Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Afrikan zer albiste

2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Oporrak direla medio, The Guardian egunkaria irakurtzen egon naiz, ez Londreskoa, Nigeriakoa baizik. Gustukoa dut albiste anglo-europarretatik urruntzea, eta beste kontinenteetako komunikabideetara hurbiltzea. Bertan zer den albiste jakiteko eta gure kontinenteko berriak nola jorratzen dituzten ikusteko. Afrikako lehen potentzia ekonomiko eta demografikoan, lerroburua itzalaldiak izan dira egun hauetan. Harritu egin nahiz, argindar gabezia ohiko arazoa baita Nigerian. Kasu honetan, hornidura gabezia greba batek eragindakoa izan da. Hainbat argindar enpresatako langileek greba egin dute lan baldintza duinagoak eskatzeko. Kontestu zabalagoaren bila, albiste agenda anglo-europarra markatzen duen Reuters berri agentzia britaniarrera jo dut. Nigeriak 4.800 Kw-eko argindar hornidura dauka asko jota, 200 milioi biztantale dituen herrialde batentzat oso gutxi da.

Kontestuaren sokari tiraka jakin dut argindar gabezia kronikoa amaitzeko bidea ireki lezakeen erabakia onartu zuela orain dela hilabete gutxi Nigeriako Parlamentu Federalak. Konstituzioa aldatu egin zuten Nigeria osatzen duten 36 estatuei argindarra sortu, banatu eta saltzeko baimena emateko, eta gobernu federalaren monopolioa amaitzeko.

Gaian sakondu nahian, nigeriar bati aipatu diot parlamentuak hartutako erabakia, baina elkarrizketari amaiera jarri nahian esaldi bakarra bota dit: argindarraren eta gainontzeko arazo guztientzako irtenbidea da Naiyan-a, hau da, 36 herrialde subirano sortzea.

The Guardian-en,William Ruto Kenyako presidente hautatuaren inguruko informazio bila hasi naiz. Nigeriaren ikuspuntuaren bila, eta kosta zait albistea webgunean topatzea. Orrialdearen azpiko aldean jarri dute, albiste nagusietatik urrun, futbolaren azpian. Agence France Press berri agentziarena da Kenyari buruzko kronikaren informazioa. Hegoafrikako gobernuz kanpoko erakunde batek egindako txostenaren arabera, Afrikan kontinenteari buruz argitaratzen diren hamar albistetatik hiru Agence France Press edo BBCk egindakoak dira. Komunikabideen %63k ez dute berriemailerik Afrikako beste herrialdeetan, arazo ekonomikoak direla medio.

Afrikan gehien aztertzen diren 25 komunikabideen artean, zazpi bakarrik dira kontinente horretakoak. Afrikako lehen albiste agentzia, ANA African News Agency orain dela zazpi urte sortu zuten, eta bitarteko ekonomiko gutxirekin ari da Erresuma Batuko, Frantziako, Txinako edo Qatarko komunikabide aberatsagoekin lehiatu nahian. ANA agentziak nazioarteko bazkide bakarra dauka, Xinhua txinatarra.

Gurean gertatzen ari denaren inguruan eta kontestu gehiagoren bila, gustura irakurriko nituzke ANAren edo The Guardian-enMadrilgo, Parisko edo Bruselako berriemaileen kronikak. Bruselan Afrikako berri emaile oso gutxi dago, eta Afrika iparraldekoak dira gehienbat. Europako Batasunaren eta Afrikaren arteko goi bilera egin dutenean ikusi ditutAfrikako komunikabideetako berriemaile gehien. Gizonezkoak ia guztiak, trajedunak, asko kronika etxetik idatzita etorritakoak, agintariekin argazkiak kenduta, goi bilerak albisterik eman ez zielako. Egoitza txandakatzen denez, hurrengo goi bilerak Afrikan izan beharko luke, hiru urte barru. Gustura irakurriko nukeKinsashan bizi den Oskar Epelde lankidearen kronika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.