jokin sagarzazu
ANALISIA

Egiturazko auzi bat

2022ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Hamabost biztanleko langile publiko bat dago Hego Euskal Herrian. Kopuru hori Europako batezbestekoaren parekoa da, baina alde nabarmen batekin: hamarretik lau behin-behinekoak dira. Iceta legeak hori gutxitu nahi du, baina badu beste xede bat: administrazioek behingoz zehaztea zenbateko lantalde finkoa izan nahi duten etorkizunean.

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak iragarri dituzten deialdi berezien bidez —behin bakarrik egingo dituzte— beste 14.000 langile gehituko dituzte multzo horretara. Egun dauden behin-behinekoen %25 baino ez, sindikatuen arabera. Horrekin batera oposizio libre gehiago iragarri dituzte, baina azken urteetan eskaini dituzten lanpostuen kopuruei erreparatuta, aurreikus daiteke datozen urteetan erretiroa hartzen duten langileak ordezkatzeko baino ez direla izango. Horiek hala, arriskua egon daiteke egun dauden hiru lanpostu publikotik bat desagertzeko 2024an. Eta datua izugarria litzateke, horrela nekez erantzun ahalko zaiolako hezkuntzaren arloan, osasunarenean eta beste batzuetan egongo diren beharrei.

Lanpostuak egonkortzeko orduan gobernuek uzkur jokatu ohi dute, puztutako administrazio batek kostu handia dakarrelako. Horregatik unean-uneko beharrak behin-behineko langileekin bete dituzte. Baina gehienek egoera horretan hamar urte baino gehiago egin izanak erakusten du beharrak egiturazkoak direla.

Iceta legeak behin-behinekotasuna mugatu nahi du, baina ez dizkio ateak ixten azken urteetako beste joera batzuei: azpikontratazioari eta pribatizazioari. Zaintzaren alorrean gertatu da: langile publikorik ez dago ia. Orain, hezkuntzaren eta osasunaren txanda izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.