Jantzirik onenekin itzuliko da

Bihar hasiko da Euskal Herriko Itzuliaren 60. aldia, Bilbon. Aurreko urtean bertan behera gelditu ondotik, puntako parte hartzea izango du. Iazko hiru itzuli handietako irabazleak irteeran izango dira

Jantzirik onenekin itzuliko da.
enaut agirrebengoa
2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Urtebeteko etena izan du Euskal Herriko Itzuliak, pandemiaren ondorioz. Etxealdi luze baten modukoa izan da. Bada, iritsi zaio kalera itzultzeko garaia. Bihartik datorren larunbatera bitarte jokatuko da probaren 60. aldia. Bilbon hasiko da, erlojupeko batekin, eta Arraten amaituko, 797,6 kilometroko ibilbidea osatuz. Apain-apain itzuliko da, luxuzko parte hartzea izango baitu. Besteak beste, iazko hiru itzuli handietako irabazleak ariko dira: Tadej Pogacar (UAE), Tao Geoghegan Hart (Ineos) eta Primoz Roglic (Jumbo Visma). Ion Izagirre (Astana) nagusitu zen azken Itzulian, eta txapela defendatzen saiatuko da. Mikel Landa (Bahrain) da garaipenaren lehian ariko den beste euskal herritarra. Guztira 24k hartuko dute parte.

Burbuilak dira txirrindularitza lasterketen musukoak, eta Itzuliak hiru izango ditu: ziklistak eta taldeetako gainerako kideak egongo dira aurrenekoan, haiengandik gertu egon daitezkeenak bigarrengoan; eta ordezkariak hirugarrengoan. Horrez gain, antolatzaileek etxean gelditzeko eskatu diete zaleei. «Ikuskizun ederra ikusi ahal izango da telebistaz, baina saltsa faltako da. Zaleei mesedez eskatzen diegu ez biltzeko probaren inguruetan», esan zuen Itzuliko zuzendari Julian Erasok probaren aurkezpenean.

Hautagaien zerrendak emango dio xarma lasterketari. Ikusmin berezia pizten du Pogacarren eta Roglicen buruz burukoak. Bi esloveniarrek borroka epikoa izan zuten iazko Tourrean, eta geroztik ez dira elkarren aurka lehiatu itzuli batean. Txirrindularirik indartsuenak dira gaur egun hiru asteko itzulietan, baita astebetekoetan ere. Pogacarrek beste erakustaldi bat eginda irabazi du aurten Tirreno-Adriatikoa, eta Arabiar Emirerrietako Itzulian ere nagusitasunez gailendu da. 2019an lehiatu zen aurrenekoz Itzulian, eta seigarren izan zen.

Roglicek, berriz, bigarrenez irabazi nahi du Itzulia, 2018ko aldian nagusitu ondoren. Sentipen gazi-gozoekin abiatu du sasoia Paris-Nizan: nagusi izan zen, hiru etapa poltsikoratuta; baina, bi aldiz erori, eta lidergoa galdu zuen azken egunean. Astebeteko zazpi itzuli irabazi ditu azken hiru denboraldietan. Gainera, birritan irabazi du Vuelta, eta podiuma zapaldu du Tourrean eta Giroan. Animalia lehiakorra da.

Esloveniarrei itzal egiten saiatuko da Ineos. Erabateko nagusitasuna erakutsi du Kataluniako Voltan, podiuma osorik bere eginda, Adam Yates, Richie Pote eta Geraint Thomasekin. Bada, Itzulian Yates izango du lider berriz ere, alboan Geoghegan Hart eta Richard Carapaz dituela. Borak ere zeresan handia eman dezake, Maximilian Schachmann, Emanuel Buchman eta Wilco Keldermanekin. Paris-Niza irabazita iritsiko da Schachmann; hiru etapa patrikaratu zituen 2019ko Itzulian.

Aldi hartan, Ion Izagirre gailendu zen, eta garaipena berritzeko erronka du orain. Balentria lortuko balu, Itzuli gehien irabazi duen euskal herritarra bilakatuko litzateke, Julian Gorosperekin batera 1983an eta 1990ean nagusitu zen. Sasoiko abiatu du denboraldia; hirugarren izan zen Paris-Nizan. Haren taldekide Jakob Fuglsang ere hautagaien artean dago. Baita Mikel Landa ere. Bahrain taldeko txirrindulariak bigarren egin zuen 2018ko Itzulian. Tirreno hirugarren bukatuta iritsiko da.

Goian egon daitezke Alejandro Valverde eta Enric Mas (Movistar); Hugh Carthy, Sergio Higuita eta Rigoberto Uran (Education First); Michael Woods (Israel); Esteban Chaves (Bike Exchange); eta Bauke Mollema (Trek). Distiratsua da etapa ehiztarien zerrenda ere. Bertan daude, besteak beste, Alex Aranburu (Astana), Marc Hirschi (UAE) eta Thomas De Gendt (Lotto Soudal). Etapak ehizatzea da, hain justu, Euskaltel-Euskadi, Caja Rural eta Kern Pharmaren helburua. Errepidera bueltatu eta gero, Itzulira bueltatuko da talde laranja.

Ibilbide iraulia

Antolatzaileek iazko ibilbideari eutsi nahi zioten, baina ez da posible izan, Berak eta Errenteriak uko egin diotelako proba hartzeari. Hala, goitik behera aldatu dute lasterketaren gidoia: iazkoa Arrateko etaparekin hasi eta Bilboko erlojupekoarekin amaituko zen. Alderantziz izango da orain. Erlojupekoaren ibilbidea zazpi kilometro pasatxo laburtu dute (21,1etik 13,9ra), eta %19ko malda tentea sartu amaieran. Biharamuneko etapa berria izango da. Zallan hasi eta Sestaon bukatuko da, eta helmugatik hogei kilometrora Bigarren Mailako La Asturiana izango du. Hirugarren etapan, berriz, Lehen Mailako Ermualden egongo da helmuga. Laburra da (4 kilometro eskas), baina oso gogorra (%17ko eta %20ko zatiak ditu). Aurrenekoz igoko dute.

Laugarren etaparen amaierak Donostiako Klasikoaren itxura izango du, Jaizkibel eta Erlaitz igoko baitituzte Hondarribira bidean. Bosgarrena ere berria da: Hondarribitik Ondarroara egingo du tropelak, eta bidean Hirugarren Mailako hiru mendate topatuko ditu. Etaparik gogorrena jokatuko da azken egunean. 3.500 metroko desnibela gainditu beharko dute ziklistek. Zazpi mendate igoko dituzte guztira; tartean, Lehen Mailako Azurki, Krabelin eta Usartza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.