Sanferminak

Zalagardak mantsotua

Fuente Ymbro ganadutegiaren zezenak aritu dira bigarren entzierroan. Azken zezenak luzatu du korrikaldia bukaeran. Herenegun baino zauritu gehiago izan dira: zortzi korrikalari eraman zituzten ospitalera atzo

Zalagardak mantsotua.
Yasmine Khris.
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Entzierro arina izaten ahal zen atzokoa, ez balitz azkeneko zezenagatik izan: Zalagarda izeneko zezen beltza emekiago joan zen ibilbidearen azken zatian. Hiru minutu eta hamar segundo iraun zuen atzoko entzierroak. Korrikaldi polita egin zuten protagonistek, eta tentsio uneak izan ziren, baina ez zuten arrisku handirik sortu: adarkaturik gabeko entzierro bizia izan zen Iruñean, eta zortzi lagun eraman zituzten ospitalera.

Eguraldi ona zen sanferminetako hirugarren egunean, eta giroa hasi zen berotzen 08:00etako suziria bota baino minutu batzuk lehenago: parte hartzaileen kopurua areagotu zen aurreko egunetik.

Fuente Ymbro ganadutegiaren (Cadiz, Espainia) zezenek 2018an parte hartu zuten azken aldiz entzierroetan. Duela lau urte, lasterketak bi minutu eta 33 segundo iraun zuen, eta bortz zauritu utzi zituen. Zezen azkarrak izan ohi dira, eta lasterkariei jaramonik ez zieten egin; adarkaturik gabeko seigarren entzierro jarraitua izan zen, 2018an.

2002an sorturiko ganadutegiko bortz zezen beltz atera ziren, atzo, ukuilutik, kostata. Urduritasuna ere bazen erdigunean, hesiaren bi aldeetatik. Hiru joaldunak zezen samaldaren lehenak izan ziren, eta berehala talde trinkoa osatu zuten.

Udaletxe plazara heltzean, hiru animalia jarri ziren buruan, eta abiadura bizian iritsi ziren Estafetako bihurgunera. Ezin izan zuten garaiz mantsotu, eta bi zauritu eragin zituzten. Zezen bat ere erori zen Mercaderes karrikan, baina segituan jarraitu zien gainerako animaliei. Abiadura nabarmentzekoa zen.

Minutu bat bete zenean, zezen taldea Estafeta karrikara sartu zen. Aurki, ordea, zezen saldoa banatzen hasi zen, eta irrist egin zuten animaliek. Espero gabe, azken zezenak atzera egin zuen, eta, gainera, erori egin zen. Berehala, altxatu, eta aitzinerantz jarraitu zuen. Bitartean, hutsuneak sortu ziren, eta lasterkari adituek aprobetxatu zuten. Estutasunak nabaritu ziren.

Estafeta karrika zabaletik, entzierroaren eskemak bertze itxura bat hartu zuen: bi zezen joan ziren aurretik, bertze bi atzetik, eta borzgarrena, atzerago. Halere, kasu handirik ez zieten egin korrikalariei, eta aitzinera egin zuten zezenek. Halere, abiadura galduz joan ziren, eta ia trinkotuta iritsi ziren zezen plazara. Han, Zalagarda berandu iritsi zen, kronometroaren segundoak pasatu bitartean.

Azkenik, zezen plazako sartzea izan zen unerik bitxiena: zezen guziak sartu ziren hondarrezko zelaira, bat izan ezik. Kosta egin zitzaion ukuiluetara ailegatzea, baina hiru minutu pasatu ondotik aditu ziren bukaerako txaloak.

Zortzi pertsona zaurituta

Lehenbiziko entzierroan baino bi pertsona gehiago zauritu ziren, atzo. Eguerdiko ordu bata aldera eman zuten berria osasun zerbitzuek: zortzi lagun eraman zituzten ospitalera, kolpeen ondorioz. Haien artean, prentsa argazkilari bat: hesitik erori zen, eta bi saihets hautsi zituen.

Ibilbidean zehar, zauri arinak zerrendatu zituzten osasun langileek. Korrikalari bat zapaldu zuten zezenek Udaletxe plazan, eta gerrialdeko kontusioa izan zuen. Plaza berean, bertze pertsona bat erori zen. Telefonicako zatia izan zen kaltegarriena: bi lagun zauritu ziren. Batek ezkerreko hanka hautsi zuen eta bertzeak kontusio anitz pairatu zituen.

Gaur, berriz, Jose Escolar (Avila, Espainia) ganadutegiko zezenek zeharkatuko dituzte Iruñeko Alde Zaharreko karrikak. 2019an, bi minutu eta hamahiru segundoan egin zuten ibilbidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.