Carlos Otxoa. Ahaztuak 1936-1977 

«Udalaren erabakia oso positiboa da guretzat, baita pozgarria ere»

ander perez zala
2016ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian estatu kolpeak, errepresioak eta erregimen frankistak eragin zituen biktimen aldeko elkartea da Ahaztuak. Egia argitzea, justizia gailentzea eta erreparazioa lortzea du helburu. Ikur frankisten desagertzea ere ezinbestekotzat du. Elkartearen bozeramailea da Carlos Otxoa (Iruñea, 1952).

Zer iruditzen zaizu Iruñeko Udalaren erabakia?

Oso positiboa iruditzen zait udalaren erabakia. Beti planteatu izan dugun egitekoen artean dago Mola eta Sanjurjo militar kolpisten gorpuzkiak hobitik ateratzea. Ontzat jotzen dugu Erorien Monumentuan egin daitekeen mota horretako edozein ekintza. Hain zuzen ere, iruditzen zitzaigun beharrezko lehen pausoetako bat zela hobitik ateratze hau egitea. Udalaren erabakia oso positiboa da guretzat, baita pozgarria ere.

Iruñeko Udalaren babesa eta laguntza izan duzue azken urte hauetan?

Enrique Maya alkate zenean, mozio bat aurkeztu genuen, eta baiezkoa jaso zuen; PSNren aldeko botoekin, gainera. Arazoa da, mozioa onartzeaz gain, ez zutela ezer egin. Orduan legealdi honetan, Joseba Asiron alkate denetik,mozioa berriz aurkeztea erabaki genuen, eta oraingoan ere onartu zuten. Aldaketa nagusia izan da oraingo udala, aurrekoa ez bezala, pausoak egiten ari dela onartutakoa benetan bete zedin. Gu beti oso kritikoak izan gara, uste dugulako gorpuzkiak hobitik ateratzea askoz lehenago egin behar zela. Baina, oro har, esan daiteke erakundeen babesa izan dugula. Egungo Iruñeko Udalak beti izan du hobitik ateratze hau egitearen aldeko jarrera, eta guk eskertzen dugu hori. Guk genuen zalantza bakarra zen ea noiz egingo zuen. Presazkoa den gauza bat zela iruditzen zitzaigun arren, ez genekien udalarentzat zenbateko garrantzia zuen hobitik ateratze honek.

Lan asko geratzen da egiteko?

Bai, noski. Beti ari gara justiziaz eta erreparazioaz hizketan, eta pixkanaka gauzak ezagutaraztea lortzen dugu. Tristea da, ordea, 80 urteren ondoren hutsuneak egotea, eta kontu batzuek oraindik ezkutuan jarraitzea. Justiziari dagokionez, aurrerapausoak egiten ari gara, baina ez dakigu noraino iritsiko diren. Adibidez, informazioa biltzeko helburuarekin sortu genuen bulego bat, eta badirudi arrakasta izaten ari dela. Badira batzuk besteak baino ezkorragoak direnak kontu honen inguruan, ez baitakigu noraino eramango gaituen, baina gutxienez informazioa lortzen ari gara. Bestalde, erreparazioari dagokionez, bada gai bat oso garrantzitsua iruditzen zaidana: sinbologia. Uste dut sinbologia bukatzeko garaia dela, aspaldi egin beharreko kontua da. Horregatik, jakinarazitako erabakia aurrerapauso bat da, aurrerapauso oso garrantzitsua. Hala ere, Iruñean asko dago egiteko: kaleei ipinitako hainbat izen aldatzeko daude, esate baterako.

Gizartean gai honen inguruan eztabaida dagoela uste duzu? Jendea inplikatua ikusten duzu?

Alde batetik, nabari da jendeak kontzientzia gehiago duela gai honen inguruan, urte askoz arrastaka daramagun gaia delako. Batzuetan iruditzen zait inplikazio gehiago dagoela. Adibidez, omenaldi gehiago egiten dira, herri batzuek hildako herritarren aldeko plakak jartzen dituzte, gisa horretako ekintzak. Ziur aski, hedabideetan gero eta toki eta protagonismo handiagoa duen gaia da. Beste alde batetik, ordea, 80 urte pasatudira, eta iruditzen zait dagoen arriskua dela jendea gai honekiko axolagabetasunean murgil daitekeela. Hau da, iraganeko kontu baten moduan har dezaketela; zoritxarrekoa izango litzateke hori gertatzea. Urte asko pasatudira, eta oraindik hainbat gauza daude konpondu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.