Palestinako gatazka. Taher Ali. Al Yudur mugimenduko kidea

«Mendebaldeko gobernuek jokabide konplizea dute»

Palestinako diasporakoa da Ali, eta Bilbon bizi da 2020tik. Senideak ditu Gazan; bi lehengusu hil dizkiote. Israelen oinarrian «apartheida eta zapalkuntza koloniala» daude, haren arabera.

BERRIA.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Palestinarren erdiak Palestinatik kanpo bizi dira; hainbat, Euskal Herrian. Taher Ali (Madril, 1990) Europan jaioa da, haren gurasoek hara ihes egin zutelako. 2020tik bizi da Bilbon, eta Al Yudur mugimenduko kidea da. Palestinako diasporako gazteek osatzen dute Al Yudur —erroak esan nahi du arabieraz—, eta haien sustraiei lotuta mantentzea dute helburu. Ali Euskal Herrian bizi da, baina bere familiaren erdia Palestinan bizi da; zehazki, Gazan.

Zer kontatzen dizuete Gazako senideek?

Gutxi konta diezagukete, lehenik, gu ez kezkatzeko. Oso gaizki daude. Bizirik daudela kontatzen digute, eta gainerako senideak ere hala daudela. Nire familiak eraso bat jasan zuen, eta bi lehengusu hil zituzten bonbardaketa masiboen hasieran. Hortik aurrera, hainbat etxetan banatu dira, bonba batek ez ditzan denak kolpetik hil. Bizirik irauteko aukerak handitzeko egin dute. Ez daukate urik, janaririk, osasun zerbitzuek ezin dute esku hartu, ebakuntzak anestesia gabe egiten dituzte... Genozidio bat da.

Eta nola bizi duzu zuk hori Euskal Herritik?

Nahiko gaizki bizi dugu: gaizki egiten dugu lo, gaizki jaten dugu... Egun osoa nekatuta pasatzen dugu, geure eskuetan dagoen guztia egiten ahalegintzen garelako: hitzaldiak antolatzeko, sare sozialetan agitazioa egiteko, ahotsa ematen diguten hedabideekin elkarrizketak egiteko... Jarduera ere modu terapeutiko bat da, hautsi ez gaitezen. Aurrera segitzeko borondatea dugu, hor daudenengatik, ez dute eta hitz egiteko aukerarik.

Umetatik gertu sentitu duzu Palestinako gatazka?

Ume palestinarra izatea da jakitea zure aita arrazoi arraroren batengatik preso egon dela, nahiz eta badakizun ez duela ezer txarrik egin. Ume palestinarra izatea da jakitea zeure lehengusuak atxilotu dituztela; zurekin jolastu diren lehengusuak, hain zuzen ere. Zuk badakizu soilik eskolara zihoazela. Bonbardaketa bat dagoen aldiro, zure aita urduri nabaritzea da ume palestinarra izatea. Handitu ahala, kontzientzia hartuz joaten gara, eta konturatzen gara geure familia edonoiz hil daitekeela. Palestinan hezitako haur palestinarra, zoritxarrez, oso azkarohartzen da errealitateaz, baina Europan bizi eta hezten garenok disoziazio bat daukagu. Mendebaldeko pertzepzioa ere geureganatzen dugu, eta kostatzen da benetan sinistea zeure familia edonoiz hil daitekeela. Besteek penaz begiratzen gaituzte, eta pentsatzen dute: «Ai! Hori ez da inoiz konponduko».

Gaur Palestinari elkartasuna adierazteko manifestazioa egingo dute Bilbon, eta aurrekoan Donostian egin zuten. Mobilizazio horiek garrantzitsuak dira?

Jakina. Oso garrantzitsuak dira. Elkartasuna da Palestinak Europako herriengan daukan itxaropenik handiena. Hedabide gehienek nahiko hizkera konplizea erabiltzen dute genozidioari buruz jardutean, baina deigarria da jende asko dagoela konturatzen dena zerbait arraroa baduela kontakizun ofizialak, eta hainbeste mobilizatzen dena.

Eta zer iritzi duzu Mendebaldeko gobernuen posizioari buruz?

Jokabide konplizea eta hipokrita dute. Urriaren 7an erresistentzia palestinarrak egin zuen ekintza barbarotzat, kriminaltzat eta terroristatzat jotzen dute, baina Israelek Gazan 2.000 haur baino gehiago hil ditu, eta eskubide zibilak errespetatzeaz hitz egiten dute orduan, era orokor batean. Nik uste dut haien posizioa argia dela: genozidioa babesten dute. Mendebaldetik kanpo dauden herrietan arnastu daiteke mitoa ja erori dela; Europako Batasunak giza eskubideak errespetatzen dituela dioen mitoa, alegia. Bi urte pasatu dituzte nabarmentzen Errusiaren aurka gatazka armatu batean sartzea ukrainarrak babestea zela, baina, sinpleki, xakean jokatzen ari ziren. Oraingoan, palestinarroi tokatu zaigu jango duten peoia izatea.

Zure ustez, zein da Palestinako gatazkaren irtenbidea?

Kolonizazio arazo bat konpontzeko, gizadiaren historianirtenbide bakarra existitu da: errefuxiatu guztiak haien jatorrizko lekuetara itzultzeko eskubidea izan behar dugu. Israel apartheid erregimen bat da.Estatua desegin behar da: zapalkuntza kolonialaren egitura guztiak desegin behar dira, palestinarrok autodeterminazio eskubidea izan dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.