BAIONAKO BESTAK

Salbuespenek egiten dute araua

Ordaintzeko eguna iritsi da; lehen aldiz Baionako bestetako sartzea pagatu behar izan dute bestazaleek: zortzi euroko eskumuturra. Nork ordaindu behar duen, nork ez, non jartzen den marra gorria, hiria sinbolikoki setiatzeak zer dakarren... Hori eta gehiago ikasteko eman du lehen egunak; gaur eta bihar ere ordainduz izanen dira bestak.

Animazioak. Egitarau ofizialeko animatzaileek urririk dute sartzea; alternatiboek, ez. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Eta halako batean begi bistakoa egin da argazkia. Autobus geltoki ondoko bide zerratuan, hor daude Privilege enpresa pribatuak kontratatu dituen zaintzaileak. Denak beltzak. Eta parean hor dago andrea, larru zuhaileko ile zuriduna. Baionesa dela aldarrikatzen ari da, eta pasatu nahi du. Eskumuturrik ez du. Etxen ahantzi duela. Egunero bezala bere ogia erostera joan nahi duela besterik gabe. Baina okina hesiaren bestaldean du. Jarri berri dute hesia. 10:00ak arte urririk zuen pasatzea. Baina 10:00ak iragan berririk, 03:00ak arte horra araua. Eskumutur gorria eskumuturrean behar da. Zortzi euroren truke ordaindua baiones ez direnentzat. Baiones gisa, berriz, urririk, baldin etanortasun agiria eta hiru hilabete baino gutxiago duen faktura bat erakusten bada. Interneten eskatuz geroz, baita beste datu batzuk ere eskatu dituzte. Fitxaketa handi baten itxuratik ez da urrun kontua. Hori bai, beti gelditzen da ere aukera hau. 10:00ak baino lehen sartu perimetrora, eta, gero, hortik ez atera. Perimetro barnean, kontrolik ez.

Baina izenik eman nahi ez duen andre honen kasua bestelakoa da. Haserre jarri da. «Ongi hasten da!». Kontua ez dela zortzi euro ordaindu ala ez. Printzipio kontu bat dela. Urruntzen da anderea zaintzaileengandik eta ahapeka hasten: «Ez naiz arrazista, baina niri ateak ixtea, eta gainera, horiek... Ez du inteligentzia maila, ageri du». Eta horra begi bistakoa. Gauz idazleak Debout-Payé (Le nouvel Attila) eleberrian nabarmentzen duena zaintzaileen egunerokoaren oihartzuna: «Ez diezaiogula gezurrik konta geure buruari. Zaintzaile beltzak irudikatzen du zibilizazioak irudikatu nahi duen beltza. Salbai onaren irudia. Beldurtzen duena, handia dena eta obeditzen duena. Eta horrekin jostatzen dira denak», Gauz idazleak Mediapart aldizkarian erranak berretsiak dira hemen.

Argi, hemen, ordainketa kontu bat baino anitzez urrunago doa gaia. Hiri baten testuinguru batean, non, azken batean, herriko etxe batek bere karrikak enpresa pribatu bati delegatu baitizkio. Jakinez, CRSak ere ez direla urrun.

Hori esperimentatu du beste baiones batek geltoki ondoko sartze hetsian. Lagun taldea xanpain botilekin sartu nahi dute bestara. Horrela hasten baitituzte urtero Baionako bestak. Baina xanpaina ezin pasatu, berinazko botilak debekatuak direlako. «Segurtasun kontu bat da. Zauriak saihesteko», esplikatzen du Marc zaintzaileen nagusiak. Futbol txapelketako finala du hartzen adibidetzat. Lyon aldean zegoela zaintza lanetan, finala pantaila handi batean transmititzen aritu zirela. Berinak ez ziren debekatu. Eta finaletik landa jazarraldi bat jasan behar izan zutela. Jazarraldiak saihestea, hori badela ere helburuetako bat ez du gordetzen Marcek. Baina berriz xanpaina kontu, xanpaina plastikozko botiletara ezin transferitu. Doi bat haserretzen hasi dira baionesak. Orduan, CRSak hurbildu zaizkie. Deus erran gabe, baina armak eskuetan. Ez hurbilegi ere, baina soilik erakusteko hor direla.

«Oraino!», beste hau kontrolez nazkatua da. Izan ere, bi kontrol gune daude. Bata eskumuturrentzat eta hori aitzin beste bat zakuentzat. Delako, preseski, berina debekatzeko. Zaku guztiak irekiarazten dituzte zaintzaileek, ikusteko zer dagoen barnean. «Eskubidea duzu zakua ez irekitzeko», erantzuten dio zakua irekitzea trabagarri zaionari. «Baina orduan, ez zara sartuko».

Segurtasun, iragazi eta kontrol hori guztia bazen azken urteetan, atentatu arriskuak zirela argudiatuz. Baina orain areagotu dira, eskumutur kontu horrekin.

Eskumuturrak ordaintzea normala zaien anitz ere badira. Horri esker segurtasuna indartuko dela espero dutela diote lekuko batzuek. Ghislaine kasu horretan da: «Espero dut horrela ez direla gehiago sartzen ahalko arazoak sortzen dituztenak».

Preseski, segurtasun kontuek besten aurrekontuak garestitzen dituztela esplikatu izan du Herriko Etxeak. Eta horri aurre egiteko erabiltzekoa duela dirua. 550.000 euro inguruko gastua dauka eskumutur eta segurtasun egitura berri horrek guztiak.

Eta horra hautua, beraz, bestazaleak ordainaraztea. Edozein gertakari pribatu balitz bezala. Baina hemen hiri bat da, non badiren jendeak bizi. Non badiren zerbitzuak, non badiren saltokiak. Baina horietara sartzeko ere beharrezkoa da eskumuturra, horrek sortzen dituen kontraesanekin. Non jartzen den marra gorria. Adibidez, farmaziara joan behar duena pasatzen uzten du Nasserzaintzaileak. «Hil ala biziko kontu bat baita», argudiatu du. Telefonoa hautsia duenak telefono saltzailearengana joateko, berriz, ezin: «Aitzakia horrek ez du funtzionatzen». Erosketak egin beharra ere ez da aski.

Eta gero, badira ere bizi ez, baina barne horretan lanean ari direnak. Hor, profesionalen kasuan, eskumuturra urririk, baina lan kontratuak erakutsi behar.

Alternatibokoek, ordainduz

Besta animatzen ari direnentzat eskumuturrak urririk dira. Baina, baldin eta egitarau ofizialean sartuak badira, alternatibokoen kasuan, gauzak ez dira hain argi. Patxondo peñakoek jakinarazi dute egunero programatu kontzertuetako musikariei ordaindu behar izan dizkietela eskumuturrak. Talo saltzen ari diren Baionako ikastoletako gurasoen kasuan, Baionakoak ez diren gurasoek eskumuturra ordaindu behar izan dute ere, zer, eta taloen egitera sartzeko.

Baionako besten gastuak nork ordaindu behar dituen, azkenean, eztabaida horrek, zalantzarik sortzen ez duen erantzunik ez du aurkitu oraino, itxura guztien arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.