Eurokopa

Baloiaren melodiak esnatu du

Roberto Mancinik berpiztu egin du Italiako selekzioa, joko ikusgarria eta gaztetasuna giltzarri hartuta. «Talentu» eta «sendotasun» handiko taldea da, Alessandro Rutak azaldu duenez, baina «eskarmentua» eta «gola» falta zaizkiola deritzo. Erroman jokatuko ditu lehen hiru norgehiagokak.

Roberto Mancini Italiako hautatzailea jokalariei aginduak ematen, entrenamendu batean. VASSIL DONEV / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Italiako selekzioari Mundua amaitu zitzaion 2018ko Munduko Kopatik kanpo geldituta. 60 urtean lehen aldiz, ez zen sailkatu txapelketa horretan aritzeko. Klasiko baten hondoratzea izan zen. Aurrera begira, hutsetik hasi beste erremediorik ez zeukan, eta Roberto Mancinik hartu zuen eraldaketa gidatzeko ardura. Hiru urte igaro dira teknikari italiarra Azzurraren aulkira iritsi zenetik, eta esan daiteke helburua arrakastaz bete duela. Izan ere, ereserkiak dioen moduan, «iratzarri da Italia»: Eurokopara sailkatzeko partida guztiak irabazi ditu, eta hautagai gisa iritsiko da txapelketara. Catenaccioak ez, baloiaren melodiak atera du lozorrotik. Posizio jokoa eta presio aurreratua hartu ditu oinarri gisa, eta, eredu berriaren eskutik, bere historiako bigarren Eurokopa irabazten saiatuko da etzitik aurrera aurrekoa 1968an lortu zuen. Erroman jokatuko ditu lehen hiru partidak.

«Talde honek Manciniren zigilua dauka», nabarmendu du Alessandro Rutak (Milan, Italia, 1982). Otxandion (Bizkaia) bizi den kazetari italiar bat da Ruta, eta goraipatu egin du hautatzailearen jarduna: «Oso entrenatzaile ona da, bereziki selekzio baterako. Klubetan, maiz arazoak izan ditu agintariekin, fitxaketen harira. Selekzio batean, ordea, askoz ere errazagoa da bere lana. Gainera, gazteak erabili zalea da». Alor taktikoan, 4-3-3 marrazkia ezarri du Mancinik, baina haren plana ez da zurruna: «Eskema ezberdinak erabili ditu, eta, horregatik, jokalari moldakorrak sartu ditu deialdian. Tarteka, bosteko lerroa jartzen du atzean, Antonio Contek bezala».

Rutaren aburuz, Niccolo Barella da Italiako selekzioaren «jokalari frankizia»: «Hark islatzen du ondoen taldearen nortasuna eta arima. Azken bi denboraldietan eman duen maila ikusita, uste dut Barella dela gehien nabarmendu daitekeen italiarra». Ametsetako hirukotea osatzen du Jorginhorekin eta Verrattirekin. Sormen eta kalitate tekniko aldetik, txapelketako zelai-erdirik onenetakoa da. Lema haien esku egonda, ez da harritzekoa Italia partidak baloiaren bidez gobernatzen hasi izana, eredu defentsibo tradizionala apurtuta. «Sekulako talentua dute. Jorginho maisua da taldea mugitzen. Verrattirekin, baina, zalantzak daude, min hartuta egon delako».

Raspadoriri beha

Baloia duenean ikusgarria da Italia, eta ez duenean, berriz, oso sendoa. Atzeko lerroan bikote ikonikoa osatzen dute Bonuccik eta Chielinik. Haatik, Rutak ez du uste Chielini titular izango denik: «37 urte ditu, eta, lesioen eraginez, oso gutxi jokatu du azken bi sasoietan. Akaso, Bastonik jokatuko du haren ordez». Bestalde, «gogotsu» dago atepean Donnarumma ikusteko: «Buffonen itzal luzea izango du gainean».

Taldearen «gaztetasuna» goratu du Rutak, baina jakitun dago bi ahoko ezpata izan daitekeela. Izan ere, gutxi dira gorenean zaildutako jokalariak. Horrekin batera, uste du italiarren beste ahulguneetako bat aurrean dagoela: «Ez daukagu bederatzi handi bat. Immobile ia beti txarto ibili izan da Italiatik kanpo, eta Belotti bolada txarrean dago. Mancinik askotan Insigne jarri izan du erreferentzia gisa, aurrelaria ez den arren». Taldearen «ikurra» Barella bada, «izarra» Insigne dela deritzo: «Sekulako teknika dauka, eta golak egiten badaki».

Ezuste nagusia, berriz, Raspadori izan daiteke: «Orain dela bi sasoi ez zuen ia inork ezagutzen, baina denboraldi hau indar betean bukatu du. Gaztea da, ez du sonarik, talde txiki batean dihardu… Eta hurrengo Paolo Rossi bada?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.