Sanferminak

Cebada Gago: beldurrak airean

Cebada Gago ganadutegiak eutsi egin dio bere famari: hiru adarkatu utzi zituen atzoko entzierroak. Hiru minutu eta 12 segundo iraun zuen, eta arrisku handikoa izan zen

Cebada Gago: beldurrak airean.
Yasmine Khris.
2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Bortzgarren egunean, eutsi egin zioten famari Cebaga Gago ganadutegiko zezenek (Cadiz, Espainia). Arriskutsuen famari, alegia. Ezaguna da hori sanferminetako entzierro zaleen artean: 31. aldiz aritu ziren atzo Iruñeko karriketan, eta, bertze behin, nabarmendu egin ziren zoruan. Oraingoz, entzierrorik luzeena egin zuten, baina baita arriskutsuena ere. Hiru adarkatu utzi zituzten Cebaga Gagokoek, eta sei lagun eraman zituzten erietxera.

Zortziak jo, eta suziria bota zuten, goizero bezala. Berehala, zezen batek abiadura hartu zuen, bertzeak atzean utzita. San Domingoko aldaparen hasieratik sakabanatu ziren zezenak, eta arrisku guneak ugaritu zituzten. Animalia batek hartu zuen lasterkaren burua, eta, gidari gisa, garbi utzi zuen malda bertze zezenentzat.

Udaletxera ailegatzean, bertze zezen bat batu zitzaion, eta efektu zuzena izan zuen horrek: jendea erortzen hasi zen. Hainbat lagun lurrera erori ziren, eta hesiaren bertzaldetik aditu ziren ikusleen oihuak. Izan ere, zezen batzuek korrikalariak zanpatu zituzten. Mercaderesko bihurgunean, zezen batzuk erori egin ziren baita ere, eta tentsioa areagotu egin zen. Minutu bat betetzerakoan, Estafetatik sartu ziren animaliak.

Ibilbidearen arteria da Estafeta karrika, eta entzierro guzietan ageri da. Atzo, zezen batek bereziki azkar egin zuen, eta korrikalariak zapaldu zituen karrikaren erdian. Bortizki. Zaurituak han utzi zituen, Gurutze Gorriaren arabera. Estafetaren bigarren zatian, taldeak irrist egin zuen, ordura arte nahiko trinko bazebilen ere. Hala eta guztiz ere, ez zen unerik arriskutsuena izan. Zezen plazara iristear zirela, Telefonicako zatian, zezen batzuk erori egin ziren, eta haietako batek buelta eman zuen. Hainbat korrikalarik talka egin zuten harekin, eta hiru zauritu izan ziren hor. Ondotik, zezen plazarako sarreran sortu ziren bertze tensio momentu batzuk. Zezen bat baino gehiago erori zen, eta jendea pilatu zen hondar gainean.

Adarkatutako korrikalariei dagokienez, lehena Telefonica aldean artatu zuten; hankan du zauria. Bertze biek zezen plazan jaso zuten zezenen adarkada: batek, ezkerreko iztondoan, eta bertzeak, eskuineko hankan.

Bitxikeriak ere bai

Atzoko entzierroak irudi bitxi bat utzi zuen: gazte bat entzierrotik bota zuten, eskuetan patinete bat zuela eta. Izan ere, zezen guziak igaro ziren jadanik, baina atzeko joaldunak oraindik ez. Jakinarazi zutenez, salaketa jarri zioten hutsegite oso larria egiteagatik, gainerako korrikalarientzat arriskua sortu baitzuen.

Gaur, Jandilla ganadutegiaren animaliek (Badajoz, Espainia) eginen dute lasterka seigarren entzierroan. Elezahar beltzak deitzen dituztenak arituko dira, eta ikusmina handia da, jende gehien adarkatu duten zezenak baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.