Nekane Artola. Ikastolen Elkarteko lehendakaria

«Ikastolen Elkartearena proiektu nazionala da; horri balioa eman nahi diot»

Artolak orain arteko bideari eta moldeei eutsi nahi die Ikastolen Elkartean, eta prest dago erronkei heltzeko: adibidez, aukeratzat dauka EAEko Hezkuntza Legea. Kargua trantsiziozkoa da, baina jarraitu nahi luke.

GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
EAEko Hezkuntza Legea, segregazioa, ikasleen euskararen okertzea... Esku bete lan izango du Nekane Artolak (Lezo, Gipuzkoa, 1975) hurrengo urtebetean. Irakaskuntzan eta Ikastolen Elkarteko lehendakariorde aritua, lehendakari izendatu zuten astelehenean, Koldo Tellituren lekukoa hartuta. Esker hitzak izan ditu harentzat: «Eskerrak eman nahi ditut azken hamalau urteetan egin den lanagatik». Printzipioz, urtebetez egongo da karguan; 2024ko ekainean erabakiko dituzte luzera begirako izenak.

Ikastolen Elkarteko lehendakari kargua hartu berri duzu. Nola dago elkartea?

Egoera egonkorrean dago, oso osasuntsu, jakinda badaudela oso aldakorrak diren kanpo faktoreak, izugarrizko eragina daukatenak gurean. Iruditzen zait 2009an egin zela bateratzearen aldeko apustu bat, europar kooperatibaren barruan: [EAE] erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ikastolen ordezkaritza bateratu bat lortu zen. Hori egonkortu egin da, eta, orain, salto bat emateko garaia iritsi da. Horregatik, Artezkaritza Kontseiluan egin dugun kargu banaketan lurralde guztiak ordezkatuta daude.

Jauzia egiteko garaia dela aipatu duzu. Norantz egin behar da jauzi?

Orain erabakiko dugu norantz, VII. Batzarraren prozesuari ekingo diogulako. 2019an hasi ginen horrekin, hamar urte pasatuta zeudelako VI. Batzarra egin zenetik. Endekalogoa aurkeztu genuen 2021eko otsailean, eta, hor, euskal hezkuntza sistemak gure ustez eduki beharko lituzkeen 11 oinarri zehaztu eta aurkeztu genituen. Orain, oinarria badaukagu, eta gure estrategia zehaztera goaz.

Zein dira erronka nagusiak?

Egonkortasun horri eustea. Baita, ikastolen mugimendu bezala, diskurtso propioa eraikitzea eta gure ereduari balioa ematea ere; uste dut hori dela erronka nagusia. Harrotasunez esan dezakegu oraindik guk betetzen dugula administrazioek bete ezin duten hutsune bat, eta horri balioa eman nahi genioke hurrengo urteetan. Gure ereduaren ezaugarriak hauek dira: hizkuntza eta hezkuntza erdigunean, berrikuntzan aitzindariak izatea, Euskal Herria aintzat hartzea, kooperatibismoa, taldea, kolektiboa eta herria eraikitzea. Baditugu hor erronka batzuk.

Zerk dauka lehentasuna? Zertan jarri nahi duzu zure alea?

Alea taldean jarri nahi dut, eta, batez ere, VII. Batzar honetan. Baditugu oinarri batzuk jarriak; orain, sakondu dezagun harremanetan, egonkortu dezagun gehiago gure sarea. Nahi nuke urte hau baliatzea Euskal Herriko ikastolen arteko harremana sendotzeko. Gurea, azkenean, proiektu nazionala da; badaukagu egitura nazionala, eta horri balioa eman nahi nioke.

Bihar prozesuan murgilduta zaudete, ikastolek datozen urteetan gizarteari egingo dioten ekarpena zehazteko. Urtebete barru emango duzue emaitzen berri. Zure irudiko, zer ekarpen egin behar dute ikastolek?

Orain arte egin diogu ekarpena, eta egiten ari gara oraindik. Askotan aipatzen ditugu gure hizkuntza proiektuak, indarrean dugun murgiltze eredua, materialgintzan egiten dugun ahalegina eta Euskal Herri osorako eskaintza bat egiten dugula. Hemendik aurrera zer ekarpen egin beharko luketen? Uste dut ikastolek esan beharko dutela. Momentu honetan, ikastolek egin behar duten ekarpena da etorkizunera begira jartzea eta non kokatu nahi dugun adieraztea.

Azkenaldian, zeresana ematen ari da Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legea, eta, ziur aski, hurrengo hilabeteetan ere emango du. Horren aurrean, zein izango da zure jarrera?

Orain artekoa. Guretzat, lege proiektu hau indarrean dagoen eskola publikoaren legea baino hobea da. Ez dugu aukera galdu nahi, eta ahalik eta lege onena nahi dugu; horretan arituko gara. Orain arte, modu eraikitzailean egin ditugu gure ekarpenak, jakinda ez gaudela denean ados. Ahalik eta lege onena nahi dugunez, aldarrikatuko dugu gure ekarpenak bertan jasota egotea, eta saiatuko gara alderdiekin eta eragileekin hori lortzen.

Segregazioaren aurkako neurriei lotuta, matrikulazioan egon dira gorabeherak. Esan zenuten «desorekak» dauden herrietan ez zenutela onartuko Jaurlaritzak esana. Zein izango dira hurrengo pausoak?

Ez ditugu zehaztu. Familiek gorako helegitea jarri dute, eta erantzun horien zain gaude. Espero dugu uztailean jasotzea. Erantzunaren arabera, erabakiko dugu familiekin eta ikastolekin; ahal bada, erabaki kolektibo bat izango da. Oraingoz, bide administratiboak baliatu ditugu.

Aztertu al duzue EAEko Hezkuntza Legeak zer eragin izango duen Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ikastoletan ?

Ez gara oraindik zehaztasunetara iritsi, baina badakigu izan dezakeela eragina. Azkenean, mugimenduaren zati handi batek, agian, administrazioarekin beste harreman mota bat izatera joko du. Gure helburua da euskal hezkuntza sistema propio bat izatea, Euskal Herri osorako izango dena. Lege hau kontzeptu berri batetik dator: Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa. Guk askotan aldarrikatu dugu, eta uste dugu tresna bat dela Euskal Herriko hezkuntza sistema propio horretara iristeko. Emaitza onak emango balitu eta behar bezala garatuko balitz, aukera bat izan daiteke Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako ikastolentzat.

Ikastolak eta euskara ezin dira bereizi. Baduzue kezkarik ikasleen euskara mailaren inguruan?

Bai. Azken ebaluazio diagnostikoen emaitzek hori erakutsi dute: jaitsi egin dira erabilera eta kalitatea. Hori ikusita, hizkuntza proiektuak egokitu, moldatu eta berritu ditugu, eta ari gara ikastoletan lan sakon bat egiten horrekin. Egiaztatuta daukagu emaitza onenak murgiltze ereduarekin lortzen direla. Ikastoletan murgiltze eredua dugu, eta, halere, kezkatuta gaude. Guk nahi genuke murgiltze eredua sistema osoan hedatzea. Hizkuntza proiektuek hartu behar dute indarra, eta baliabideak jarri behar dira hizkuntza proiektuak behar bezala garatu daitezen.

Seaskako ikasleek ez dute aukerarik baxoko azterketa euskaraz egiteko. Pausoren bat espero duzue arlo horretan?

Gaur [atzo] elkarretaratze bat dago, eta orain joango naiz harantz. Badakit harremanetan daudela administrazioarekin, baina aurtengo azterketa frantsesez pasatuko dute. Halere, ez dugu itxaropena galdu; brebetarekin lortu da, eta borrokan jarraituko dugu euskaraz egiteko aukera izan arte.

Datozen urteetako erronka nagusietako bat izango da jaiotze tasaren jaitsiera. Kezkatzen al zaituzte ikasle gutxiago egoteak?

Bai, noski; hori ez dizut ukatuko. Baina krisi guztiek aukerak ere ematen dituzte, eta horri helduko diogu: aukerak ematen dizkigu gauzak beste era batera egiteko; baliabide gehiago izateko; ikaslea benetan zentroan jarri nahi badugu, horri erreparatzeko...

Printzipioz, urtebetean egongo zara karguan. Gustatuko al litzaizuke gehiago jarraitzea?

Gustatu bai, baina hori ez dut nik erabakiko, ikastolen komunitateak baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.