Koronabirusa

Industria geratzen hasi da

Euskal Herriko enpresarik handienek ekoizpena eten dute, beharginen segurtasuna bermatzeko ezintasunak bultzatuta. Euskal industriak eta ekonomiak jokaleku ezezagun bat dute aurrez aurre

Ertzaintza Mercedesera joan zen atzo, istiluak egon zirelako beharginak lantegia ixteko eskatzen ari zirela eta. 14:00etarako eten zuen ekoizpena zuzendaritzak. RAUL BOGAJO / FOKU.
xabier martin
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Espero zitekeen: nekez beteko zen ariketa bat da konfinamendua agintzea herritarrentzat eta langileek beren lanpostuetan segitzea enpresa handietan, eskuz esku egonda ekoizpen lerroetan. Industria alorreko enpresa handiek ere pertsiana jaitsi dute Euskal Herrian telelanaz bete ezin daitekeen oinarrizko esparru batean: ekoizpenean. Haientzat aritzen diren hornitzaileek bide berari jarraituko diote laster, domino efektu batez.

Iruñeko Volkswagen izan da jokaleku berria zein den ulertzen lagunduko duen muturreko erabakia hartzen lehena. Igande arratsaldean, asteleheneko suzko proba iritsi aurretik, helarazi zuen aldi baterako itxiko duela, argi esanda jarduerarekin jarraituz gero beharginen osasuna ezingo zuela bermatu. «Ezinezkoa da osasun agintariek ezarri dituzten neurri gero eta zorrotzagoak betearaztea», esplikatu zuen enpresak, agiri baten bitartez. Euskal Herriko beste auto fabrika handiak erabaki bera hartu zuen handik ordu batzuetara. Gasteizko Mercedes ere itxita dago atzodanik; langile batzordearen presioari aurre egin ezinik, ekoizpena eten zuen 14:00etarako. Itxiera berretsi aurretik, langileek Ertzaintzari eskatu zioten enpresara joateko, ikus zezaten langile askok ezin zutela metro eta erdiko distantzia hartu elkarren artean. Autogintzako bi erraldoien artean, zuzeneko 10.000 enplegu dituzte, baina beste horrenbeste izan daitezke zeharkakoak. Euskal ekonomiaren zati handi bat gelditu egingo dela errealitate bat da jadanik.

Ekoizpen katea eteteko arriskuaz asko hitz egin da egunotan, Txinako osagaien gabezia dela eta. Orain ikusi da osagaien gabeziak ez, baina langileen osasuna bermatu beharrak geratu duela ekoizpena enpresetan. Robotizazioaren garaian, euskal lantegi handietan ezinbestekoena langileak direla garbi utzi du COVID-19aren krisiak.

Autogintzaz harago, muturreko egoera ia industria osoari eragiten ari zaio. Gipuzkoako enpresa handienean, CAFen, gutxienez astebete geratu dute produkzioa —ostegunean jai zuten, eta ostiralean, zubia—. Baina neurriak hartu dituzte egun gehiago geratzeko. Michelinek ere erabaki du Gasteizko eta Lasarteko fabriketako ateak ixtea, gutxienez zortzi egunez. Espainiako, Frantziako eta Italiako beste lantegiak ere zarratuta dauzka. Enpresak onartu du Gasteizko lantegian koronabirus kasuak gertatu direla.

Enplegu erregulazioak

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak konfinamendu orokorra agintzeko bezperan, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak esan zion BERRIAri «une zailak» iritsiko zirela enpresetara, baina ekoizpenean egon zitezkeen arazoak ez zirela orokorrak izango, langileak kutsatzen hasten ez baziren. Madrilen hartutako konfinamendurako erabakiak dena aldatu du, ordea, eta beharginak eurak dira orain etxean geratzeko eskubidea aldarrikatzen dutenak, beren osasunaren alde.

Batera edo bestera, itxiera sonatu horiek aldi baterako dira, baina inork ez daki itzulera data zein den, inork ez dakielako hartu berri diren neurri gogorrek noiz eragingo duten kutsatze katean, noiz apalaraziko duten kutsatuen kopurua, alegia. Enplegu erregulazioen mamua sukalderaino sartzen hasi da, asteak iraungo duen geldialdiari erantzuteko modua hori izango baitute enpresa askok. Atzo bertan aldi baterako erregulazio espediente bat negoziatzen hasi ziren CAFen, eta martxoaren 23tik aurrera ezarriko dute. Ordura arte, soilik telelana egin dezaketenak ariko dira beharrean. Zuzendaritzak eta sindikatuek hitzartu dute atzotik asteazkenerako soldataren zati bat jasoko dutela langileek, eta gainontzekoa aurrerago ordainduko dietela, orain galduko dituzten lan orduak berreskuratzeko aukera dutenean.

Antzeko neurri batzuk hartu ditu Irizar kooperatibak ere. Ormaiztegiko eta Adunako autobus lantegiak «geldialdi teknikoan» daude asteazkenera arte. Tarte horretan neurtu nahi dute zer estrategia hartuko duten lanari eusteko «osasun arriskuak ahalik eta gehien txikituta».

Sindikatuen abisua

Enpresa bakoitza ahal duen moduan ari da bide ezezagun honetan pausoak ematen. Enpresa handietan akordioak espero dira zuzendaritzen eta sindikatuen artean, baina aldebakarreko erabakien menpe gera daiteke behargin multzo handi bat. Esaterako, Sokoan (Hendaia, Lapurdi), kaleratzen hasi dira aldi baterako enpresen bitartez kontratatuko langileak.

ELAk abisua eman du «beti» negoziatu behar direla erregulazio enpleguak, «eta epe tasatu batekin, adibidez, alarma-egoeraren aldia»; sindikatuaren arabera, «ez zaie inolaz ere gutun zuririk eman behar enpresei». LABek ostiralean egin zuen moduan, ELAk ere funtsezkoak ez diren jarduera guztiak gelditzea eskatu zuen atzo, «inkoherentzia handia baita etxeetan konfinamendua dekretatzea, baina lanpostuetara joateko betebeharrari eutsiz». Gobernueiezohiko prestazio ekonomikoak eskatu zizkien: kotizazio-oinarriaren% 100eko estaldura langile guztientzat, baita langabeentzat ere.

Confebaskek, berriz, ahalik eta malgutasun gehiena eskatu du lan taldeak egokitzeko, eta alarma bukatu ondoren ere enpresek laguntza publikoa beharko dutela esan du.

Ekoizpenari eutsi dioten enpresa handiak ere badira —Gestamp, CIE Automotive, Smurfit...—, eta AHTaren lanek ere aurrera jarraitzen dute. Berantevillan (Araba), Aernnovako planta zabalik da, sindikatuek gogor kritikatu arren erabaki hori. Petronorrek ere ez du ekoizpena eten, nahiz eta telelanaz baliatu den ahal izan duen esparru guztietan.

Agertokia are larriagoa egiten du geldialdia orokortzen ari dela Europan. PSAk (Peugeot, Citroen, DS, Opel eta Vauxhall) eta Renaultek bertan behera utzi dute jarduera guztia kontinentean. Koronabirusa arazo globala da, eta ondorioei aurre egiteko erantzunek ere askoren artekoak izan beharko dute, EBko kideek beren kabuz hartzen dituztenez gain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.