Koronabirusa

Maskaren erabilera derrigortzeko eskaria egin dio Urkulluk Sanchezi

Gutun bat idatzi dio; gauean jendea ez pilatzeko eta joan-etorriak mugatzeko erak ere eskatu ditu

Jendea kalean maskara jantzita, Gasteizen. LUKA PORTILLO / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Kutsatzeen gorakada betean, behin baino gehiagotan iradoki du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak beharrezkoa dela maskararen erabilera zorroztea. Eskari hori formalizatu duela jakinarazi zuen atzo Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari idatzitako gutun baten bitartez. Bertan, maskararen erabilera malgutzen duen errege dekretua moldatzeko eskatu dio Urkulluk. Bihar eztabaidatuko dute errege dekretu hori Espainiako Kongresuan, eta, bozketaren aurretik, testuan maskara «etengabe erabili behar dela argi geratu dadin» galdegin dio, salbuespen apur batzuekin: naturguneetan eta inguruan jenderik ez dagoen lekuetan bakarrik baimen liteke jendea maskararik gabe ibiltzea, Urkulluren iritziz. Bestelako iritzia du Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek: adierazi du ez dagoela beharrik maskararen erabilera derrigortzeko, jendeak «arduraz» darabilela argudiatuta.

Maskara erabiltzea soilik ez, pandemiaren hedapena hesitzeko bestelako neurriak zorrozteko berme juridikoak ere eskatu dizkio Sanchezi. Autonomia erkidegoek neurriak «segurtasun juridikoz» har ditzaten, neurriak «berehala» hartzeko eskatu dio: aste honetan bertan. Taldeen gehieneko kopuruak mugatzeko, gaueko jende pilaketak saihesteko eta joan-etorriak gutxitzeko baliabideak eskatu ditu. Zupiriak esan zuen Urkulluk ez diola alarma egoerarik edo etxeratze agindurik eskatu, eta Sanchezek oraindik ez diela erantzun.

Maskara «ez da nahikoa»

Sanchezen erantzunik ezean, Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak aurreratu zuen maskara ez dela nahikoa izan aurreko olatuak eragozteko, eta erkidegoetako gobernuek, euren eskumenen barruan, har ditzaketela mugimendua mugatzeko neurriak. Itxasok zehaztu zuen derrigorrezkoa dela maskara eramatea hainbat egoeratan, eta funtsean Europa osoan daudela baldintza horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.