Sanferminak

Egurrezko hesia kentzeko ordua

Sevillako Miura ganadutegiko zezenek egin dute azken entzierroa, ohi bezala. Lagun bat adarkatua izan da, eta bertze bortz erietxera eraman dituzte. Bi minutu eta 14 segundo iraun du sanferminetako azken zezen lasterketak

Egurrezko hesia kentzeko ordua.
Yasmine Khris.
Iruñea
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Batzuk, gaupasaz etorriak. Bertzeak, goiz ernatuak, azkenari ez baitzaio huts egiten. Egun argitsupean luzaketak egiten ikusi ahal izan ziren korrikalariak. Jakina da sanferminetako azken entzierroa ez dela bertzeak bezalakoa, eta bero boladaren erdian, are gutxiago. Atzo, Sevillako (Espainia) Miura ganadutegiko zezenak aritu ziren, zortzigarren egunean, Iruñeko karriketan. Lagun bat adarkatua izan zen, eta bertze sei ere erietxera eraman zituzten.

Eguzkitako betaurrekoak, abanikoak eta txanoak; eta Udaletxe plazako erlojuak 08:00ak jo gabe oraindik. Halere, askotariko ikusleak azaldu ziren egurrezko hesiaren bazter guzietatik. Udaletxe plazan, garestiak ziren jarlekuak: Miura ganadutegiko animaliak ezagunak dira entzierroaren munduan, ia mitikoak. 54. parte hartzea dela eta, ikusmina zegoen. Estafeta karrikan, berriz, pribilegiatuenak balkoietan zeuden, zoruari so. «Pentsa zer azkar joan den!», aditu zen eraikin bateko bigarren solairutik. Bestez ari da Alde Zaharreko bizilaguna, erdi penatua. Entzierroa ere azkarra izan zen: 2 minutu eta 14 segundoan zeharkatu zuten ohiko ibilbidea animaliek.

San Domingoko ukuilutik suziria bota orduko abiatu ziren zezenak, maldan goiti. Joareak astinduz, hasi ziren abiadura hartzen. Azkar ekin zioten maldari; izan ere, jende anitz bildu zen aldapan atzo, eta zuriz jantzitako karriken artetik iragan ziren animaliak. Gaztain koloreko sei zezenek aise egin zuten lasterka, eta arin. Korrikalarien artean, pilaketak izan ziren ezker-eskuin, eta susto batzuk ere bai.

Garbi ailegatu ziren Udaletxe plazara, bi joaldun buruan. Aitzinerantz segitu zuten, eta Mercadereseko bihurgunea hartu zuten, korrikalariei kasu handirik egin gabe. Eta bazen kasu egitekorik: izan ere, korrika egiteko azken aukera izanda, publiko ugari zen presente karrikan. Ondorioz, zenbait lagun erori ziren.

Estafetara sartzean, sakabanatzen hasi ziren zezenak, bi taldetan. Efektu zuzena izan zuen horrek: bi samaldaren arteko espazioan erortzen ziren korrikalariak, zapalduak izateko arriskuan. Gutxika, zezen taldea gehiago barreiatuz joan zen. Bitartean, kolpeak eta adarren aurrean egoteko borrokak ikusi ziren. Azkar egin zuten korrikaldia Estafeta karrikan. Bigarren erdian, hiru animalia jarri ziren buruan, bertze hirurak pixka bat atzerago geratuta. Orduan bai, lasterketa politak egin ahal izan zituzten korrikalariek.

Telefonicako zatian, banatu egin ziren zezenak, maldan behera jaitsi baino lehen. Korridoreen kontra egin gabe heldu ziren zezen plazara. Erraz gurutzatu zuten hondar zelaia, herenegungo Victoriano del Riokoek baino bi segundo beranduago. Lasterketa osoa ikusita, arrisku gutxi nabaritu zen, eta zezen guziek zintzotasuna erakutsi zuten. Nafarroako Unibertsitate Ospitalearen osasun partearen arabera, sei pertsona artatu behar izan zituzten osasun zentroetan: bat adarkada batengatik.

Heldu den urtera arte

Miurako zezenak ohikoak dira sanferminetako entzierroetan, baina baita beste ganadutegietakoak ere. Orotara, zortzi egunen artean, berrogei animalia baino gehiago izan dira entzierroen protagonistak. Zezen plazan hil dituztenak ere bai.

Azken entzierroa amaitu bezain laster, atzo bertan hasi ziren entzierroko hesiak kentzen Hermanos Aldaz zurgindegiko langileak. Heldu den entzierroa2023ko uztailaren 7an izanen da, 08:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.