Venezuela. Batzar Konstituziogilea

Legitimitatea bermatzeko lehia

Venezuelan Batzar Konstituziogilea eratzeko hauteskundeak dituzte bihar. Maduro presidenteak elkarrizketarako azken deia egin dio oposizioari, baina hark, boikotari eutsi, eta protestekin jarraitu du

Herritarrak Batzar Konstituziogilerako bozketaren simulakroan parte hartzen, hilaren 16an, Caracasen. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
mikel rodriguez
2017ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Venezuelako krisi politikoa mugarri baten atarira ailegatu da. Gobernuak eta oposizioak haien burua legitimatzeko indar erakustaldia emateko helburua dute bihar: gobernuak, Batzar Konstituziogilerako hauteskundeetan parte hartzea handia izanen dela bermatuta. Oposizioak, berriz, hori eragozteko boikota sustatuta, eta boikot hori ez du leloetara edo kontzientziazio lanera mugatuko, MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiak karrikak eta etorbideak ixteko deia egin baitzuen atzo, biharko bozketa ez dadin normal egin. Nicolas Maduro presidenteak «elkarrizketarako mahai bat» osatzeko deia egin zion oposizioari kanpainako azken ekitaldian, Caracasen. «Ez balu onartuko, nik konstituziogileari emanen diot botere osoa bakerako elkarrizketa nazional bat egiteko».

CNE Hauteskunde Batzorde Nazionalak eta armadak segurtasun plan berezi bat egin dute biharko. Nestor Reverol Barne ministroak jakinarazi du estatuko indarretako 146.000 kide armadaren agintepean paratuko dituztela segurtasuna bermatzeko. Izan ere, tentsioa muturrekoa da herrialdean. Oposizioak asteazkenean eta ortzegunean greba orokorrera deitu zuen, Batzar Konstituziogilearen aurka protesta egiteko. Hain zuzen, herenegun iluntzean polizia bat tiroz hil zuten Merida estatuan, herrialdearen mendebaldean, Fiskaltzak jakinarazi duenez. Hilketaren inguruko bertzelako xehetasunik ez du eman. Iragan apirilean oposizioaren azken protesta uholdea hasi zenetik, 108 pertsona hil dituzte manifestazioetan edo egoera politikoarekin zerikusia izan duten indarkeria ekintzatan, gobernuaren arabera.

Indarkeria horren erantzukizuna banatzerakoan, ordea, bi aldeen bertsioak guztiz kontrakoak dira. Oposizioak estatuko indarrei eta, bereziki, GNB Guardia Nazional Bolibariarrari leporatzen die manifestarien aurka gehiegizko indarkeria erabiltzea. Arartekoak, berriz, txosten bat argitaratu zuen herenegun, eta horretan oposizioari leporatu zion chavisten aurka «gorroto krimenak» egitea. 30 eraso zerrendatu zituen: «Lintxamenduak, jipoiak, terrore psikologikoko ekintzak eta jendea bizirik erretzea», bertzeak bertze.

«Iruzur hutsa»

Madurok Batzar Konstituziogilea eratuta bukatu nahi du krisia. Eratu ondoren, batzarra izanen da herrialdeko botere publiko nagusia. Bertze konstituzio bat egiteko boterea izanen du, baina, Madurok maiatzean esandakoaren arabera, gobernuak gaur egungo konstituzioa aldatzea proposatuko dio batzarrari, botereen arteko «kontraerrana» konpontzeko. Konstituziogilerako hautagaiak hiru sail nagusitan daude banatuta —udalerrietan hautatutakoak (364), erakunde sozialetan hautatutakoak (173) eta indigenak (8)—; alderdiek ezin dute hautagairik izendatu, baina oposizioak uko egin diolehian sartzeari.

«Konstituziogile hori iruzur hutsa da, eta ez du legitimitaterik», adierazi zuen Freddy Guevara parlamentuko lehen presidenteorde eta VP Herri Borondatea alderdiko kideak herenegun. Guevarak berak 2014an Batzar Konstituziogilea eratzea proposatu zuen, orduko liskar egoera konpontzeko irtenbidetzat, baina oposizioak jarrera erabat aldatu du ordutik. Baita gobernuak ere, orduan ez baitzuen deitu. «Bakearen bidean irabaziko dugu, dagoen bide bakarretik, Konstituziogilearenetik», erran du Madurok. Biharko bozketaren aitzinetik oposizioari egin dion elkarrizketarako proposamenak ez dirudi baiezko erantzunik jasoko duenik, ordu batzuetara bakarrik «karrikak» hartzeko deia egin baitzuen Guevarak.

Nazioartean ere presioa jaso du Venezuelako Gobernuak, biharko bozketa egin ez dezan. AEBek hamahiru goi kargudun zigortu dituzte, eta erran dute bozketak «demokrazia arriskuan» paratuko duela. AEE Amerikako Estatuen Erakundeko 35 estatutatik hamahiruk Batzar Konstituziogilera deitu izana kritikatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.