Eurokopa. B multzoa

Finlandiaren izotzezko gaztelua

Aurtengo Eurokopa Finlandiako selekzioak jokatuko duen lehen nazioarteko txapelketa nagusia izango da. Izotz hockeyaren ereduari jarraituz eta gazteen garapenean sinetsiz lortu du balentria. Hala azaldu du Cristian Colasek, bi urtez Finlandiako azpiko mailetan lan egin zuen entrenatzaileak.

Finlandiako jokalariak gol bat ospatzen. Estreinakoz arituko dira Eurokopan. SERGEI DOLZHENKO/ EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Elur eta izotz hutsez eginiko munduko gaztelurik handienetako bat dago Finlandiako Kemi herrian. Urtero berreraikitzen dute 1996az geroztik, negua iristearekin batera, 13.000 eta 20.000 metro karratu arteko eremuan. Dorrerik garaienak 20 metrotik gorakoak izan dira, eta harresirik luzeenak, mila metro ingurukoak. Hilabeteko epean eraikitzen dute, eta diseinua urtero erabakitzen duten gaiaren araberakoa izaten da. Aurten futbolean oinarritu litezke, Finlandiako selekzioak aurrenekoz jokatuko baitu nazioarteko txapelketa handi bat. Eurokopara iristeko, akaso aholku eske joan zitzaizkion Kemiko gazteluaren arkitektoari. Izan ere, izotz hockeyko sistema hartu, eta hura landuz eraiki dute herrialdeko futbol selekzioaren historian inoiz izan ez duten arrakasta.

Finlandiako zelai izoztuetan diharduten jokalari gazteak ditu ardatz formulak. Hots, oinarrian aplikatzen den eredu bat da; Cristian Colasek ondo ezagutzen duen harrobian, hain zuzen. Teknikari kataluniarrak bi urtez egin zuen lan Finlandiako futboleko azpiko mailetan, 2012tik 2014ra: Tuusulako PKKU apalaren akademian lehenik, eta Helsinkiko Kapan hurrena, 19 urtez azpiko taldean. «Helsinkiko akademiarik handienetan bigarrena da hori, eta oso belaunaldi ona izan nuen nire esanetara. Adibidez, orain selekzioan diharduen Leo Vaisanenekin egin nuen lan».

Orduan, izotz hockeyko eredua futbolean txertatzeko ahaleginean zebiltzan. «Plana egokitu egin behar zen, eta aldaketa asko ari ziren egiten ni han nintzela. Denbora eta diru asko inbertitzen zuten, baina emaitzak ez ziren iristen». Alabaina, baleko tekla sakatu dute azkenean. «Findu egin dute metodologia, eta ulertu dena ez dela errepikapen sistemen edo jokaldi itxien bidez lortzen».

Jokalari finlandiarren «ahalmen fisikoa, adimena eta maila teknikoa» goraipatu ditu Colasek. Ezaugarri horiek zukutu eta hobetzeko, hasieratik akademia sistema sendoa dute inguruan. Nagusia Sami Hyypia akademia da: «Futbol federazioari lotuta dago, eta klubekin elkarlanean dihardu, talentuen hautaketari eta garapenari dagokienez. Herrialde txikia da, eta tresna asko dago jokalariak oso gazterik garatzen hasteko». Prozesu horrek «aberastu» egiten ditu jokalariak, eta erraztu egiten die gorenera iristeko bidea. «Talentu handiko jendea iristen da Lehen Mailara, eta oso gazte egiten dute debuta. Bertako liga txiki gelditzen zaie berehala».

Harrobia eta hortik ateratzen diren harribitxiak ondo ezagutzen ditu Markku Kanervak, Finlandiako hautatzaileak. Hala azaldu du Colasek. «Federazioaren barruko pertsona da, sistema asko garatu eta azpiko mailetako entrenatzaileekin lan egin duena. Apustu koherentea iruditzen zait, kanpoko hautatzaileekin kale egin eta gero». 21 urtez azpiko taldea lehen aldiz sartu zuen Eurokopan, eta beste horrenbeste egin du selekzio nagusian, 2016an aginte makila hartu eta gero.

Lana eta Pukkiren golak

Jokalari gehienek urteak daramatzate elkarrekin jokatzen. «Ia klub batean aritzea bezala da», azpimarratu du Colasek. Atzean gotortu eta harresi sendoa altxatzen saiatzen dira; izotzezko gazteluaren itxura hartzen du zelaian Finlandiak. «Joko zuzena egiten du, eta ordena eta diziplina ditu oinarri. Ekimena aurkariari ematen dio, eta trantsizioetan min egiten saiatzen da. 4-1-4-1 sistema darabil nagusiki».

Gabezia nagusiak hegaletan dakuskio teknikari kataluniarrak. Era berean, barrutik «oso sendoa» dela, «sufritzen eta pazientzia izaten» dakiela eta geldikako jokoan «indartsua» dela azaldu du.

Gainera, golegile fina dauka: Teemu Pukki. Norwicheko aurrelariak 31 gol sartu ditu Finlandiaren elastikoa jantzi duen 90 aldietan. «Funtsezkoa da. Sen handia du, eta mesede handia egiten dio beste aurrelariek, Marcus Forssek eta Joel Pohjanpalok, egiten duten lanak». Alabaina, orkatilan min hartu zuen maiatza hasieran, eta ikusteko dago nola iritsiko den. Badira oso garrantzitsuak diren beste jokalari batzuk; Lukas Hradecky atezaina eta Glen Kamara erdilaria aipatu ditu Colasek. Baliteke Osasunako jokalari ohi Jukka Raitalak ere tokia izatea hamaikakoan.

Errealista da Colas: «Normala da jendeak maitagarri ipuin bat espero izatea, baina ez dut uste 2016ko Islandiaren pare ariko denik; multzo zaila egokitu zaio». Etxetik hurbil ariko da: Kopenhagen jokatuko du lehen partida, Danimarkaren aurka, eta San Petersburgon hurrengo biak, Errusiarekin eta Belgikarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.