Frantziako Tourra

Zalantzak aurrenekoan argitu ditu

Jakobsenek irabazi du Frantziako Tourreko bigarren etapa, esprintean. Van Aert lider jarri da, eta tentsioa izan da tropelean

Zalantzak aurrenekoan argitu ditu.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Mark Cavendish eta Julian Alaphilippe Frantziako Tourretik kanpo uzteak eztabaida sortu zuen Quick-Step taldearen inguruan. Baina Fabio Jakobsenen aldeko apustua ederki atera zaio, atzokoan irabazi egin baitzuen Tourreko bigarren etapa. Hala, orain arte jokatutako biak irabazi ditu taldeak.Wout van Aertek (Jumbo Visma) jantzi du maillot horia.

Tropeleko txirrindulari azkarrenentzat zen atzoko eguna, eta aurreikusitakoa bete zen. Jakobsenek ez zuen hutsik egin. Roskilden (Danimarka) abiatu zen bigarren etapa, eta berehala osatu zen eguneko ihesaldia. Bertan sartu ziren Magnus Cort (Education First), Sven Eryk Bystrom (Intermarche) eta Cyril Barthe eta Pierre Rolland (B&B).

Etaparen lehen erdian, laugarren mailako hiru mendate igo behar izan zituzten, eta mendiko sailkapenerako aurreneko puntuak banatu ziren. Cortek eraman zituen jokoan zeuden puntu guztiak, eta tropelak ezerezean utzi zuen ihesaldia helmugarako 32 kilometro falta zirenean. Ordurako Bystrom zegoen soilik aurrea hartuta.

Tentsio nabarmena izan zen tropelean, Danimarka eta Suedia lotzen dituen Oresund zubira iristerakoan —17 kilometro ditu zubiak—. Hainbat ika-mika ere izan ziren txirrindularien artean. Ineosek eta Jumbok talde guztia jarri zuten lanean tropelaren alde bakoitzean, liderrekin arazoak ez edukitzeko. Haizeak ez zuen arazo handirik eragin, eta ez zen triskantzarik izan.

Dena den, Yves Lampaert (Quick-Step) liderra erori egin zen zubian sartu eta berehala. Baina ez zuen arazorik izan tropelean sartzeko. Gerora, helmugarako bi kilometro falta zirela, beste eroriko handi bat izan zen. Tadej Pogacar (UAE) tartean zen, baina eremu babestuan gertatu zen. Tropelaren erdi-erdian zegoen esloveniarra, taldekide baten gurpilean, eta, alarma guztiak piztu ziren arren, ez zuen aparteko arazorik izan etapa amaitu ahal izateko.

Esprintean erabaki zen garailea, eta azkenera arte emozioa egon zen. Jasper Philipsenek (Alpecin) urrunetik abiatu zuen esprinta, baina luze egin zitzaizkion azkeneko metroak. Jakobsenen, Van Aerten eta Mads Pedersenen (Trek) arteko lehia izan zen azken metro horietan, eta Quick-Stepekoa nagusitu zen Nyborgeko helmugan. Van Aertek, berriz, bigarren egin zuen, eta hark jantzi zuen maillot horia.

Danimarkan azkena

Tourrak Danimarkan egingo duen azken etapa izango da gaurkoa. Vejlen abiatuko da, eta Sonderborgen amaitu. Guztira 182 kilometro egin beharko ditu tropelak. Atzokoa bezala, etapa egokia da esprinterrentzat. Laugarren mailako hiru mendate igo beharko dituzte txirrindulariek hasieran, eta maillot zuri-gorriaren borrokan aritu nahi dutenak puntuak lortzen saiatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.