Koronabirusa

EAEko Auzitegi Nagusiak ez du baimendu ziurtagiria luzatzea

Epaileek ez dute ontzat jo ziurtagiria otsailaren 13ra arte indarrean egotea, ez eta eremu gehiagotara zabaltzea ere. Jaurlaritzak ez du bat egin erabakiarekin, baina ez du helegiterik aurkeztuko

Bilboko jatetxe bateko langile bat emakume bati COVID ziurtagiria eskatzen. LUIS TEJIDO/ EFE.
Edurne Begiristain.
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren asmoei bizkar eman die, beste behin, EAEko Auzitegi Nagusiak: atzera bota du COVID ziurtagiriaren erabilera bi astez luzatzeko eta jarduera gehiagotara zabaltzeko gobernuak egindako eskaria. Jaurlaritzaren galdea oso-osorik bota dute atzera epaileek; hau da, ez dute baimendu tabernetan, kultur jardueretan, ospitaleetan eta egoitzetan COVID ziurtagiria otsailaren 13ra arte eskatzen jarraitzea, ez eta neurri hori esparru gehiagotara zabaltzea ere. Luis Angel Garrido magistratua buru duen administrazioarekiko auzien aretoak aho batez hartu du erabakia.

Ziurtagiria bi astez luzatzeko baimena ostiralean eskatu zion Eusko Jaurlaritzak auzitegiari, eta, orain arteko eremuetan ez ezik, beste establezimendu batzuetan ere dokumentua eskatzeko nahia agertu zuen: hain zuzen, hoteletan, turismo ostatuetan eta joko aretoetan. Eskaerei ezezkoa emateko auzitegiak eman duen arrazoi nagusia izan da ez dagoela nahikoa «ebidentzia zientifikorik» halakorik justifikatzeko; are, estatuan ziurtagiria ezarri duten eta ezarri ez duten erkidegoen erabakiak aztertuta, adierazi du neurri horren «eraginkortasuna» ez dela argi eta garbi ikusten.

Egungo egoera epidemiologikoa ere kontuan hartu dute epaileek eskaera atzera botatzeko:nabarmendu dute abenduan neurria ezarri zenean baino hobea dela egungo egoera, birusaren transmisioa oso altua izanda ere intzidentzia «hoberantz» doalako, eta ospitaleetako presioa arintzen ari delako. Gainera, esan dute omikron aldaera oso kutsakorra izanagatik ez dela «beste aldaera batzuk bezain larria», eta18 urtetik gorako herritarrak hirugarren dosia ari direla hartzen. Hori guztia aintzat hartuta, epaileek uste dute Jaurlaritzak ez duela neurriaren «proportzionaltasuna» ongi azaldu, eta, beraz, ez dagoela arrazoirik ziurtagiriaren erabilera denboran eta eremu gehiagotan zabaltzeko.

Ziurtagiria eremu gehiagotara zabaltzearen inguruan, berriz, fiskaltzak emandako iritziaren bidetik doa auzitegia. Aretoak dio neurria hotel, turismo ostatu eta joko aretoetara hedatzeko zergatia ez dagoela «behar bezala justifikatuta». Epaileen ustez, taberna batera joatea «hautazkoa» da, baina hotel batera joatea «nahitaezkoa» izan daiteke askorentzat, lan arrazoiengatik esaterako. Horregatik, hoteletan neurriaezartzeari buruzko zalantzak agertu dituzte, iritzita ez dagoela arriskurik justifikatzen duena hoteletan orain ziurtagiria eskatzen hastea.

Horiek horrela, atzoz geroztik gaueko aisialdiko zenbait establezimendutan eta 50 mahaikide baino gehiago dituzten jatetxeetan baino ez da derrigorrezkoa izango ziurtagiria eskatzea. Izan ere, joan den abenduaren 4an Espainiako Auzitegi Gorenak baimendu egin zuen toki horietan ziurtagiria eskatzea, EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia atzera bota ostean. Neurri horrek ez du epemuga jakinik.

Helegiterik ez

Eusko Jaurlaritzak hiru egun ditu ebazpenaren aurkako kasazio helegitea aurkezteko, baina atzo arratsaldean adierazi zuen ez duela alegaziorik aurkeztuko. Atzo, gobernu bileraren prentsaurrekoan izan zuten epaiaren berri Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta Bingen Zupiria bozeramaileak, Whatsapp bidez, eta jakinarazi zuten ebazpena «sakon» aztertu arte ez zutela baloraziorik egingo. Arratsaldeko azken orduan komunikatu baten bidez eman zuen erabakiaren berri Jaurlaritzak: ez du helegiterik jarriko, ez baititu COVID-19aren aurkako neurrien gaineko erabakiak «etengabe judizializatu» nahi.

Hala ere, Jaurlaritzaren ustez, egungo egoera epidemiologikoa aintzat hartuta eta Labik joan den ostiralean hartutako erabakiari jarraikiz, ezinbestekoa da prebentzio neurriei eustea. Gainera, azpimarratu zuen kontuan hartu behar dela mugakide diren beste erkidegoetan antzeko neurriak hartu direla eta epaileen baimena izan dutela. Hori horrela, Jaurlaritzak ez du ulertzen zer«logika» erabili duten epaileek COVID ziurtagiria bi astez luzatzea baztertzeko eta gaueko aisialdian neurriari eusteko. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ere adierazi du epaileen erabakia errespetatzen duela, baina zehaztu du Jaurlaritzak herritarren «ongizatea» kontuan izanda hartu dituela erabakiak.

Zortzigarren aldia da COVID-19aren aurkako neurrien kudeaketak aurrez aurre jartzen dituela Eusko Jaurlaritza eta EAEko Auzitegi Nagusia. Azken hilabeteotan sarritan egin dute talka, eta auzitegietatik heldu diren ebazpen hainbatek are gehiago katramilatu dute egoera. Eusko Jaurlaritzak maiz izan ditu buruko minak alde horretatik, EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota baititu Urkulluren gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ebatzitako hainbat neurri.

Azken polemika iazko azaroan izan zen. Orduko hartan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez zion baimenik eman Eusko Jaurlaritzari zenbait tokitan COVID ziurtagiria aurkeztu beharra ezartzeko. Jaurlaritzak helegitea aurkeztu zion erabakiari, eta Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoi eman zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.