mikel reina
HIRUKOTIK

Ez sinestekoa

2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
2022. 2022ko lehen egunak ez sinistekoak izan ziren Lointek Gernika Bizkaia taldeko kideontzat. Astebete pasatu da, eta oraindik sinistu ezinik gaude. Behin eta berriz burura datorren amesgaiztoa da. 2021a ere ez zen ondo bukatu, taldean egondako koronabirus oldarraldi baten erruz. Urte berriak, ordea, ez du inertzia aldatu. Gainezka egin du Cukurovaren aurkako Eurokopako itzulikoaren aurretik eta ondoren gertatukoaren ondorioz. Kirola azkenengo gaia denean zerbait txarto egiten ari den seinale da. Zinez tristea. Sinesgaitza. XX. mendeko zerbait. Duela 30 urteko Turkiako eta Greziako istorioak ekarri ditu honek gogora. Europako saskibaloiaren kapitulu beltzenetako batzuk dira horiek.

Gertakariak jakinak dira. Lehen taldeko jokalari denek pasatu zuten koronabirusa Cukurovaren aurkako joanekoaren ostean. Oso zaila da gaixotasunaren atzaparretatik ihes egitea. Antzeko egoera pasatu behar izan zuen taldeak 2021eko otsailean. Orain, behintzat, egoera fisikoa askoz hobea izan zen. Ona bai, onena ez, are gutxiago Eurokopako partida bati aurre egiteko. Hala ere, turkiarrek abenduaren 30a proposatu zuten joanekoa jokatzeko, hau da, guk etxealdia bukatu eta bi egunera besterik ez. Kontuan eduki behar da Mersinera heltzeko egun osoko bidaia dela. Haiek gauza bera egin zuten gurean joanekoa jokatzeko, pentsatuko luke edozeinek. Baina oso bestelakoa izan zen haien bidaia. Emakumezkoetan ezta Euroligako taldeek ere egiten ez duten bezala heldu ziren Gernikara: hegazkin pribatu batean. 30 kidek bidaiatu zuten, eguneko 24 orduetan haientzat prest zegoen autobus propio bat alokatu zuten, eta Turkiako enbaxadak jarritako bizkartzainak izan zituzten une oro. Burua galdu zutela izan zen izan genuen lehen pentsamendua.

Azkenean, urtarrilaren 4an jokatzea adostu zen. Egun batzuk lehenago Cukurovak, FIBAren onespenarekin, Adanan derrigorrezko PCR probak egin behar zirela jakinarazi zuen. Gure medikuak aho zabalik geratu ziren. OME Osasunaren Mundu Erakundeak berak dio koronabirusa pasatu dutenek denbora mugagabean eman dezaketela positibo, baina horrek ez duela ezer esan nahi. Nahitaez egin behar dira probak. Ados. Bilbon bidaiatu aurretik egingo ditugu. Ez. Istanbulera heltzen garenean. Ezta ere. Adanan egin behar dira derrigorrez. Turkiako Gobernuak COVID-19 ziurtagiria eskatzen du bakarrik herrialdera sartzeko, eta probaren bat egin behar izanez gero, lur hartzen den hirian. Gure kasuan, Istanbulen.

Adanan probak egiteko egoera ezin da hitzez azaldu; bideoek dena diote. Medikuak maskararik gabe zeuden. Pertsonen osasunarekin jokatzea aurrekari oso larri bat da. Inoiz pasatu ez den lerro horietako bat. Bidaiatu aurretik susmoak bagenituen, baina ez hainbesterakoak. Lehen taldeko kideak jakitun ziren baten batek positibo ematekotan Turkian bi aste egoteko arriskua egongo zela. Badaezpada, bidaiatu beharko zuen harrobiko jokalaria Gernikan geratu zen. Lehentasunak zeuden.

Orain, turkiarrak dira bederatzi positibo dituztenak. eta pabiloiko osasun arauak ikusita ez da harritzekoa. Osteguneko Flammes Caroloren aurkakoa atzeratu behar izan dute.

Nahikoa ez. Hori gutxi balitz bezala, Cukurovak sare sozialetan egoera areagotu besterik ez du egin. Egun, arma benetan zorrotzak dira, eta arriskutsuak oso. Lehenbizi, partida osteko bideoa, bizkaitarrak bere ametsetik, amesgaiztoa hobe esanda, esnaraziz. Ondoren, egun horietako haien ikuspuntua helaraziz. Belen Arrojo gutxietsi zuten. FIBArekin etengabe babestu ziren. Aurrekontuak konparatu zituzten. Kirol lezioak emateko denbora izan zuten, baita moralak ere, aholkuak emanez. Porrotak gainditu beharreko zerbait direla esan zuten, «logikak» pasatu zena indartu besterik ez zuelako egiten. Ez hanka ez buru. Batzuetan hobeto da isilik egotea ahoa zabaltzea baino.

Prentsa arduradun bezala, komunikazioa etengabekoa izan da. Beharrezkoa. Telefonoa sutan. Dei bat bestearen atzetik. Turkiako kideekin harremana, aldiz, ez da erraza izan. Internetik gabe, deirik gabe, hoteleko wifi eskasa zen bide bakarra. Asko zaildu zuen lana. Onena da denak etxean daudela. Helburua, berriz, hau dena ahalik eta arinen ahaztea da. FIBAko Europako presidentea Turgay Demirel turkiarra izanik, kexa orok bide laburra dauka. Azkenik, bihotzez eskerrik asko egunotan jaso ditugun mezu denengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.