IRAGARRITAKO BIDEO JOKOAK

2016ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
'The Last Guardian'. Zazpi urte bideo joko baten zain.

2009ko E3 erakustazokan iragarri zuten jokoa, eta 2007tik ari ziren horretan lanean, baina aurtengo urrira arte ez dute merkaturatuko. Gaztelu batean preso diren haur bat eta piztia baten arteko harremana eta ihes egiteko saioa kontatzen du. Abentura eta asmakizunak nahasten ditu. Japoniako GenDesign Sie estudioak egin du, PS4rako.

'Death Stranding'. 'The Walking Dead'-eko aktore bat tartean

Hideo Kojima Metal Gear joko sailen sortzaileak Norman Reedus aktorea —Daryl Dixon, The Walking Dead telesailean— aukeratu du protagonista gisa. Ezkutuan dute jokoaren inguruko informazioa. Akzioa izango duela esan du Kojimak, baina ez dela izango ohiko akzio jokoa. PS4rako eta Windowserako ari dira prestatzen, 2017-2018rako.

'Battlefield 1'. Etorkizunetik,Lehen Mundu Gerrara

Battlefield sailaren hamalaugarren atalean atzera begira jartzea erabaki du EA konpainiak. Lehen Mundu Gerra izango da jokoaren agertokia. Historiari fidel izaten saiatuko direla hitzeman dute diseinatzaileek, besteak beste, garaiko armak egiteko orduan. Urriaren 21ean merkaturatu nahi dute, Windowserako, PS4rako eta Xbox Onerako.

'Steep'. Mendiko kirolak,GoPro bideoen estiloan

Muturreko eskia, parapentea eta jantzi hegalariak. Besteak beste, kirol horiek egin ahalko dira Ubisoft estudioak GoPro kirol kamera etxea eskutik hartuta eginiko jokoan. YouTubeko muturreko kirolen bideoak hartu dituzte oinarri gisa. Abendurako merkaturatu nahi dute, Windowserako, PS4rako eta Xbox Onerako.

'The Culling'. Independenteen iraupen ahalegina jokoan

Xaviant estudio independentearen jokoan jokalariek elkarrekin lehiatzen dira, bizirik irauten saiatzeko. Denera hamasei bikote jolas daitezke batera. Jokalariak bizitza bakarra du. Sortzaileek ez dute bakarrik jokalarien gozamenean pentsatu; ikusleentzat ere entretenigarria izateko diseinatu dute. Linux eta Windows sistema eragileetarako egin dute.

'Cuphead'. 1930eko marrazki bizidunen estetika

Bi urte daramatza labean Kanadako Chad and Jared Moldenhauer anaien Studio MDHR Cuphead jokoak. 2014ko E3n iragarri zuten, eta jende asko txundituta utzi zuen estetikarengatik: izan ere, XX. mende hasierako marrazki bizidunen estiloan dago egina. Aurten merkaturatuko dute Windows sistema eragilerako eta Xbox One kontsolarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.