Hamaika giro eta hizkuntza

Flamenkan Izaki Gardenak, Bulebarren Suaia eta Ama Rebel eta Kursaalean DJak izan dira ostegun gauean. Donostiako Aste Nagusiko gauetan giro asko daude, eta hizkuntza ugari nahasten dira..

Bulebar. Reggae kontzertua, kaleko dantzak eta argazkiko kuadrillak girotu zuten Bulebarra. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
June Romatet Ibarguren.
Donostia
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Ostegun gaua da, su festa bost minutu barru hasiko da Donostian, eta topotik ateratzen den jendeak presa du suak ikusteko toki bat topatzeko: «Korri, orain hasiko dira, eta ez digu denbora emango ezer ikusteko!», esan die emakume batek bere haurrei, frantsesez. Easo plaza gurutzatzen ari da jende asko Kontxara iristeko; plazan ez dago jende asko, baina horientzat musika lasaia ateratzen da kioskoko bozgorailuetatik. Jende mordoa dabil egun hauetan Donostian, eta hizkuntza ugari entzuten da. Uda dela eta, turismoa izan daiteke arrazoia edota gaur amaituko den Aste Nagusia.

Kaleetan barrena, suak ikusten diren izkinetan jendea dago bilduta. Parte Zaharreko kaleak ia hutsik daude, gehiengoa Kontxa inguruan edota portuan dago zerura begira, ilargi betearen aurrean lehertzen diren suziriei begira. Burrunba ere ozena da, eta neska txiki bat gurasoen besoetan dago, belarriak tapatuta eta negarrez: «Suzirien soinua ez zait gustatzen! Goazen hemendik!», oihu egin du etengabe.

Flamenkan ere jendea gora begira dago, azken bost minutuak falta dira. Traka bukatu denean, portutik jende asko hasi da ateratzen, eta, bitartean, piraten guneko oholtza kontzerturako prestatzen ari dira. Izaki Gardenak taldeak hasi behar du Flamenkako kontzertuen egitaraua. Su festa bukatu eta bost minutura prest dago agertokia, jende asko ari da gerturatzen, eta jarraitzailerik sutsuenak lehen ilaran jarri dira. Kontzertua baino lehen, eraso sexisten aurkako audioa jarri dute, piratek eta ingurukoek astearte gauekoa ez baitute ahaztu: «Benetan tristea da horrela ibili beharra», esan du neska gazte batek. Esaldia bukatu orduko lehen notak entzun dira, buruak gora eta behera mugitzen dira, eta Izaki gardenak Amaieratik hasi da.

Gune bakoitzak bere giroa

Oholtza aurrean geroz eta jende gehiago dago, batzuk korrika sartzen dira edozein zirrikitutatik lekua topatu nahian, beste batzuk paseatzen ari direla geratzen dira entzutera. Adin guztietako jendea dago, baina 20-30 urte inguruko gazteak dira nabarmen gunean. Sakelako gutxi daude gazteen eskuetan, noizean behin baten batek gustuko duen abesti bat grabatzen du, edo Whatsapp bidez audio bat bidaltzen du: «Abesti hau nire lehengusuari bidali behar diot», esan du mutil batek telefonoa ateratzen ari dela. Askoren eskuetan edalontziak daude, piraten logoa dutenak, eta garagardoa edo kalimotxoa dago gehienetan. Giroa euskalduna da Flamenkan, eta, hala ere, badira gaztelaniaz hitz egiten dutenak, baita beste hizkuntzetan ari diren turistak ere.

Flamenkako gunetik Parte Zaharreko kaleetara sartzeko bidean piraten DJ gunea dago. Bi neska daude mahaiaren aurrean, eta gaztez beteta dago aurreko plaza. Kaleetan, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta beste hizkuntza batzuk entzuten dira.

Bulebarren jendea ilarak egiten ari da izozkiak erosteko, eta batzuk kioskora gerturatu dira zerbait prestatzen ari direla ikustean. Teknikoak dabiltza musikariekin batera trasteak mugitzen eta azken probak egiten, eta horrek inguruko jendea gerturatzea eragin du: «Hara! Kontzertu bat dagoela dirudi, goazen pixka bat entzutera», esan du mutil batek. Egitarauan jartzen duena baino bost minutu geroago hasi da kontzertua, eta lehen abestiarekin, Suaia eta Ama Rebel taldeak reggae musikaren erritmora dantzan jarri ditu lehen ilaretan daudenak. Bulebarreko jendea Flamenkakoa baino zaharragoa da;hala ere, badira reggaea gustukoa duten gazteak ere, eta lehen ilaretan ari dira dantzan. Abestiak euskaraz diren arren, turista asko geratu dira abestiak entzutera: «Ez dut letra ulertzen, baina estiloa gustatzen zait», esan du ingelesez mutil batek. Kioskoaren aurrean daudenen eskuetan nagusi dira garagardo basoak edo izozkiak.

Bulebarrean aurrera, kaleko dantzariak daude. Musika jarrita haien ikuskizuna egiten ari dira, eta inguruan jende mordoa dago bilduta. Aurrerago joanez, baxuago, baina, musika entzuten da. Heldu kuadrilla bat, denak txapel berdinekin eta musika jarraituz, dantzan dabiltza kalean, haien festa antolatu dute, eta paseoan doazen batzuk dantzara gerturatu dira.

Kursaaleko zubian terrazetara doa jende asko, eta horien ahoetan gaztelania da nagusi. Terrazetara sartu baino lehen, hesiak daude, eta horiek zaintzen segurtasunekoak. «Kopak edota botilak ezin dira sartu, eta poltsa handiak eta motxilak begiratu behar ditugu», azaldu du segurtasunean dabilen Mikel Ezkerrak. DJa oraindik ez da hasi, eta gazteak jadanik oholtzaren aurrean daude zain. Terraza inguratzen era askotako janari furgonetak daude, janari gutxirekin gehienetan; ia dena saldu dutela azaldu du langileetako batek. Zurriolako hondartza ikusten da Kursaaletik, argiztatuta dago sexu erasoak saihesten saiatzeko, horrela segurtasunekoek hondartza ikusten dute eta. Ordu-orduan igo da DJ Markelin agertokira, eta 15 16 urteko gazteek oihu artean hartu dute. Abesti gehienak reggaeton estilokoak dira, eta ikusleek guztiak dantzatzen dituzte. Gazteen eskuetan ez da ia alkoholik, segurtasunekoek ez dutelako baimentzen, baina badaude batzuk botilaren bat ezkutuan pasatzea lortu dutenak. Ikusleek eta DJak dena edo ia dena gaztelaniaz esan dute, abestiak ere gaztelaniaz edo ingelesez dira, eta 45 minutuan abesti bakarra izan da euskaraz: Ikusi mendizaleak.

Erdialdetik urrunago, Antigua auzoan ere bada egitarau nagusiko gune bat, eta giro euskalduna dago. Beste kontzertuak ari diren bitartean, Ondarretako hondartzan Agur, Etxebeste filma jarri dute, eta adin guztietako jendea ari da ikusten, familian edo lagunartean. Gainera, hondartzatik gertu dagoen Gaskonia plazan ere jende asko elkartu da Ezten Giro taldearen erromerian. Donostia bakarrean hamaika Donostia daude aukeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.