Oriol Roch. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusia

«Orkestrak tresna moldakorra izan behar du»

Larrialdi egoerak baldintzatutako sasoi amaiera prestatu du Euskadiko orkestrak datozen asteetarako. Talde murriztuarekin egingo ditu kontzertuak.

JON URBE / @FOKU.
mikel lizarralde
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Martxoaren 9an eman zuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) bere azken kontzertua, Istanbulen. Haren ondoren, eta alerta egoerari aurre eginez, eten egin zuen bere ohiko jarduna, eta orkestrako musikariek etxera joan behar izan zuten. Oriol Roch (Bartzelona, 1964) EOSeko zuzendari nagusiak aitortu duenez, ez da erraza izan denbora honetan haien lana: «Nahiz eta badiren sare sozialetarako egindako proiektu sinpatikoak, orkestra bateko musikariek ezin dute telelana egin. Orkestra baten egitekoa musikariak elkartzea eta jotzea da». Abonamenduko zikloa behar bezala bukatzeko baldintzarik gabe, orkestrak zortzi kontzertuko denboraldi berezi bat prestatu du, uztailaren erdialdera arte iraungo duena eta ETB2k larunbatero emango duena.

Zein egoeratan eta noiz erabaki duzue hasi behar duzuela?

Maiatzaren 11n fase bat bukatzear zela eta, hasi ginen lanean hasteko aukeraz hitz egiten. Jakinda itzulera zenbait murrizketarekin izango zela, eta neurri batzuk hartu beharko zirela. Hilaren 4ko astean lanera buelta planifikatu genuen, eta 11ko astearen amaieran orkestrako kideak atalka hasi ziren itzultzen, batez ere, ikasten joateko. Uste dudalako inportantea dela neurri berri hauek ondo ikastea: nola sartu egoitzan, nola mantendu distantzia... Horri denbora eman diogu, jende guztiak ikus dezan segurtasun osoarekin egingo dugula lan.

50 bat kidera murriztu duzue orkestra garai berezi honetarako. Beti izango da talde bera edo aldatzen joango da?

Gehienezko kopurua izango da hori, eta gure egoitzan dugun espazioaren, metro koadroen araberakoa da zenbaki hori. Baina 50 kideko orkestra batekin aukera daukagu errepertorio ezberdinak lantzeko. Gerta liteke obra batean 35 musikarik parte hartzea, eta beste batean, 54k; eta izango da gutxiagorekin interpretatuko dugun baten bat ere. Guretzat inportantea da kontzertu hauetan garatuko dugun ibilbidea.

Ibilbide horrek Mendelssohn izango du ardatzetako bat.

Bai, hori da, Mendelssohnen figuraren inguruko ibilbide garbia egingo dugu, eta izango dira, era berean, gaur egungo bi euskal konpositore ere: Ramon Lazkano eta Mikel Urkiza. Orkestraren egitekoetako bat da euskal konpositore garaikideen lanak erakustea, eta uste dut oso harrera ona izango dutela. Horretaz gain, aukera emango digu normalean abonamendu zikloan interpretatzen ez ditugun obrak interpretatzeko: Beethovenen obertura bat, Mozarten sinfoniapare bat, Haydnen beste bat, Mendelshonenak, Brahmsen obra pare bat... Uste dut oso denboraldi erakargarria izan daitekeela.

Zein irizpideren arabera aukeratu dituzue obrak?

Robert Treviño da zuzendari titularra, eta normala den bezala, bere nahien araberakoa da programatutakoa. Baina nik ere parte hartu dut aukeraketan. Adibidez, biok oso garbi genuen euskal konpositore pare bat sartu behar genituela programazioan.

Lehenengo kontzertua hasiko duzue Agur, Jaunak eta Andreak-ekin, hain zuzen ere, itxialdian EOSek sare sozialetan zabaldutako kantuarekin. Nolabaiteko keinu bat da hori?

Taldeak, itxialdi garaian, proposatu zuenean Agur, Jaunak eta Andreak etxetik jotzea, Roberti eta bioi ideia distiratsua iruditu zitzaigun. Eta orain hasteko egokia zen.

Lazkanoren eta Urkizaren kasuan, zein obra aukeratu dituzue eta zer ezaugarri dituzte?

Lazkanoren obra, Ttakun, uste dut oso interesgarria izango dela, bere hizkuntzari fidel izanda, orkestra talde klasiko bati lotu zaiolako. Urkizaren kasuan, eta bera oso konpositore gaztea bada ere, hau aspaldiko obra bat izango da beretzat, 2011koa baita. Juan Sebastian Elkano ardatz hartuta Urkizak idatzitako obra estreinatu behar genuen 2019-2020ko denboraldi honen amaieran, baina, ezinezkoa izango denez, pentsatu dugu egokia zela beste obra hori berreskuratzea, Urkiza beti delako ikusgarria perkusioaren, soinuen eta erritmoaren erabileran.

Ezohiko sasoi amaiera izango da aurtengoa. Abonamendugaraia bertan behera utzi beharrak nola eragingo dio ekonomikoki EOSi?

Denboraldia ez dugunez ohi bezala garatu ahal izan, iruditu zaigu inportantea zela abonamendua ordaindu duen orori dirua itzultzeko aukera izatea. Baina egia daaskok esan digutela ez dutela dirua itzultzerik nahi, eta modu horretan orkestrari une latz honetan babesa eman nahi izan diotela.

Laster aurkeztuko duzue 2020-2021eko sasoia. Aurten gauzatu gabe gelditu den programaren bat berreskuratuko duzue?

Denboraldia martxoa baino lehen prestatua genuen, denboraldi sinfoniko bat denboraz planifikatzen delako. Eta ez dugu egindako lan hori guztia auzitan jarri nahi izan. 2021-2022ko denboraldian, aldiz, berreskuratu ahal izango genuke orain bertan behera gelditu diren programa batzuk.

Hor sartuko litzateke Elkanoren gainean Urkizak egindako obra?

Ikusi beharko dugu... Kontua da sekuentzia geografiko bat egiten duela Elkanoren gaineko proiektuak.

Oraindik ez dago jakiterik irail-urrietatik aurrera zenbat musikarirekin eta zenbat lagunen aurrean aritu ahal izango den orkestra. Horrek eragin dezake programazioan?

Kontuan hartu beharko dugu oholtza gaineko lanean nola aritu ahalko garen. Eta Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin behar dugupubliko kopuruaren inguruan erabaki batzuk hartzeko. Udan hainbat lekutan proba batzuk egingo dira, ikusle kopurua murriztuta, eta ikusiko dugu. Baina nire iritzia da kontzertuak egingo direla ikusleak erdira mugatuta, maskarak erabilita, eskuak garbitzeko baliabideak jarrita. Ziuraski, kontzertu laburragoak izango dira, atsedenik gabekoak, sarrera eta irteerak hobeto kontrolatzeko. Baina oraindik ez dakigu... Ezinezkoa egiten zait pentsatzea irail-urrietan areto beteak izango ditugunik. Baina urri-azaroetan egoera ez bada oso txarra, iruditzen zait urte bukaerarako egoera normal batean egon gaitezkeela.

Azken urteetan orkestrak nazioartera zabaltzeko ahalegin nabarmena egin du. Egoera honek etena ekarriko du bide horretan?

Udazkenerako ez genuen kanpora ateratzeko inolako proiekturik, eta, zorionez, esango dut, bertan behera utzi beharko genukeelako. Etorkizunerako proiektuak baditugu, eta udazkenean ikusi beharko dugu aurrera aterako diren ala ez. Goizegi da esateko. Urte bukaera bitartean, planifikazio zuhur bat egin behar dugu, eta dagoen egoerara azkar moldatzeko gai izan behar dugu.

Sei urte daramatzazu EOSen zuzendari lanetan. Zer balantze egiten duzu?

Pertsonalki, oso balantze ona egiten dut. Erronka oso inportantea zen, banekielako egitura oso ondo eraiki eta antolatu batera gehitzen nintzela. Maila oso goian zegoen, aurreko zuzendari nagusiek lan handia egin zuten, eta, ondorioz, erronka oso handia zen niretzat. Gero bakoitzak erantzuten dio beretzat ezinbestekoak diren kontuei, eta lan handia egiteaz gain, zorte pixka bat ere izan behar da. Zuzendaritza nagusiaren erabaki garrantzitsuenak beti daude lotuta zuzendaritza artistikoarekin: norekin landu nahi duen, nola egin nahi duen lan taldearekin... Momentu konplikatuak izan dira, baina uste dut orkestra bide onean dagoela.

Laster aurkeztu behar duzue sasoi berria, baina baita marka berri bat ere. Zer adierazteko?

Euskadiko orkestra gara, eta hori adierazi nahi dugu. Eta indarra jarri nahi dugu daukagun babes horretan. Gehienbat gure abonatuetan, baina baita batzuetan sarrerak erosi eta jarraitzen gaituenmasa kritiko horretan, eta kontzertuetara etorri ez arren bere herriko orkestrak proiektu moldagarriak egiten dituelako pozik dagoen masa lausoago horretan ere. Herritarren pertzepzioa izan dadila gustura daudela herrialde bateko orkestra dutelako. Orkestra batek bere gizartearekin izan behar duen harremana oso modu irekian ulertu behar da.

Esan izan duzu orkestrak izan behar duela kohesiorako tresna bat. Eta behin baino gehiagotan nabarmendu duzu orkestraren herri izaera. Zergatik jartzen duzu arreta hor?

Orkestra batek badu gaitasun hori. Nik aztertu dut zenbat jende ari den musika ikasten Euskadin, eta datuak izugarriak dira. Zer esan nahi du horrek? Bada, musika gizarte honenegituratzaile bat dela, eta oso modu berezian egituratzen duela gizartea musikak. Aldehorretatik, eta jakinda sinfonia bat ez dela entzuten edozein momentutan, uste dut jende askorentzat inportantea dela orkestraren kontzertu bat entzun eta ikustea Euskaldunako, Baluarteko, Kursaaleko edo Gasteizko Principal antzokiko besaulki batean eserita. Uste dut horrek mugitu behar gaituela.

Robert Treviñok 2022ra bitarteko kontratua du orkestrarekin. Nola eragin du haren lanak EOSen?

Eragin oso positiboa izan du orkestran. Batetik, errepertorioari dagokionez, pertsona moldakorra da, eta baita langile nekaezina ere. Ondorioz, errepertoriora hurbiltzen da oso modu sakonean eta irekian. Bestetik, proiektuarekiko konpromiso izugarria adierazi eta erakutsi du. Robert ez da hona etorri jarrera espekulatibo batekin, baizik eta konpromiso handiarekin. Jarrera horrek berak modulatu egin du musikariekiko harremana, eta horrek aukera eman digu lan egiteko denbora luzerako asmoekin. Modu horretan, Treviñok euskal konpositoreen lanetan ere sakondu du, ezagutzen ari da lurraldea gero eta hobeto, eta ikuspegi horrekin, ezagutza handitu den heinean, eraginkortasuna ere handitu da.Azkenik, kontuan hartu behar da oraindik ez duela 40 urte, eta nik ikusten dut oso garbi berak ere garapen izugarria izan duela urte hauetan. 31-32 urte zituela ezagutu nuen, eta orduan ikusi nuen izugarrizko gaitasuna zuela. Beti izan da pertsona oso heldua, baina hona etorri denetik hazi egin da, bai artista gisa, bai orkestrarekiko harremanean ere. Zuzendari baten eta orkestraren arteko harremana moldatu egin behar da beti, ez da berezkoa, eta, alde horretatik, ni izugarri pozik nago musika zuzendaritzarekin eta proiektuarekin.

7.000 abonatu inguru ditu EOSek. Definitua duzue haren soslaia?

Oinarrizko soslai bat egin behar badugu, ehunekoetan emakumeak dira gizonezkoak baino pixka bat gehiago, eta gehienak 60 urtetik gorakoak dira. Batzuetan, abonatuek esaten didate: «Ea gazte gehiago etortzen den!». Baina ni ez nago horrekin obsesionatuta. Ahalik eta jende gehiagorengana iritsi nahi dut, eta etortzen den oro izango da ongi etorria.

Obra garaikideetara irekita dagoen publiko bat da?

Bada gauza berriak ezagutu nahi dituen publikoa, eta bada ezagutzen duen musika entzun nahi duena, eremu ezagunetara itzuli nahi duena. Gu saiatzen gara oreka bat bilatzen, eta gure tamainako orkestra bati dagokion errepertorioa lantzen. Egia da, esaterako, gure abonamendu denboraldian obra barroko bat hamabost musikarirekin egingo bagenu jendea harritu egingo litzatekeela, baina egin, egin genezake. Baina hori ez da gure lan nagusia. Uste dugu gure errepertorioa 1810etik aurrerakoa dela, eta badela mugarri bat: 1900. urtea eta Viena. Horren inguruan eraiki zen orkestra. Jakina, hori moduladaiteke, baina EOSek badu soinu oso jakin bat, maisuak ematen diona, eta, nola ez, maisuak bere zaletasun edo lehentasunak ditu. Robertek, artista gisa, bere onena Mahlerrekin ateratzen badu eta ez hainbeste Prokofievekin, bada Mahlerren presentzia handiagoa izango da. Baina etorriko da Prokofiev edo Mozart egingo duen zuzendari gonbidatu bat, inportantea baita orkestraren beste aurpegi batzuk erakutsiko dituzten beste zuzendari batzuekin ere lan egitea. Horregatik egiten ditugu, esaterako, filmetarako grabazioak. Orkestrak tresna moldakorra izan behar du.

Aurrera begirako zein erronka ditu orkestrak?

Nazioartekotzea sendotu nahi dugu. Bideratuta daukagu, baina koronabirusaren kontu honekin guztiarekin, agian aukera batzuk irekiko zaizkigu. Uste dut herri honen kultur produktu bizia zabaltzeko aukera izan dezakegula. Eta publikoarekiko harremanean ere sakondu nahiko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.