xabier martin
Lan erreforma. Bozketa Espainiako Kongresuan. ANALISIA

PPk salbatu du Madrilgo tragikomedia

2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Erreformaren anabasaren artean egia bat gailentzen da: ezinbestekotzat jo du Sanchezek CEOEk erreformari oniritzia ematea, alegia, haren betoa, eta horren atzetik iritsi da beste guztia. Eta beste guztia horretan sartzen da UPNko bi diputatuen ezetza, eta PPko diputatu batek salbatu behar izana Madrilgo tragikomedia, ustez bozkatzean nahasi egin delako. CEOEren adostasunaren truke erreforma sakon bat izan behar zuena azkenean ezer gutxi izan da, edonola ere, eta 2012ko PPren erreforma oldarkorra, langileen eskubideen galeran mugarri izandako hura, bere egin du Espainiako ezkerrak, CCOO eta UGT barne; are, zilegitasuna eman dio 2013an greba orokorrera deitzeko arrazoiak eman zion araudi horri.

Gobernu ezkertiarra dela errepikatzen duenak eskuineko erreforma bat egin du, finean, bere promesa irentsita, eta erreforma handi bat egiteko indar parlamentario nahikoa eduki arren. Enpresaren aldeko desoreka itzelari eutsi dio, eta eskuineko boto erreakzionarioekin atera du aurrera: Ciudadanosekin.

Zergatik aukeratu duen PSOEkmilioka langile prekario egiteko makina martxan uztea? Galdera hori erantzun gabe dago oraindik. «Posible zen erreforma» hartu dute ahotan han eta hemen, baina zergatik ezin izan da urrutirago joan? Bruselak jarri ote ditu mugak Europako Funtsak jasotzeko baldintza gisa? Edo PSOEk bere ekimenez eta bere benetako interes politikoei erantzunez erabaki du bluff hori?

Batera edo bestera, langileak dira galtzaile: kaleratze errazak eta merkeak hor daude oraindik ere, eta euskal lan esparrua berme juridikorik gabe dago. Madrilen erabaki dute dena, ez alferrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.