Kataluniako prozesu subiranista. Euroaginduak

Bertan behera utzi dute Puigdemont eta Comin atxilotzeko euroagindua

Belgikako Justiziaren arabera, bi buruzagiek immunitatea dute eurodiputatu izateagatik

Puigdemont eta Comin eurodiputatu agiria jaso zuten egunean, abenduaren 20an. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Espainiak emana zuen Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren eta Toni Comin Kultura kontseilari ohiaren aurkako atxiloketa agindua, baina Belgikako Justiziak bertan behera utzi du euroagindua. Gaia ebatzi duen epaileak, Europako Justizia Auzitegiak abenduaren 19an emandako epaia kontuan hartuta, ondorioztatu du eurodiputatu izateak immunitatea ematen diela biei.

Orain, Belgikako Justiziak Puigdemont eta Cominen aurkako prozedurei berriz ekiteko bide bakarra da Europako Parlamentuak suplikatorio bat onartzea eta bi buruzagi subiranisten immunitatea bertan behera geratzea. Hala, Espainiak bi lider independentistak epaitzeko aukera izango luke. Espainiako Auzitegi Gorenak izapidetu beharko luke eskari hori, baina ez da prozesu laburra izaten, eta Europako Parlamentuak gehiengo sinplez onartu beharko luke eskaria.

Joan den urriaren 14an argitaratu zen Kataluniako lider subiranisten aurkako epaia, eta Pablo Llarena epaileak orduan eman zuen Puigdemont eta Comin atxilotzeko agindua. Hiru egun geroago, Puigdemont Belgikako Poliziaren aurrera aurkeztu zen; haiek aske utzi zuten epaia ebatzi bitartean, bi baldintzarekin: beti lokalizatuta egotea, eta ez irtetea herrialdetik baimenik gabe.

Erabakia atzeratu egin zuen Belgikak abenduaren 16an, Europako Justizia Auzitegiak otsailaren 3an Puigdemonten eta Cominen immunitateari buruz eman behar duen epaiari itxaroteko—haren zain jarraituko du Lluis Puig kontseilari ohiak, hura ez baita eurodiputatua—. Abenduaren 19an auzitegi horrek berak Oriol Junquerasen alde emandako epaiari esker, ordea, eurodiputatu akta jaso ahal izan zuten Puigdemontek eta Cominek, eta, gauzak hala, Belgikako justiziak ebazpena aurreratu du, eta ebatzi du ezin duela exekutatu euroagindua.

Puigdemontek erabakia jakin eta berehala erreakzionatu zuen. Ebazpena ospatu zuen, baina baita gogorarazi ere Junquerasek haien bien immunitate bera duela, eta kartzelan dagoela oraindik. Komunikatu batean adierazi zuenez, Belgikaren erabakiak «agerian utzi du atxilotu eta Espainiaratzeko erabakia Europako arauen aurkakoa» dela. Espainiak orain arte emandako aginduek izan dituzten porrotak gogoratu zituen: «Kataluniako Gobernuko kideak estraditatzeko saiakera guztiek porrot egin dute, bai Belgikan, bai Alemanian». Puigdemont eta Comin Espainiaratzeko agindu batek arrakastarik izan ez duen hirugarren aldia da.

Bestalde, bi buruzagi subiranistak datozen asteetan itzul daitezke Kataluniara. Atzo goizean, Laura Borras JxCateko Espainiako Kongresuko diputatuak bi eurodiputatuen immunitateari buruz hitz egin zuen. Joan den astean adierazi zuen Kataluniako Errepublikaren Kontseiluak Perpinyan (Herrialde Katalanak) bi buruzagiekin ekitaldi bat egiteko asmoa; Borrasek esan zuen oraindik ez dutela eguna zehaztu; «baina urtarrilean izan daiteke», Katalunia iparraldean. Ekitaldi horren asmoa «independentismoak azkenaldian lortu dituen garaipen politiko eta judizialak ospatzea» da.

Aurrez, urtarrilaren 13an, Europako Parlamentuaren saiora ere joan ahalko dute Puigdemontek eta Cominek Estrasburgora (Frantzia).

Puigdemontek aipamena egin zion Oriol Junqueras ERCko liderrari atzo; haren egoera gaur aztertuko du Espainiako Hauteskunde Batzorde Zentralak.

Junquerasen zigorra

PPk eta Ciudadanosek eskatu zioten batzorde horri Junquerasen kasua aztertzeko; haien arabera, ERCko koordinatzaileak ez ditu hautagai izateko baldintzak betetzen urriaren 14an ezarri zioten zigorragatik —hamahiru urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa ditu—. Ondorioz, Hauteskunde Batzordeari eskatu diote hark Europako Parlamentuari adierazi diezaiola Junqueras ezin dela parlamentari izan.

Hartzen duten erabakia hartzen dutela ere, Junquerasen egoera ez da berehala aldatuko —kartzelan dago eta ez du eurodiputatu agiririk—. Europako Justizia Auzitegiak ERCko liderraren alde emandako epaia nola kudeatu ebazteko arduraduna Espainiako Auzitegi Gorena da, eta urtarrilaren 7tik aurrera landuko du gaia. Dena den, Hauteskunde Batzordearen irizpidea kontuan har dezake Gorenak Junquerasi buruzko azken epaia ebazteko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.