INDONESIA, AUTO ELEKTRIKOAREN ERDIGUNEAN

Asiako hego-ekialdeko herrialde horretako presidenteak «auto elektrikoen ekosistema handi bat» sortu nahi du, bateriak egite hutsaz gain.

Sorowakoko nikel meateagia, Indonesia ekialdean. Herrialdeak munduko nikel erreserbarik handienak ditu. VALESA.
Josep Solano
Tokio
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Indonesiak planetako nikel erreserbarik handienak ditu, eta datorren hamarkadan baterien eta auto elektrikoen munduko zentro nagusietako bat bilakatu nahi du. Orain dela aste batzuk, Joko Widodo Indonesiako presidenteak Tesla ibilgailu elektrikoen fabrikatzaileari eskatu zion Indonesian ekoizteko autoak eta bateriak, eta, hala, eskualdeko eta planetako ibilgailu ekoizle nagusietako bat bihurtuko litzateke herrialdea.

Indonesia munduko herrialderik berritzaileenetako bat da, baita gehien hazten ari direnetako bat ere: hango ekonomia Asiako hego-ekialdeko handienetakotzat jotzen da, eta planetan gorabidean diren merkatu guneetako bat da. Gaur egun, diru sarrera ertainak dituenez eta G20ko kide denez, Indonesia berriki industrializatutako herrialde gisa sailkatuta dago: munduko ekonomiarik handienetan hamazazpigarrena da barne produktu gordin nominalaren (BPG) arabera, eta handienetan zazpigarrena BPGaren arabera.?

Kopuru horiek kontuan hartuta, Jokowik —horrela esaten diote presidenteari— duela gutxi egindako elkarrizketa batean adierazi zuenez, bere helburua da herrialdea «auto elektrikoen ekosistema erraldoi bat» bihurtzea, baliabide naturalak bateriak egiteko soilik erabili beharrean. Presidenteak eta gobernuko goi funtzionarioek bilera batzuk egin zituzten urte hasieran Elon Musk Teslaren sortzailearekin; bilera horietan, esan zuten multinazionalari eskatu ziotela Asiako hego-ekialdeko herrialde horretan fabrikatzeko automobilak, bateriak egiteaz gain, jakina.

Teslak Indonesian egin duen mugimendu hori ez da lehenengoa, ezta bakarra ere: Asiako hainbat enpresak inbertsio handiak eta garraio elektrikoko proiektu jakinak egin dituzte dagoeneko Asia hego-ekialdeko herrialde horretan, hala nola Hyundaik eta LG Vitaliy Answer Hego Koreako bateria fabrikatzaileak, baita Txinako CATL enpresa handiak ere. Bide horretatik, Japoniako Toyota ibilgailu enpresak ere badu asmoa ibilgailu hibrido eta elektrikoetarako ekoizpen unitate bat sortzeko han.

Elkarrizketa hartan, Jokowik baieztatu zuen Indonesia aztertzen ari dela aurten nikelaren esportazioei zerga bat ezartzea, diru sarrerak handitzeko.

Industriak ibilgailu elektrikoetara egin berri duen erabateko aldaketak berekin ekarri du baterietarako metalen eskaria handitzea, nikela, litioa eta kobaltoa barne.

Azken hilabeteetan, Indonesiak etekina atera ahal izan dio nikelaren prezioen igoerari; aldi berean, Jokowik nahi du nazioak aurrera egin dezala ibilgailu elektrikoen hornidura katean. Indonesiak balio handiagoa eman nahi dio tokikoari, horrela estaturen diru sarrerak handitzeko eta herritarrei lan aukera gehiago emateko. Horretarako, besterik ezean, baliteke lehengaien esportazio guztiak geldiaraztea.

Gaur egun, nikela Indonesiako esportazio nagusietako bat da, ikatzarekin eta palma olioarekin batera, baina altzairu herdoilgaitzaren ekoizpenagatik izan da ezaguna herrialdea historikoki. Urte hasieran, herrialdeak munduko merkatuak astindu zituen palma olioaren esportazioak aldi baterako debekatu zituenean, inflazioa kontrolpean mantentzeko. Ondoren, gobernuak bertan behera utzi zuen neurria, baina barne merkatuaren betebeharra deritzona ezarri zuen, zeinaren arabera ekoizleek tokian bertan saldu behar duten palma olioaren parte bat, tokiko hornidura bermatzeko.

Elkarrizketa hartan, presidenteak halaber baieztatu zuen Indonesiak karbonoaren gaineko zerga bat ezartzeko asmoa duela urtea amaitu baino lehen, eta hori lehen urratsa izango litzateke isurketen neutraltasunaren aldeko konpromisoan. 2021ean iragarri zen lehen aldiz zerga hori, eta urte honen hasierara atzeratu zen; izan ere, Jokowiren arabera, gobernuak herritarrak babestu nahi ditu elikagaien eta erregaiaren prezioen igoeratik. Hemendik aurrera, isuriei zerga bat ezartzen dien Asiako hego-ekialdeko lehen herrialdea izango da Indonesia. Herrialdea, gainera, zentral elektrikoetan erabiltzen den ikatz termikoaren esportatzailerik handiena da munduan, eta batez ere Indiara, Txinara eta Japoniara esportatzen du

Jokowiren arabera, herrialdeak «helburu anbiziotsu bat» dauka: 2060rako zero emisiora iristea; baina, horretarako, teknologia eta finantzaketa beharko ditu. «Potentziala dugu energia berriztagarrien arloan, baina ez da erraza ikatzetik energia berriztagarrira aldatzea, ikatzaren prezioak merkeagoak baitira oraindik ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.