Albistea entzun

Jendetzaren azoka

Bi urteren ostean eta zubi betean egin dute Gernika-Lumoko urriko azken asteleheneko azoka. 125.000 lagun bildu dira, eta 293 postu jarri dituzte. Azken asteetako beroaren ondorioz, produktu gutxiago jarri ahal izan dituzte salgai ekoizleek, eta garestiago.
Jendetza, atzo, Gernika-Lumon, urriko azken astelehenean. 125.000 bat lagun bildu ziren.
Jendetza, atzo, Gernika-Lumon, urriko azken astelehenean. 125.000 bat lagun bildu ziren. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2022ko azaroak 1 - Gernika-Lumo

Jendetza iragarri zuten, bi urteko etenak eta zubiak hauspotuta, eta bete egin dira aurreikuspenak: 125.000 lagun bildu dira Gernika-Lumoko (Bizkaia) urriko azken asteleheneko azokara, inoiz baino gehiago. Zabaldu eta berehala pilatu dira bisitariak, laster bete dira herrigunea eta terrazak, eta, are, posturik baztertuenetan ere ezinezkoa da denbora luzez geldi egotea, produktuei begira, jendea oldeka mugitzen ari baita udalerrian.

Ikusi gehiago: argazki bilduma

Jendetza iragarri zuten, eta, hala ere, badira jendetzak kasik ezustean harrapatu dituenak. «Harritzen gera / izan dan jende kolpean / hasi orduko zalantza ere/ sortu bazait baitatean / hitzak tokirik hartuko ahal du / hainbat hiztunen tartean». Hala abestu die Sebastian Lizaso bertsolariak eguerdi alderako Merkurio iturria eta inguruak estalita zeuzkatenei; eta, era berean, bertso saioko agurrean jende kopurua ekarri dute hizpidera Onintza Enbeitak eta Andoni Egañak. «Ez det esango jende mordo bat / ez nuenikan itxaron / baina gaurkoan bildu zerate / sekula baino gehiago», bota du Egañak.

Bisitariak badaude, baina erosleak? Horren inguruko kezka adierazi du Lizasok saioaren erdialdean. «Jende ugari ikusten dut nik / eskuetan ezer gabe». Eta aurrerago gehitu du: «Ea jendeak entzuten duen / bertsoaren deiadarrik / borondaterik ez dago egon / karterak ez du indarrik / zer erosia asko dagola/ ez dago esan beharrik / baserritarrak ez dira pozten / begira egonda bakarrik». Izan ere, Lizasok esan bezala, ez da eskaintzarik falta azokan. Guztira, 293 postu bildu dira aurten, eta askotarikoak dira salgaiak: barazkiek eta frutek kale luze bat betetzen dute; ezti saltzaile mordoa daude, baita gazta ekoizleak ere, eta eros daitezke, orobat, erroskak, edo, are, lurra lantzeko makinak.

Baina, edonola ere, bertsolarien adierazpenak zuzenak dira, Mungiako (Bizkaia) Jesus Bilbao barazkietako Juani Larrazabalen hitzei erreparatuta. «Aurreko urteetan baino jende gehiago dago, baina gutxiago erosten ari dira». Eta erosleek bakarrik ez, generoak ere nabarmen egin du behera aurten, dioenez: «Produkzio gutxiago izan dugu sikateagatik».

Tomatean igarri dute kaltea, batez ere, «urria eta txarra» izan baita uzta. Ondorioz, prezioak igo egin behar izan dituzte, eta bezero batzuei ez die grazia handirik egin. Babarrunak 12 euroan dituela argitu dio Larrazabalek andre bati; hura, bekainak igo, eta beste postu batera joan da. «Ba horko postuan 26an daude!», esan dio saltzaileak. Bertsolariek asmatu egin dute, ostera ere; oraingoan, Enbeitak. «Hemen jendea han egoten da / azokan astelehenero / nahiz ta dagoen astelehenero / joaten da nahi bat bezero / beste piloak baserritarrei/ regateatu eta gero / cuba libre-a ordaintzen dabe / zazpi edo zortzi euro».

Zornotzako (Bizkaia) Etxearriaga baserriko Marian Dunagoitiak ere ekoizpenaren beherakada nabaritu du, baina aukera gutxi du produktuak garestitzeko. «Prezioak altxatzen baditugu, ez dugu salduko, eta, mantenduta ere, ez da saltzen». Dena den, abuztu bukaera eta irailetik aurrera ekoizpena indartu dela igarri du.

Orobat, udazken eta neguko barazkien indarra agerikoa da begi kolpe hutsez Sartagudako (Nafarroa) Lurdes Macia ekoizlearen postuan. Bazter batean, oliba nanoen sortak ikus daitezke, beroak kalte egin dienak; baina, haien azpian, mardulak dira kalabazak, azak eta bestelakoak. Batzuek argazkiak atera dituzte haiekin. «Neguko barazkia oparo dator, eta oso ona», berretsi du Elias Sainz saltzaileak. Udakoa, ordea, eskasa izan da. «Jendea asko galdetzen ari da indaben eta intxaurren inguruan, baina oso gutxi egon da». Eta tomatean nabaritu dute lehortea, batez ere: uzta iazkoaren erdia izan da. Horiek dira, hain justu, gehien saltzen dituzten produktuak. «Ni prezioak mantentzen ari naiz; saldu nahi baduzu, ez duzu beste erremediorik», adierazi du Sainzek. Ekoizpena gorabehera, baina, aurreko azoketan baino gehiago saldu du aurtengoan.

Ohiko askok, kale

Badu urriko azken asteleheneko azokak bere ifrentzua ere, eta oso gertu. Kaleetako jendetzarekin alderatuta nabarmenagoa egiten baita Merkatu plazako bakardadea. Astelehenero egiten dute azoka han, eta oraingoan ere han daude ohiko saltzaileak, baina ez denak. Mahai berdeetako asko hutsik daude. «Postu pila batetakoak ez dira etorri, ez daukatelako zer saldu», Zuriñe Madariaga Foruko (Bizkaia) Etxenagusi baserrikoaren hitzetan. Haiek ere gutxi dute saltzeko, beroaren eta inflazioaren eraginez, besteak beste. Eta, hala, prezioak garestitu behar izan dituzte. Indaba kiloa 14 euroan saltzen zuten iaz, eta 18an dago urriko azken astelehenean. Baina, hala ere, jendeak erosten die. Ama du aldamenean, Mirari Agorria, eta ohiko erosleak hurbildu zaizkio oraingoan ere. Jendetza iragarri zuten, baina denek ez dute igarri.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Musika ekoizleok artistak ere bagara»

Unai Etxenausia

Musika urbanoa ekoizten hasi zen Denso duela bost urte. Euskal Herrian indarra hartzen ari den generoa dela nabaritzen du. Horregatik, estudio profesional bat irekitzeko apustua egingo du.
Ezkerretik eskuinera, Eider Amundarain Zaldibiako Lardizabal eskolako zuzendaria, Eñaut Agirre eta Zineb el-Ghaouti gurasoak, eta Karmele Perez Huheziko irakaslea. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eskola denentzat izan dadin

Ane Insausti Barandiaran

Eskolako funtzionamendua euskaraz izan dadin, baina, era berean, edukiak guraso guztiek uler ditzaten, proiektu bat abiarazi dute Zaldibiako eskolan. Guraso euskaldunak eta migratzaileak elkarrekin ari dira baliabideak sortzen. Orain arte egindako bidea aztertu dute, jardunaldi batzuetan.
 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

«Ipuinetako lizentziak hartu dituzte bertsolariek»

Urtzi Urkizu

Bertsolari Txapelketa Nagusiko ETBko emanaldietan analisiak egiten aritu da Martin, Ilaski Serrano esatariaren alboan. Hala arituko da hilaren 18ko finalean ere, Iruñean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...