Koronabirusa

Mokadutxo bat baino ez

Bezeroentzat itxita egon arren, ostatuek telefonoz eskaturiko janaria eskain dezakete, eramateko. Baina, lan egiteko modu horrekin, ohiko negozio zifretatik urrun dabiltza. Informazio argiagoa eta laguntza zehatzagoak eskatu dituzte ostalariek.

1 IDOIA ZABALETA / @FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Mila Eizmendik argi azaldu du bere egoera. «Itxita egonda ere, enkarguz lan egitea aukeratu badugu, eguneroko bezero oso onak ditugulako da. Gurera mota guztietako langileak, adinekoak... etortzen dira. Egoera normalean 85-90 menu ematen genituen egunero; orain, berriz, etxera eramateko eskaintzarekin, hogei inguru. Baina bezero horiei zerbitzu hori eman behar diegu: nola utziko ditugu botata?». Mesoi Berria jatetxeko barraren atzetik mintzo da, Durangoko alde zaharreko bihotzetik (Bizkaia). Lan horri, baina, etekin gutxi ateratzen dio. «Ni eta beste bi langile gaude orain lanean. Guk normalean barran asko egiten dugu lan, eta, eramateko, batez ere kroketak, tortillak eta horrelakoak lantzen ditugu. Orain zenbat fakturatzen dugun? Iazko azaroko egun berberen aldean, horren %5 baino gutxiago. Azaroan errenta ordaintzeko adina egingo banu, txaloka hasiko nintzateke».

Eizmendiren hitzak Gorka Ganboarenak ere izan zitezkeen. Hogei urte daramatza bazkidearekin batera Bordatxo taberna gobernatzen, Bilboko Deustu auzoan. Aste honetan jarri du martxan enkarguz janaria eramateko sistema. «Duela hamar bat urte izan genuen buruan, baina orain kolpean hasi behar izan dugu. Hasi berri gara, eta lan gutxi dugu; geure burua ezagutarazi behar dugu. Konponbide gisa ez digu balio: kafetera pizteko ere ez dugu ateratzen». Ganboa, baina, baikorra da; «bestela ez nintzateke enpresari izango» bota du, umoreko. «Sistema honekin lan egiten ikasteko balioko digu behintzat. Susmoa dut etorkizunean goraka egin dezakeen eskaintza bat dela. Geurearen moduko negozioen oinarria ez da izango inoiz, baina zutabe bat gehiago izan daiteke».

Lekunberrik (Nafarroa) antz gutxi du Bilborekin edo Durangorekin. Geografikoki zein demografikoki. Bertan dago Amairu ostatua. Nafarroan, ostalaritza ixteko agindua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan baino lehenago iritsi zen, eta aste batzuk daramatzate telefonotik eskegita. «Ezin genuela itxi argi nuen: tipula bat saltzeko bazen ere, martxan egon behar genuen», azaldu du Ana Ojerrek (argazki nagusiak). «Kutsatze baten ondorioz, irailean hiru astez egon ginen itxita, eta, berriz ixtera behartu gintuztenean, bikotekideak eta biok ikusi genuen zerbait egin behar genuela, eta eramateko eskaintza indartu genuen. Etxera guk eramango genuen». Afarien txandan «tankera guztietako pizza nafarrak» eskaintzen dituzte, jana eramateko ohiturarekin harreman zuzenagoa duen produktu bat, eta esperientzia horrek lagundu egin die. «Neroni joaten naiz banatzera, autoz. Ostiraletan eta larunbatetan, itxi aurreko fakturaziotik gertu antzean gabiltza, eta bada zerbait. 21:00etan itxi behar dugula kontuan hartuta. Astean zehar, aldiz, ez gara inguratu ere egiten».

Ojerrek ere, Ganboak bezala, gora egin dezakeen eskaintza bat dela uste du. «Ikasten ari gara; lan egiteko modu berri bat da. Guk inguruan herri txiki asko ditugu, eta han asko eskertzen dute etxean jasotzea. Ez daude ohituta banatzaileak haraino iristera. Landetxe asko ditugu inguruan, eta haiek ere eskertu dezakete. Susmoa dut Eguberrian jende dezentek eskatuko dituela bazkari-afariak kanpoan».

Ohiko martxa, baina, urrun dute hiru negozioek. Lau edo bost langile aldi baterako erregulazioan dituzte, eta kostako zaie luze gabe guztiak ateratzea. «Adabaki txiki bat baino ez da. Etxean ez egotearren etortzen zara lanera», aitortu du Ganboak.

Mesoi Berria (Durango, Bizkaia). Mila Eizmendi arduraduna, jatetxeko atarian. Bezeroek bertan jasotzen dituzte eskariak. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Herri askotako udalek eta merkatari elkarteek enkarguz lan egiten duten taberna eta jatetxeen zerrendak eratu dituzte. Era berean, ostalariek Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ezarritako arauak betetzen dituztela bermatzea udalen ardura da, baina informazio falta egon dela salatu dute. «Nik, askotan, udaltzainak ere zorabiatuta ikusi ditut; egun batetik bestera aldatu dizkiete arauak», azaldu du Eizmendik. Ganboa ados dago: «Hedabideetan ikusitakoa dakit nik. Ordutegi aldaketen aro hori kaotikoa izan da, eta udaltzainek ere askotan ez zekiten zer egin, Eta orain? Kafea eman al dezaket? Enkargua lokalean egin al daiteke? Ala telefonoz bakarrik? Gu galduta gaude, eta bezeroa, are gehiago».

Bigarrenez itxita

Hiru ostalariak ernegatuta daude, haien sektorea ari delako jasaten neurririk zorrotzenak. Udaberrian, luzaroan egon ziren itxita; gero, murrizketekin jardun zuten uda osoan; eta azaroan, berriz ere itxi egin behar izan dute. «Guk udan ondo egin dugu lan, eta iazkoa ere urte ona izan zen, ingurune pribilegiatu bat dugulako», aitortu du Ojerrek. «Turismoa ibili da Nafarroa iparraldean, eta urteko kontuak oraindik ez ditugu egin, baina arnasa eman digu. Hirietakoak okerrago ibiliko ziren, ziur». Halere, beste itxialdi luze bat etorriko balitz, nekez eutsiko liokete.

Eizmendi kritikoagoa da. «Jendeari beldur handia sartu diote gorputzean, eta hori da pandemiarik txarrena. Baina, tira; hala ere, irail aldera martxa hartzen hasiak ginen. Iazkoaren %50era iritsi gabe, baina lana behintzat, eta berriz ere neurri gogorrenak. Nik uste dut tabernariek oro har gauzak ondo egin ditugula: lokalak egokitu, neurriak hartu, tarteak zaindu… eta zapla! Eman digute berriz».

Sektoreari buruz hitz egiten dute behin eta berriz, badakitelako kinka larrian dagoela. «60.000 langile dituen enpresa bat gara, eta hala hartu behar gaituzte kontuan. Latza da aholkulariari deitzea, zer etorriko den galdetzea, eta haiek 'ez dakigu' esatea», salatu du Ganboak. Kontuan hartuak izateko haren eskaerak hari mutur asko ukitzen ditu: erakundeak, errentadunak, bankuak… Haren kasuan, esperientzia gogorra izan du bankuekin. «Martxoan, berritze lan handia egin genuen lokalean. Irailean ireki genuen berriz. Enpresa kaudimentsua gara, zorrik gabekoa, ibilbide luzekoa... Urtarrilean, mailegua eskatu genuen, eta ez zegoen arazorik. Martxoa iritsi zen, eta trabak. Kolpean 'arrisku enpresa' ginen. Gu? Ez, ostalaritza osoa. Azkenean lortu genuen, modu onean gainera, baina kosta zitzaigun, etxebizitzaren gaineko hipoteka mailegu eta guzti».

Bordatxo (Bilbo). Gorka Ganboa arduraduna, eramateko eskaintzen dituen plateretako batzuekin. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Abuztutik, kotizazioak

Eizmendik kritika egin die erakundeei: «Pandemiarik handiena agintariak dira. Askotan badirudi ez direla gure munduan bizi; eta bankuak, antzera». Azalpena luzatu du: «Pandemiak bigarren olatua izango zuela jakin, eta ez gara batere prestatu. Europatik milioiak etortzekoak direla esan, eta non daude? Osasungintzako langileak esaten ari dira ez direla iristen». Laguntza ekonomikoak eskatu dituzte iazko diru sarreren %25 baino gutxiago izan dituztelako, baina, aldi baterako erregulazioetarako baldintza bigunez gain, ezer gutxi jaso dutela kexatu dira.

«Urteko zenbakiak negargarriak izango dira. Esaterako, abuztuaz geroztik langileen kostu sozial osoa ordaintzen dugu, 600 euro bakoitza. Horri gehitu errenta, maileguak… Oso justu dabiltzanek ez dute jasango», iragarri du Ganboak. Ojerrek jarri dio azken puntua gaiari: «Eskatzen dut ez gaitzatela erortzen utzi, laguntzen babesean koman eduki gaitzatela gutxienez. Erori diren batzuk ezagutzen ditugu. Lokalen alokairuena salatzeko modukoa da».

Dena, baina, ez da lainoa, eta animoso daude hirurak. «Bezeroena izugarria da», goratu du Ganboak. «Bezero txarrarena mito bat da: gehien-gehienak oso onak dira. Ezagutzen ez genuen jendeak bonuak erosi zituen gu laguntzeko, eta 'aurrera, behar zaituztegu' esaten ziguten». Ojer ere gogotsu dago. «Udaberrirako zuzen daitekeela uste dut, baina txertoaren bilakaerak zeresan handia izango du». Eizmendik, berriz, nahiago du luzera ez begiratu: «Egunez egun noa. Itxia banu agian eskubide gehiago nituzke, baina lan egin behar da. Egia esan, lantalde oso ona dut alboan, eta horrek asko laguntzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.