Albistea entzun

Zientzia

Datuen gaindosia izurriaren kontra

Ikerlan zientifikoak izugarri ugaritu dira COVID-19aren garaian, baina argitaratu direnetatik asko «partzialak» edo «ongi egiaztatu gabeak» direla salatu dute hainbat adituk. Pandemiak azalera atera ditu sistemak zientzia ekoizteko dituen ezinak.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2020ko maiatzak 22

Pott egin du makineriak. Azken hilabeteetan, neurrigabe hazi da COVID-19ari buruzko ekoizpen zientifikoa, eta ikerlanak argitaratzeko ohiko sistemak gainezka egin du: 2019. urteko azken asteetan, ehunka artikulu argitaratu ziren SARS-CoV2 birusaren inguruan; gaur egun, 70.000tik gora dira. Aldizkari espezializatuek hilabeteak behar izaten dituzte artikuluak gainbegiratu, editatu eta argitaratzeko, eta, pandemiaren larritasunak bultzatuta, preprint izeneko online modalitatea hobetsi dute hainbat ikerlarik, argitaletxeen zain egon gabe beren lorpenak gizartean zabaltzen hasteko.

Argitalpen zientifikoen olde hori bi ahoko ezpata izan da orain arte: alde batetik, zientzialarien arteko elkarlana eta hartu-emanak erraztu ditu, COVID-19ari buruzko ikerketak mundu osora zabaldu ditu, eta gaitzari aurre egiteko estrategiak bizkortu. Zein da, hortaz, txanponaren ifrentzua? Bat baino gehiago dira, berez: batetik, lanen kopuru alimalekoak zaildu egiten du, datuen zirimolaren erdian, informazio zehatza topatzea dena irakurtzeko denborarik ere ez dago; bestetik, iragazki egokirik gabe, oso zaila da informazio baliagarriaren eta betelan hutsaren artean bereiztea. Alea lekatik libratzea, alegia.

Lehenengo arazoari aurre egiteko konponbide batzuk agertzen hasiak dira dagoeneko: iragan astean, esaterako, EHUko lau ikertzailek osatzen duten Ixa taldeak irabazi zuen COVID-19 Open Research Dataset Challenge lehiaketako sarietako bat. AEBetako Gobernuak sustatutako lehiaketa horren helburua da «COVID-19 gaitzaren aurka borrokan ari diren zientzialariei laguntzea, literatura zientifikoan behar duten informazioa ahalik eta errazen bilatzeko baliabideak eskainiz». Hori da, hain zuzen, Ixa taldeak garatu duen sistemak egiten duena: adimen artifiziala erabiliz, egiten zaizkion galderak ulertu, eta koronabirusari buruz argitaratu diren milaka eta milaka ikerlanen artean erantzun zehatzak topatzen ditu.

Aurrera begira, gisa horretako konponbideak lagungarri izanen dira zientzialarientzat; literatura zientifikoaren tsunamiak hartu duen tamaina ikusita, ordea, «erroko aldaketak» aldarrikatu dituzte hainbat adituk, ikerlanak argitaratzeko sistema fidagarria izateaz gain «irekiagoa eta gardenagoa» ere izan dadin.

Eremu akademikoan kezka azaldu dutenetako bat da Joaquin Sevilla Moroder, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea eta Kultura eta Dibulgazio saileko burua. Haren ustez, «zientzia argitalpenen sistema zaharkitu, akastun eta atzerakoi bat» dago egungo kolapsoaren oinarrian: «Azken hamarkadetan zeharo aldatu dira teknologia, komunikabideak eta mundua bera, baina zientzia argitaratzeko dugun sistema Einsteinen garaiko bera da; anakronikoa erabat».

Argitaratu ala hil

Gaur-gaurkoz, zientzia gizarteratzeko bide bakarrenetakoa da ikerlanak argitaratzea; ahal bada, Science edo Nature-ren gisako sona handiko aldizkari espezializatuetan. Lehen baliabide hutsa zena, baina, helburu bilakatu da: «Askotan, beka bat eskuratzeko, lanpostu bat lortzeko edo proiektu bat finantzatzeko modu bakarra da ikerlanak argitaratzea. Publish or perish (argitaratu ala hil) esaten zaio horri, eta, jakina, horrek handitu egiten du txostenen kopurua», azaldu du Sevillak.

Bestalde, artikulu horiek argitaratu aurreko prozedura oso mantsoa da: ikerlariek igorritako ikerlanak peer review (lankideen edo parekoen berrikuspena) sistema bidez gainbegiratu eta zuzenketak egiten dituzte editoreek. «Ikerlanaren alor bereko aditu anonimoek osatzen dute epaimahaia, eta zer zaintzen dute? Bada, batez ere, lana zentzuzkoa izatea eta egileek metodologia egokia erabiltzea. Askotan, hiru hilabetetik gora eman dezakete lan horretan», esan du NUPeko irakasleak.

Ohikoan, epe horiek «onargarriak» direla uste du Sevillak, baina pandemia baten erdian sistema gobernaezin bilakatzen da: «Zientziak aurrera egin behar du, emaitzak argitaratu eta partekatu behar dira, eta ezinezkoa da hainbat hilabetez zain egotea». Denboraz gain, beste hainbat arazo ere eragin ditu argitalpenen sistema zaharrak: «Garai batean, ohikoa zen ikerketa zuzendu zutenetako norbaitek ideia kopiatzea eta beretzat hartzea, eta gaur egun ere egileari presioa egiten zaio, artikuluan bere lagunen baten ikerketa aipa dezan».

Halako egoerak saiheste aldera, hainbat egilek ikusgai jarri dituzte beren lanak, aldizkarien oniritziaren zain dauden bitartean. Preprint izena hartzen dute ikerlan horiek. «Online biltegietan erregistratzen dituzte artikuluak, edonork kontsultatzeko moduan, baina argi izan behar dugu berrikusi gabeko lanak direla: proposamen bikainak eta berritzaileak izan daitezke, ala fundamenturik gabeko zerbait».

Hain zuzen, preprint artxibategietan bildutako lanen kalitateak ere eztabaida piztu du komunitate zientifikoan. Hainbat adituk ohartarazi dute hilabeteotan COVID-19ari buruz argitaratutako ikerketa eta artikuluetako asko «maila eskasekoak» direla, gaizki diseinatuak daudela edo metodologia akatsak dituztela. Zientziaren esparrua ere gainditu du arazoak; izan ere, ikerlan «eskas» horiek dira telebista, berripaper eta gainerako hedabide konbentzionalek hauspotu dituztenak.

Alea eta lastoa bereizten

British Medical Journal medikuntza agerkari ospetsuak maiatzaren 12an argitaratutako artikulu batean heldu zion auziari: Paul P. Glasziou, Sharon Sanders eta Tammy Hoffmann mediku eta irakasleen esanetan, «kalitate eskaseko ikerlanen oldea» oztopo bihurtzen ari da COVID-19ari «konponbide eraginkor bat emateko prozesuan».

Hidroxiklorokina sendagaiarekin eginiko saio klinikoak jo dituzte horren adibidetzat. Berez, malariaren, lupusaren eta artritis erreumatoidearen kontra erabiltzen den sendagai bat da, baina COVID-19aren kontra izan dezakeen eraginkortasuna aztergai da oraindik. Hala ere, hainbat hedabidek [eta AEBetako presidenteak berak] aurkeztu izan dute gaitzaren kontrako «sendagai magiko» baten gisara.

British Medical Journal-en arabera, pandemiaren hasieran sendagai horrekin eginiko ikerketa askok «oinarrizko akatsak» zituzten: lagin eskasak, kontrol talderik ez edota ongi zehaztu gabeko metodologia. «Hedabideek lehen ikerketa horiei eman zieten arreta neurrigabearen ondorioz, alferrikako beste hainbat ikerketa egin ziren ildo beretik».

Horregatik, Sevillak ez du uste arazoa denik literatura zientifikoa ugaritzea, aurkikuntzak komunikatzeko modua baizik: «Duela aste batzuk, eztabaida mikatza piztu zen maskaren egokitasunaren kontura; aurretik, beste polemika bizi bat izan genuen ibuprofenoaren balizko kalteez... Jendeak nahi ditu erantzun sinpleak, zehatzak eta berehalakoak, eta hedabide batzuek ohitura dute errezeta magikoak eskaintzeko. Tamalez, konponbide horiek ez dira errealak. Askotan, zientziak ematen dituen erantzunak ez dira guk nahi ditugunak».

Hori dela eta, konponbide bikoitza proposatu du: batetik, zientzia «erantzukizunez» komunikatzeko baliabideak, eta, bestetik, artikuluak argitaratzeko eta zuzentzeko sistema «gardenago» bat: «Inoiz baino beharrezkoagoa da kazetaritza zientifiko espezializatu eta arduratsu bat, zientzialarien eta herritarren artean bitartekari lana eginen duena; horrez gain, iragazki eraginkorragoak ezar daitezke artikuluak argitaratzeko. Gaur egun, badago modua lanak online eskegi eta horiek elkarlanean zuzentzeko. Komunitatea izan dadila begirale».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

A Currilingua, korsikeraren erabilera aldeko Korrikaren 65. kilometroan, iaz, lehen aldian. ©PARLEMU CORSU

Uhartea korrika korsikeraz

Ainize Madariaga

A Currilingua eginen dute bihar, korsikeraren aldeko egun bakarreko Korrika, Aleriatik Bonifaziurat. Bigarren aldiak parte hartzaile haboro dauzka, eta kilometro haboro hego muturreraino.
Xabier Urizar maila goreneko txokolatearen dastatzailea, txokolatea aztertzeko mapa eskutan duela. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Txokolatearen sekretuak

Olaia L. Garaialde

Xabier Urizar maila goreneko txokolatearen dastatzaileak hezkuntza eta txokolatea uztartzen ditu. Dastaketa baten nondik norakoak azaldu, xehetasunak aztertu eta mitoak apurtzen ditu.
 ©HBO MAX

Jolas parkeak, androideak eta gizatasuna

Mikel Yarza Artola

HBOren 'Westworld' telesailak laugarren denboraldia estreinatu du. Gizakien eta androideen arteko talka da nagusi thriller ilun honetan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...