«Goizeko bi orenetan egina dut Mattinen liburua, negarra begian»

'Mattin, nere gizona' liburua ondu zuen ilun-argiaz honako aldean zelarik. Eskola handirik ez zuela zioen, baina eskolatuak baino hobeki ezarri zuen paperean pertsulari handiaren biografia bat, Antonio Zabala zenak akuilaturik. Arbonan sortuagatik ere, Mattin senarraren ondoan datza Ahetzeko hilerrian. Hantxe errezibitu gaitu Mayi Treku-Olhandegik, atsegin handian.

Mayi Treku-Olhandegi (Ahetze, 2004). ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Ahetze
2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
bihotza kargaturik
begiak bustirik
eta zure alaba
[harri zuri finezko]
tonban ehortzirik

Ez dago larrosarik arantzarik gabe, Mayi. Atseginarekin mina ekarri zenidan. Elkarrekin gintuzun 2004ko primaderan zuen Moulienea etxean. Haatik, hila zinen handik urte betera, martxoak 13 egun batez. Nehoiz ateratzen ez den arantza horietarik...

Behar duzu arantza ateratu eta larrosa atxiki. Eta, bertzalde, zu gure etxerat jin zinelarik aski nekatua nintzen. Eta erran ere nizun sei egun emanak nituela ospitalean. Lan frango egina nintzen bizian. Laborari izan nintzen ene bizi guziko. Etxean bazen lanik, baina ene senarra kanpoan zen beti. Ez beti, baina bai aunitzetan! Eta ez dut arrangurarik, nik ere nahi bainuen hura joatea, zeren laborantzatik nekez baita deus biltzea. Eta bizi behar zen. Senarra pertsulari baitzen, eta famatua, ibiltzen zen korri harat eta honat, eta sos pixka bat ere sartzen zen etxerat. Horrek etxea laguntzen zuen. Horrela, ni obligatua nintzen behiak deiztera, onkairua kentzerat eta zernahitarat. Beti banuen lana, goizetik arrats, gelditu gabe. Oxobiren hura: «Andre xinaurri: beti bila, beti kurri, urerat zen erori».

Ederra!… Erran duzunez, pertsulari famatua zenuen senarra. Zuk ttipi-ttipitan ezagutu zenituen pertsulariak…

Matxin Senperekoa ezagutu nuen hastapenean, sei urtetan. Guk bagenuen Senperen otto bat. Ez zekien irakurtzen, ez izkiriatzen, baina pertsua maite zizun gauza guzien gainetik. Gu Arbonan sortu ginen, eta ene ahizpak bibitxiak jin ziren mundurat. Ahizpa bibitxiak sortu zirelarik, ottok erran zion gure amari behar zuela Matxin hura Senperetik etorrarazi ene ahizpen bataiatzean pertsuen emaiteko. Gure amak bazuen Matxinen aditzea, baina ez zuen ezagutzen. Ottok, berriz, baietz gure amari: «Ekarriko dinagu! Xilarreneko Ganixunek ekarriko zigun!». Eta Xilarreneko Ganixunekin jin zen Matxin. Nik ez nekien zer zen pertsu emaitea, baina amari erran nion: «Errazu, ama! Nire asieta eman behar duzu Matxinen ondoan!». Eta haren aldean eman ninduten. Auzoak bagenituen Arbonan, jaun-andere batzuk haurrik ukan ez zutenak, aberatsak ziren. Eta hau eta hura. Nik horiek denak aditzen nituen etxean eta karrikan, eta, gero, aditzen nuen pertsolariek beren pertsuetan ber-bera erraiten! Barna sartu zitzaidan Matxinen pertsuetako alderdia. Pertsolari ona zen Senpereko Matxin! Ddarddara bazuen kantuan eta hari begira egoiten nintzen, nola deabru pertsuak emaiten zituen, nondik ateratzen ote zituen!

Huraxe zure lehenbiziko pertsularia…

Bai. Bertzalde, kusi bat ere bagenuen gure etxean, aita gazterik hila baitzuen. Amaren iloba zen, eta harekin aritzen nintzen, edo aritzen ginen bata besteari ziri eta ezten: «Eman pertsua hik!». Eta denbora berean-edo, bertze batek erran zidan: «Bada hor Ahetzetik Arbonarat denbora pasa jiten den pertsulari bat. Mattin du izena!». Eta nik: «Ez, Mattin ez, Matxin!». Baina han nehork ez baitzion nehori barkatzen: «Matxin ez, Mattin! Pertsoak emaiten ditu Dihartzenea ostatuan». «Nondik ateratu da hori?», nik, ene baitako. «Irri eginarazten zaitu! Noiznahi pertsuak emaiten ditu!». Eta afizioalotu zitzaidan, barna sartu zitzaidan. Pertsua aunitz gustatu zitzaidan. Eta herriko ostatuan pertsularien biltzeak egiten zirelarik, han behar nuen nik! Ez zen bertze jostetarik, fitsik ere, eta nik, berriz, maite nuen pertsulariak aditzea!

Giro hori ere galdu zen, ordea. Hiriko biziak ito zituen herri ttipiok…

Ni zahartu nintzelarik, fini zen, ez zen gehiago pertsularirik hemen. Triste bilakatu zen Euskal Herria, eta orai ere triste ikusten dut,arrunt hila. Nehork ez du kantatzen, ez pertsurik aipatzen. Eta, hala ere, niri iruditzen zitzaidan pertsulariak Euskal Herriko patroiak zirela. Behar zuten hau eta hori erran! Nik izpiritualak atxematen nituen pertsulariak. Ez dakit jende denek berdin pentsatuko zuten, baina nik hartakotz nuen etxean nire pertsularia, ene senarra! Hura joaiten zen sororat, eta kantuz aritzen zen, goratik! Behar zuen boza egin!

Nehoiz ere pentsatu zenuen pertsulariarekin esposatuko zinela?

Zaude isilik! Behin, senarrak erran ninduen: «To! Zurekin ezkondu naiz, baina ez baitakit zertako! Antza, itsusia… Zertaz gustatu ote naizen!». Eta nik arrapostu: «A! Ni itsusia, eta ez duzu usteko zu politarentzat bildu zaitudala, ezta?». «Zertako hartu nauzu?», Mattinek, eta nik: «Zure izpirituarentzat! Abila baitzinen!», erran nion. Gero, hura zendurik, jin zitzaizkidalarik bisitan eskolako haurrak, erraiten zidaten: «Hoinbertzeraino maite duzu bertsoa eta, hura norabait joaiten zelarik, berarekin eramaiten zintuen?». «Eeeez! Ez zuen nahi ni berarekin partitu nendin». «Zertako ez?», haurrak beti galdeka ari. «Erraiten zuen pertsularia norabait joaiten bazen, eta andrea berekin eramaiten baldin bazuen, gosaria bizkarrean eramaitea bezala zela!».

«Gosaria bizkarrean»...

Bai. Eta haurrek hori aditurik: «Eta bizkarrean eramaten zintuen?». «Ez. Erran nahi zuen pertsularia behar zela utzi bakarrik!». Hori erraiten baitzuen gure Mattinek... Ateratu dizkidate haurtzar horiek hainbat istorio! Egia da, denbora batean joaiten nintzela, baina pertsulariak egoten baitziren goizeko hiru-lau orenak arte! Ez zen egoten ahal. Etxeko lanak hor ziren beti, segitu behar zen lanean, alimaliak genituen etxean. Laborantzan neke zen. Ez zen tresnarik, orai bezala, eskuz ari behar zen lanean... Pertsularitza maite behar da konprenitzeko pertsularia joaki dela etxetik, zerbaitetako joaki dela.

Zer erran nahi duzu?

Senarra heldu zelarik etxerat, ezagutzen nuen umorea. Erreusitu bazuen jendeari irri eginaraztea, erranen zuen: «Egin diat lana, egun!». «Zer egin duzu?», nik. «Jendea irriz ikusi dut». Ez bazuen populua irribarrez ikusten, ez zen kontent. «Zer duzu?», nik, «Egun jendeak ez du irri egin?». Eta Mattinek: «Erraiten diet, bada, nik, ez dudala maite gai horiek eni emaitea!». Mixel Itzaina-eta ziren gai-emaileetan. «Errak, Mixel, ez gaituk honat nigar egitera jinak! Jendeari jostarazteko jinak gaituk!». Hark jendeari irri eginaraztea behar zuen, bertzela ez zen kontent.

Pertsolarietan, zure gizonak Xalbador ukan zuen adiskide handien...

Bi anaia bezala baitziren. Xalbador hil zen egunean bazuten bazkaria. Mahai handia bazen, familiako eta denak. Bi burutan emanak ziren Xalbador eta Mattin. Eta Xalbadorrek egin zion zerbitzariari: «Errazue, ni eman nauzue hemen, eta Mattin eman duzue han, baina nik egungo egunean ere behar dut Mattinen ondoan bazkaldu!». Ez zuen pentsatzen azken aldikotz zela! Badakizu, bazkaldu eta joan ziren pertsutan eta Xalbador gaizkitu zen…

Han zinen zuhaur ere?

Ez, ez dakit batere nola, baina ez nintzen joan. Beti ez nintzen joaiten ahal. Nire gizona Xanpun jaun-andreekin joana zen Urepelerat. Arratsean heldu zirela, triste atxeman nituen. «Zer da? Zerbait pasatu da? Akzidenta-edo?». «Ez dakizu zer pasatu den… Xalbadorren omenaldira joan eta Xalbador hila utzi dugu». «Zeeer?». Harritua nintzen. «Pertsutan ari zelarik gaizkitu eta kanporat joan da. Mixel Labeguerie medikua joan da haren ondotik, baina ez du fitsik egin ahal izan. Hila zen». «Jesu! Ez da posible!». Hazila zen, hazilak 7, eta hilaren 11n herriko bestak dira hemen, Ahetzen. Usaian, familia dena ekarrarazten nuen bazkaltzerat. Gero, pilota partida edo musika baldin bazen herriko plazan, joaiten ginen. Urte hartan, gure gizonak erran ninduen nahi banuen joaiteko ahizpekin, bera etxean egonen zela. Eta joan nintzen plazara, baina bakarrik, eta ahizpek erran ninduten: «Ez zara Mattinekin heldu». «Ez, egun tristea dugu etxean. Xalbador hila da eta gure gizona triste da»…

Mattin eta Xalbador, Xalbador eta Mattin, bata besteari lotuak...

Bai. Eta iluntzeko etxera jin, eta atxeman nuen nire gizona pertsu egiten ari Xalbadorrentzat. Heldu zitzaion negarra, pertsuen egitean... Geroztik, erraiten zuen: «Niretzat menbroa galtzea bezala da Xalbador hiltzea». Xalbador hila, Mattinek bazituen Ezponda eta Xanpun eta horiek denak, baina harentzat horiek ez zuten Xalbador balio. Gazte-gazterik elkarrekin ziren Xalbador eta Mattin, eta Xanpun eta Ezponda bi hokiekin ere berdin zen, baina bertze amodio gisa bat zen Xalbadorren eta Mattinen artekoa. Hori handia izatu da.

Mattin ere joan zen mundu honetatik. Hurrena, Mattin, nere gizona liburua egin zenuen. Antonio Zabalaren Auspoa bilduman denik ederrenetarik da…

To, ederrenetarik! Nork errana da hori? Badira, segur, nirea baino hobeak aunitz!… Nik ez nuen merezimendurik. Zerbait kaskoan sartzen bazitzaidan, atxikitzen nuen, han egoten zitzaidan. Eskolan ere punitzen ninduten. Balin bazen matematika prolema bat-edo, han izaiten nintzen egun guziko. Ez nuen ikasiko, baina biharamunean, galdegiten nindutelarik, denak banekizkien! Mementuan zernahi niri erran, eta ez nuen kaskoan sartuko. Deusik ere. Baina, gero, ikasia nuen! Geroan ere, zerbait aditzen banuen atxikitzen nuen gogoan. Gisa horretarat egin nizun Mattinen liburua ere, aita Zavalak erranik.

Zer erran zizun aita Zabalak?

«Zuk guk ez dakizkigunak dakizkizu». «Baina, gizona! Zer ezarri behar dut liburuan?». Eta Zabalak: «Nik erranen zaitut eta kapaule eta sufiziente izanen zara». Hark ez baininduen barkatzen! Eta behin, Xanpunen omenaldia zen Urruñan, bazkaltzen ginenean jin zitzaizkidan kusiak eta han ari ginen istorio konda. Eta heldu zitzaidan pertsulari bat: «Berantegi hasia duzu liburu horren egiten». Uste zuen ene liburuaz ari nintzela, espantuka, baina kusiak ari ginen istorio konda, irriz, Mattinen liburua aipatu ere gabe. Eta pertsulari hori niri erraiten liburua egiten berantegi hasia nintzela. «Ez gara liburuaz ari, gero!». «Erraiten zaitut berantegi hasia zarela!». Ez zen goxo enetako. «Ez dakit berantegi hasia naizen, baina, beharbada, utziko dut hasia dudan lana».

Zein zenuen erran delako pertsulari hori?

Ez du balio haren izena erraitea. Bizirik da oraino, ilun-argiaz bertzaldera ez da jina… Biharamunean heldu zitzaidan Zavala. «Triste zara», erran ninduen. Nik, ezetz, baina pertsulari haren erraiteko manerak arrunt desgustatu ninduen. Eta, badakizu, negarra heldu zitzaidan. Zavalari nahi nion atsegin eman, liburua egin, baina asto hark erran zidana barna sartu zitzaidan. Eta erran nion. «Atzo errana didate berantegi hasia naizela liburu horren egiten. Zer ateratu behar du ni bezalako zozo batek liburu horretan?». «Banekien zerbait ere bazenuela», aita Zabalak, «Eta, hala ere, zer behar du pertsulari horrek zure liburutik?! Berantegi hasia zarela... Ez da sekulan beranta ongi egiteko, eta eginen nauzu». Kaskotzarra zuen aita Zavalak ere, eta ez ninduen barkatu. Baina egia erraiten dizut, egun hartan jin ez balitz, ez nukeen liburua egiten segituko. Balekite ene liburu hori nola egina dudan!

Errazu…

Goizeko bi orenetan egina dut, negarra begian. Gure mutikoa nonbaitik heldu bazen, bestatik edo, egiten ninduen: «Zer ari zara paperean ezartzen? Zoaz hortik ohera!». Beti zure ondoan norbait balin baduzu ez baituzu deus izkiriatzen ahal. Deusen izkiriatzeko, behar duzu bakarrik izan. Eta, bertzalde, hantxe nuen Zavala beti, behar nituela nik nekizkienak paperean ezarri. Hark pusatzen ninduen. Pertsulari kakola hark eman ninduen afruntu hura ere hor zen… Ez bazen Zavala izan, ez nuen sekula Mattinen liburua eginen. Xabiererat igortzen nizkion nik goizeko bi orenetan paperean ezarriak. Eta telefonatzen nuen hara, Xabiererat, eta beti espainol horietarik atxematen nituen: «Ez, ez zaituztet zuek nahi. Nahi dut Zavala», eta nonbaitik atxematen zuten. Ez nuen liburu handia egina, baina gosta zitzaidan ederki! Eta, hala ere, ez banu Zavala ondoan izan, ez baninduen egiterat bortxatu, ez nukeen eginen. Berantegi hasia nintzela? Hala izanen zen, baiki!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.