Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA. Sail Ofiziala

Nora salto egin

Andoni Imaz.
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun

'Modelo 77'



Zuzendaria: Alberto Rodriguez. Aktoreak: Miguel Herran, Javier Gutierrez, Jesus Carroza, Fernando Tejero, Catalina Sopelana, Xavi Saez. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 125 minutu.

Alberto Rodriguezek ezaguna du Modelo 77 filmean arakatu duen ingurua —eta ez bakarrik 7 vírgenes-en eta Grupo 7-ren ondoren zazpi zenbakia daraman izenburuko beste film bat egin duelako, bakarka zuzendutako zazpigarrena—: haren zinemak lehenagotik ere aztertu izan du ustela eta beltza zenbateraino dauden sartuta jendearen eta estatuko egituren barruan. Franco hil ondorengo urteetan girotu du istorioa, itxura batean gizartea eta erakundeak zeharo aldatu ziren garai batean eta benetan berdin jarraitzen zuen toki batean: kartzelan; nagusiki, Bartzelonako Modelen.

Manuel (Miguel Herran) preso sartu dute, lapurreta leporatuta, baina biktima ere bada: sistemak engainatu duen kontable gizajo bat, gainontzeko presoak baino gehiago delako ustean, espetxea salaketen bidez hobetu nahi duen demokrata gazte bat. Pino (Javier Gutierrez) preso beteranoarekin elkartzen denean azaleratuko dira bien izaeren alderik interesgarrienak, garai hartaz hitz egiteko ere balioko dutenak.


Rodriguezen filmak egitura klasikoa du, eta narrazioari erritmo bizian eutsi dio kontakizun osoan; gai da, gainera, momentu bereziak sortzeko tarteka. Hain justu, Manuelen eta Pinoren arteko elkarrizketa bat izan liteke pelikulako unerik hunkigarriena: ziegan, gauez, bakoitza bere ohean dagoela, Pinok monologo batean azaltzen du nola presoen borrokak pentsatzeko modua aldatu dion; bizkarrez ageri da planoan, eta Manuelen aurpegia kontraplanoan. Izan ere, Manuelen esperientziaren zati hori bereziki interesgarria da, duintasuna berreskuratzen duelako, jaka baten bidez: poliziek indarrez kendu zioten, eta preso kideekiko konpromisoak itzuli dio.

Dena den, hurbileko eta urruneko eszenen artean, zenbat eta ozenagoa izan epikaren eta emozioen zarata, orduan eta agerikoagoa da narrazioaren desoreka eta topikoen presentzia. Besteak beste, protagonistak Luciarekin (Catalina Sopelana) duen harreman gorabeheratsuan.

«Gauzak aldatzen ari gara», esaten dio hark, xalo, kanpotik; Manuelek handik pixka batera erantzuten dio: «Herrialde hau nagusien semeena da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.