Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Handiegi

The Giant 35 milimetrotan filmatu du David Raboyk. BERRIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun

'The Giant'

Zuzendaria: David Raboy. Herrialdea: AEB-Frantzua Iraupena: 99 minutu.

Charlotte AEBetako Georgiako herri txiki batean bizi da. Institutua bukatu berri du, eta azken uda izango da unibertsitatera joan eta bere lagunengandik banandu aurretik. Gau batean urtebete desagertua zeraman Charlotteren mutil-laguna itzuliko da herrira, herriko neska gazte bat hilik aurkitzen duten gau berean. Gero eta erailketa gehiago gertatuko dira, biktima guztiak neska gazteak dira, eta herrian gaueko 12:00etatik aurrerako etxeratze-agindua jarriko dute. Joan den udan gertatutako ezbehar batek, bere mutil-lagunaren itzulerak eta herrian gertatzen ari diren hilketa guztiek Charlottengan eragina izango dute.

35 milimetrotan grabatutako filma dakarkigu David Raboy estatubatuarrak. Argazkia oso landua duen filma da. Argi eta ilunekin jolastuz lehen planotik sortzen du Raboyk filmari eman nahi dion tonua. Eta argazkia eta soinuaren erabilerarekin film aztoragarri bat sortu du zuzendariak. Baina hori da dena; aztoragarria da bai, baina istorioak ez du funtzionatzen, eta, beraz, ikuslea interesa galduz doa pixkanaka.

Gauza gehiegi kontatu nahi izan ditu zuzendariak, eta, aldi berean, ez du bat bera ere kontatzea lortu. Haurtzarotik heldutasunerako bidea egiten ari diren gazteen istorioa, iraganeko traumak erotzen duen gaztea, thriller psikologikoa, saileko hiltzaile bat duen herria, eta, gainera, zientzia fikziozko kutsua duen erraldoi bat. Bata bestearen atzetik jarritako irudi zerrenda dirudi The Giant-ek, ordu eta erdiko trailer baten aurrean bageunde bezala. Inkognitak azaltzen ditu, tentsioa sortzen du, baina ez du erantzun bat bera ere ematen. Mamirik ez duen irudi multzo zaindua besterik ez da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.