Alex Aranburu. Astanako txirrindularia

«Astanak ez du bakarrik ziklista baten alde egiten»

Kazakhstango taldearen filosofiak erakarri du Aranburu harekin fitxatzeko. World Tourrean debuta eginen du, eta «lana egitea» egokituko bazaio ere, «aukerak baliatzen» saiatuko da.

ASTANA.
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Bortzgarren denboraldia eginen du profesionaletan Alex Aranburuk (Ezkio, Gipuzkoa, 1995). Iaz aurrerapauso nabarmena eman zuen, eta Kontinental mailatik World Tourrerako jauzia egin du aurten, Astanaren eskutik. Gogotsu dago hasteko, neguko prestaketari azken ukituak ematen.

Alde handia nabaritu duzu Caja Ruralen eta Astanaren artean?

Baliabideen eta tamainaren arteko diferentzia oso handia da. Txirrindularietatik hasita: lehengo urtean 20-22 ginen, eta orain 29 bat edo ia 30 izango gara. Masajistak zortzi bat badauzkagu, medikuak ere beste hiru, prentsakoak lau bat badira... azkenean diru gehiago dago, eta hori nabaritu egiten da. Horrelako taldeek oso egitura handiak dituzte.

Noiz jakinarazi zizuten fitxatu nahi zintuztela?

Notizia atera baino hiru egun lehenago enteratu nintzen ni, Espainiako Vueltaren inguruan. Beste talde batzuek ere egin zizkidaten eskaintzak, baina Astana aukeratzeko gustatu zitzaidana da ez dutela hain jarrera itxia txirrindulari batekin. Hau da, ez dute apustu guztia baten alde egiten, eta aukeratu duten horrekin zerbait gertatzen bada, besteei ematen diete aukera. Hori oso inportantea izan zen niretzat. Gero, etxeko hainbeste txirrindulari taldean egotea ere lagungarri izan zen erabakia hartzeko. Baina motibo nagusia izan zen lasterketekin duten ikuspegia.

Zurekin batera ailegatu da Astanara Oscar Rodriguez. Adinekoak zarete biak, eta zu bezala Kontinental mailako etxeko talde batetik ailegatu da. Solas egin duzu harekin?

Bai, hitz egin dugu. Lehenagotik tropeletik ezagutzen genuen elkar, eta ni Caja Ruraletik eta bera Muriastik iritsi gara. Bera ere gogo handiarekin dagoela ikusi dut. Halaxe gaude, hasteko gogoz.

Eta gainerakoekin? Ezagutzen zenuten elkar?

Luisle [Luis Leon Sanchez] pixka bat ezagutzen nuen tropeletik, baina harreman handirik ez nuen. Izagirretarrak bai, ezagutzen nituen. Eredu izan dira beti guretzat.

Zer erran dezakezu egutegiaz?

Oso ona da. Omanen hasiko naiz [otsailaren 11tik 16ra], eta gero Tirreno, Itzulia, Amstel eta Giroa egingo ditut, beste lasterketa batzuen artean. Nire partea egingo dut, taldearen esanetara, eta aukerak baliatzen saiatuko naiz.

Bloke zehatzen bat edo lider bat egokitu zaizu egutegi hori egiteko?

Ez, printzipioz ez dut bloke jakin bat, edo lider baten inguruan antolatutako talde bat. Ez ditut lider berdinak izango lasterketetan. Girora, adibidez, [Jakob] Fuglsangekin goaz, baina bestelakoan ez dugu horrelako bloke bat osatuta.

Zein egiteko edo helburu paratu dizu taldeak?

Tira, lehenengo urtea dut, eta argi dago lana egitea tokatuko zaidala. Baina esan didate hemen guztiek izaten dituztela aukerak, eta esan zidaten ere gustuko dutela nire abiadura puntua, eta ez dutela nahi aldatzea nire txirrindulari izateko modua.

Horrek zure alde jokatzen du. Ezaugarri preziatua da abiadura puntu hori.

Bai. Egia da lasterketa asko ere ez ditudala irabazi orain arte, baina ongi ibili izan naiz horrelako bukaeretan, eta, aukerarik badut, aprobetxatu behar dut.

Astana aipatuta, Aleksandr Vinokurov managerra da pertsonarik ezagunena. Zuzendari taldean ere jende ezaguna dago: Giuseppe Martinelli, Bruno Cenghialta, Stefano Zanini... Zeinekin mintzatu zara egutegiaz eta helburuez?

Calpen egin genuen lehen kontzentrazioan guztiak zeuden, eta bilerak guztiekin izan ditugu, bai Vinokurovekin, Cenghialtarekin, [Aleksandr] Sheferrekin, Martinellirekin, Zaninirekin... Hiru taldetan banatu gaituzte, eta talde bakoitzak zuzendari bat du, bere prestatzaileak ditu... Niri Shefer egokitu zait. Baina pentsatzen dut Vinokurovek aginduko duela, ez dakit [irri egin du].

Astanak iaz sekulako denboraldi hasiera egin zuen. Ez zen kasualitatea izanen, ezta? Bilera horietan zerbait aipatu duzue?

Tira, inork ez du bereziki aipatu joan den urtekoa, baina pentsatzen dut denboraldi hasiera indartsua izango dela. Azken finean, Gorka [Izagirre], Luis Leon, Fuglsang... jende hori beti oso indartsu hasten da, eta aurten berdin egingo dute.

Baduzu lasterketarik begiz joa?

Beti [Euskal Herriko] Itzulia gustatu izan zait. Etxeko lasterketa da azken finean, eta gustatuko litzaidake ahal den hobekien ibiltzea. Baina egutegiarekin oso gustura nago orokorrean.

Caja Ruralen zinenean aukera izan zenuen World Tourreko lasterketa batzuetan lehiatzeko. Zer espero duzu aldatzea?

Oso aldaketa handia espero dut. Lehen, Vuelta, Itzulia eta Klasikoa korritzen genituen World Tourrean; orain, hamabi-hamalau proba izango dira, hau da, urte osoan korrituko ditugun ia denak. Eta, azkenean, horrek ematen dizu maila.

Presiorik edo urduritasunik sentitzen duzu?

Urduritasuna bai, noski. Normala da azkenean, salto bat eman dut, eta baduzu kezka hori nola joango ote den dena. Baina, aldi berean, gogo handia dut hasteko.

Kontratua bi urtekoa duzu. Horrek pazientziarako tarterik ematen dizu?

Hemen ez dago lo hartzerik. Ongi dago bi urterako kontratua edukitzea, baina etengabe hobetu beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.