KRITIKA. Antzerkia

Zortzi urte dolu

Agus Perez.
2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun

'Esto no es La casa de Bernarda Alba'

Zuzendaritza eta koreografia: Carlota Ferrer. Dramaturgia: Carlota Ferrer, Jose Manuel Mora. Eszenografia: Carlota Ferrer, Miguel Delgado. Argiak: David Picazo. Jantziak: Ana Lopez Cobos. Antzezleak: Carlota Ferrer, Eusebio Poncela, Igor Yebra, Oscar de la Fuente, David Luque, Julia de Castro, Carlos Beluga, Diego Garrido, Arturo Parrilla. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Apirilak 22. .

Alargundu berritan, zortzi urte dolu agintzen die Bernarda Albak bere menpekoei. Bost alabek etxetik irten gabe eta arreoa josten emango dute denbora. Balizko ezkontza delako askatasun apur bat lortzeko bide estua. Poncia neskame zaharra izango da munduarekiko lotura bakarra eta Pepe El romano-k beteko du gizon desiratuaren rol mitikoa.

Horraino Garcia Lorcak 1936an idatzitako tragedia sozial, gordin eta etnografikoaren muina. Ordea, Bilbora etorri den bertsioak izenburuan diosku «hau ez dela Bernarda Albaren etxea», eta puntu bateraino egia da, jatorrizko obraren moldaketa garaikidea aurkitu dutelako Arriaga antzokia bi egunez goraino bete duten ikusleek. Hala ere, garaikidetasuna ez da alde testualetik etorri, seguruenik jatorrizko obrak ez duelako indar apurrik ere galdu. Hasierako minutuetan, politxinela itxurako pertsonaia batzuk agertu dira plastiko zeharrargizko oihalaren aurrean, eta haren atzean jokatu den biolin-sarreraren ostean antzerkiari buruzko Lorcaren gogoeta batzuk esan ditu antzezle maskaradun batek. Emanaldian zehar argi geratu da sano laburtu dela jatorrizko testua, eta nik esango nuke Lorcarenak ez diren esaldiak ere sartu direla, baina, ezinbestekoa zenez, egilearen zuri-beltzeko hautu kromatikoa eta obrako pasarte nagusiak salbatu dira, haien inguruan eratuz estetika aurreratuko une gogoangarri asko.

Dudarik gabe, David Picazoren argi-diseinu landua da muntaia honetatik hobekien gogoratuko duguna, eta ez bakarrik bere efektismo finarengatik, baizik eta dramaturgia abstraktuan jokatu duen rol integratuagatik. Esan bezala, moldaketa garaikide baten aurrean gaude eta oraingo bertsioko berritasun nagusia da gizonek jokatu dituztela Bernardaren Eusebio Poncela, haren amaren Igor Yebra eta lau alaba nagusien rolak. Gainera, Yebra mundu-mailako dantzari bilbotarrak Pepe El romano-ren pertsonaia ere gorpuztu du dantzaren bidez, eta bereziki polita izan da amama zoroaren irudikapena, Haendelen Lascia ch'io pianga aria bikaina entzuten zen bitartean.

Fitxa teknikoari erreparatuz gero, Carlota Ferreren izena agertzen zaigu zuzendaritzan, koreografian, dramaturgian eta eszenografian, eta berak jokatu du alaba gazteenaren rola ere. Gauza lar naturaz gaindiko botereak ez izatekotan. Horrela esplikatzen dira antzezle guztien deklamazio zapala eta interpretazioen gristasuna, Ponciaren pertsonaiarengan zertxobait leundu direnak. Kurioski, Igor Yebra dantzaria izan da hitzei intonazioa, proiekzioa eta esangura eman dizkien bakarra. Zer pentsatua ematen du, gero, antzerki ustez sofistikatuan nagusitzen ari den azken joeraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.