BA AL ZENEKIEN...

2018ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
...uztailaren 7an Polizia Armatua zezen plazan zela?

Nahiz eta istilu larriak uztailaren 8an gertatu ziren, bezperan Polizia Armatua zezen plazan zen. Zezenketaren ostean, peñetako batek (La Unica) erabaki zuen, protesta gisa, zezen plazan geratzea. La Unicako peñakide bat itxialdia egiten ari zen udaletxean, eta, hari elkartasuna erakusteko asmoz, keinu hori egin zuten.

Zer gertatu zen?

Polizia Armatuak zezen plazan esku hartzeko imintzioa egin zuen. Bozgorailuetatik, La Unicakoei eskatu zitzaien zezen plaza uzteko, eta peñako kideek, arriskua ikusirik, bertan behera utzi zuten plazan geratzeko asmoa. 21:00etan, plazaren hondarretara egin zuten jauzi, eta Oberena eta Charco peñen ostean atera ziren, euren pankarta bilduta.

Zergatik egiten ari ziren itxialdia?

Egun batzuk lehenago, bost gazte atxilotu zituzten poliziek (Javier Orofino Iturgai, Alfredo Galindo Sarasibar, Jesus Villanueva Larrea, Miguel Angel Valencia eta Jesus Sueskun Irujo). Atxiloketa horiek salatzeko, manifestazioa izan zen uztailaren 3an Iruñean, eta itxialdia eta gose greba hasi zuten udaletxean zortzi lagunek. Sanferminen aurretik, lehen hiru gazteak libre geratu ziren bermea ordainduta, baina itxialdikoek askatasuna aldarrikatzen jarraitzen zuten.

Zergatik atxilotu zituzten?

Juan Eseberri Guardia Zibileko tenienteordea hiltzea leporatzen zieten. Maiatzaren 10ean, Txapitela kalean, gazte batzuk barrikada bat egiten ari zirela, oldartu egin zitzaien Eseberri, eta pistola gainean zeramala jabetu ziren. Labankada jo zion gazte batek, eta Eseberri handik hilabetera hil zen, zauri haren infekzioak eraginda.

Zer gertatu zen maiatzean?

Eskuin muturreko taldeek istilu larriak eragin zituzten Iruñean. Kateekin eta makilekin Alde Zaharrera jo zuten. Liga Komunista Iraultzaileko egoitzari eraso egin zioten,eta tiroak ere jo zituzten. Gehienak poliziak ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.