter elizan, atletak ere onak...

Azkenaz beste, onartuak izan zineten…

Hatsarrean, gure auzoek ez zekiten zer egin gutaz. Carson Cityko bihotzean ginen, eta han bizi ziren familiek denbora handia zuten han. Bestalde, batean anglosaxoiak zenituen; bestean, gure gurasoak, euskaldun immigranteak. Haiek, gorbata jantzirik joaten ziren lanera. Gure aita, Levi's-ak sarturik. Elizan ere, amak frantsesez esaten zituen errezoak. Ni izu nintzen aitagurearen bururatzeko. Orok «Amen» erraten zutelarik, gure amak, «Ainsi soit-il» erraten zuen!

Ez zenuen aita hanitxetan ikusten ahal…

Ezin gutiagotan! Ardietan arrasartu zelarik, okupatua zen gutiz gehienetan. Batean, udako pentze eta alorrak erosi behar Nevadako mendilerroan, ardiendako; bestean, lizentziak erdietsi behar ardiak lur publikoetan bazka zitezen, aitak berak erosiak zituen soro pribatuen artean. Egiaz eta begiaz, Sweet Promised Land (Dominique, artzan xiberotar bat Nevadan) izkiribatu nuelarik, ez nuen gezurrik ezarri paperean. Pentsamendu hanitx ibili nituen, eta urtea baino haboro entseatu nintzen narrazioari behar zen ertzetik heltzen, alferretan. Hartzen nizun papera, ezartzen nizun idazmakinan, hasten nintzen izkiribatzen... eta sarri zen zaramaontzian. Behin eta berriz eta hanitxetan egin nizun. Ez nuen ikusten, ene baitarik landara ari bainintzen behaka izkiribatzen, eta, aldiz, nihauren baitan zen nobela!

Zer erran nahi duzu? Zuhauren baitan zenuen nobela?

Gure aita artzaina zen, mendia maite zuen ororen gainetik, han zuen egin bere bizia... Eta, egun batez, horixe izkiribatu nuen nobelaren hasteko: «Aita artzaina zen eta mendia zuen bere etxea». Eta, mementuko, ohartu nintzen egina nuela nobela. Aski ontsa ezagutzen nuen aitaren mundua, haren parte izana bainintzen, parte ttipi izanagatik ere... Institutura artean ez genion aitari ardietan lagundu ahal. Hazi ginelarik, han gintuzun, aitaren ondoan, ardiak markatzen-eta, sasoiko lanik tzarrenak egiten.

Laguntza galdegin zizuen?

Prefosta! Guk ez genuen nahi lagunek artzain ikus gintzaten, ezta aita artzain genuela jakitea ere. Bazekiten, baina ez zegoen guri egun oroz oroitarazten ibili beharrik. Egun batez, besterik gabe, aitak erran zigun ene anaia gehien Pauli eta bioi gure laguntasuna behar zuela. Sarrarazi gintuen kamioitzarrean eta eraman gintuen ardiak manatzen zituen arrantxorat. Carson Cityko etxetik ilki ginelarik, arroparik dorpeenak genituen jantziak, zer zetorkeen doi-doi ez genekizun, baina asmatzen ahal genuen. Aitaren kamioiaren kabinan sartzean, geure buruak ontsa gorde genituen, adiskideek ez gintzaten ikusi. Bizi nintzeno munduan ez nuen egun hura ahantzi.

Hilik zarelarik ere atxikia duzu oroitzapena.

Ardien markatzeko eguna baitzen, eskualdunak biltzeko tenorea, elgar laguntzeko sasoia. Han zirenhaboroxenak, beren istorioak bata besteari erraten. Odol-besta alimalekoa zen hura. Ardien markatzea zen bata, haiei buztanen moztea eta koskabiloen erauztea, bestea. Anaia eta biok ere buztanen mozten ibili gintuzun, eta moztean, odol xirripa ateratzen zen, norat nahi. Entseatu nintzen ene burua alde batera edo bestera ezartzen, baina debaldetan: purki odolez busti nintzen egun hartan burutik oin zoletaraino. Hiltzailearen aizkora nuen iduri. Ordea, bazen besterik: ardien zikiratzea ere egin behar zen. Baldinba, hura ez zen gure egitekoa.

Idazle aipu eta sona handikoaren gazte ibiliak.

Artzainaren bizitzeko manera zen hura, egun hartan ene begiez ikusi nuen, eta etxera itzulian, aitaren bizia konprenitzen hasi nintzen, eta pentsatzen nik ere bide hura hartu behar ote nuen. Agian, gazte nintzelakoz ari nintzen horrela pentsatzen, gazteak aisa onartzen baititu biziaren itzuliak, baina, harrigarriki, artzain izateari ez nion erdeinu txarrik erakutsi. Haatik, idazle bilakatu nintzen…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.