Koronabirusa. Eragina ekonomian

Agortzen ari diren iturri txikiak

Itxialdiak bete-betean jo ditu langile autonomoak. Batzuk diru sarrerarik gabe geratu dira, eta beste batzuenak asko txikitu dira. Laguntzak iragarri dizkiete administrazioek, baina ez dira nahikoa izango batzuek beren enpresa txikiari eutsi ahal izateko.

Aguxtin Alkat tindularia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Irune Lasa - Imanol Magro Eizmendi - Aitor Biain - Oihana Teyseyre Koskarat
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
«Badirudi krisi hau ere autonomoek ordainduko dutela»

Gabriel Larrinaga Odontologoa eta zirujaua

Oraintxe, gauza bakarrean pentsatzen dut: norbait minarekin etortzen bada, hura sendatzea edo behintzat mina kentzea. Gero, aurrerago, sartuko gara diru kontuetan, negozioaren etorkizunean eta abar». Kontsultetako bat itxita eta bestea zabalik dauka Gabriel Larrinaga odontologo eta zirujauak (Donostia, 1975). Lanean jarraitzen du, besteak beste, dentisten zerbitzua oinarrizko horietako bat delako. «Guztiok itxiko bagenu, guri dagozkigun gauza txikiagoek ospitaletako larrialdiak kolapsatuko lituzkete, eta ez du merezi. Goikoa [Donostiako ospitaleak] libreago geldituko da horrela. Denon artean pixka bat jarrita, askoz hobeto».

Gutxi izango dira jendearengandik horren hurbil lan egiten duten profesionalak. Arriskutik ahalik eta gehien babestuta dihardu, maskara, bata eta abar jantzita. «Turbinekin lanik egin gabe ari gara, aerosol horiek saihesteko». Klinikan, nola ez, bazituzten maskarak aurretik ere, baina ez dituzte sobran. Dentisten Elkargoak kide guztien maskara stock-ak erregistratu zituen lehen egunetan.

Jakina, kontsulta zabalik izateak kostua du zirujauarentzat. «Edozein negozio bezala, irekitzea dirua kostatzen da». Horregatik, langile gehienei kontratuak eten dizkie erregulazioen dekretua erabilita, kostu finkoak ahalik eta gehien murriztu ditu... Horretarako ere lagungarri izan ditu Dentisten Elkargoaren aholkuak. Gobernuei eta agintariei informazio gehiagoeskatu die. «Ez dakigu ezer, eta, ni bezala, autonomo pilo bat martxan gaude». Larrialdietarako kontsultak zabalik edukitzea behintzat lagundu egin beharko litzatekeela uste du Larrinagak.

Pentsatu ote du autonomoak beti azkenak direla? Irribarrea atera zaio. «Hori betiko gauza da. Kate luze horretan, han bukaeran gelditzen gara gu». Aurreko krisia autonomo mordo batek ordaindu zuela ziurtatu du odontologoak. «Eta badirudi krisi hau ere autonomoek ordainduko dutela».

«Skypengatik ez balitz, gure jarduna eten beharko genuke»

Asier Gonzalez Irakaslea eta psikologoa

Sei hilabete dira Asier Gonzalezek (Donostia, 1988) MINA ikasketa zentroa ireki zuela, Donostiako Katalina Erauso kalean. Gustura ari zen orain arteko martxarekin, baina COVID-19aren krisiak eta ikasketa zentroen itxierak hankaz gora jarri dio eguneroko bizimodua. «Jarduna goitik behera berregituratu egin behar izan dugu. Bulego fisikoa ixtera behartu gaituzte, eta orain klaseak Skype bidez [bideo deiak egiteko programa informatikoa] eman behar ditugu. Harengatik ez balitz, gure jarduna eten beharko genuke. Lehen, bost ikasleko multzoak genituen; orain, bikoak eta hirukoak. Batzuetan, gainera, zailtasunak dituzten ikasleei laguntzen diegu, eta ez da gauza bera. Aurrez aurre beti da eraginkorragoa, baina egokitu egin behar dugu».

Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik hasi eta Batxilergorainoko ikasleak ditu. Baita selektibitatea prestatzen laguntzen dien batzuk ere. Hainbat hizkuntzatan eskaintzen dute zerbitzua. «Lan karga handiagoa da orain, Skype bidez. 09:00etan hasi eta 20:00etan bukatzen dugu; egun osoa da. Ordu gehiago sartzen ditugu, eta eremu txikiagoa hartu, klaseak indibidualagoak direlako». Hilabete honetako kontuak ez ditu egin oraindik, baina badaki garai zailak datozela, besteak beste ikasle batzuek ez dutelako klaseak modu telematikoan hartzeko baliabiderik.

«Arduratuta» dago egoerarekin Gonzalez: «20 urte daramatzanak agian hobeto eutsiko dio, baina guk ateak ireki berri ditugu, eta bizitzako gastuak ere hor daude». Ardura hori leuntzeko autonomoentzako laguntzen berri izan du, baina beste neurri baten hutsunea nabaritu du: «Alokairuen atzerapena. Niretzat behintzat funtsezkoa litzateke. Guk ezin dugu gure lokala erabili, baina alokairua ordaindu behar dugu. Atzerapenak arnasa emango liguke. Tira, guri, eta askori. Autonomo askok ezin dute negozioa ireki, eta, ez baduzu diru sarrerarik, kostata ordainduko duzu errenta».

«Orain galtzen ari naizen diruak negua egiteko balio dit»

Deiane Unamuno Argazkilaria

Ezkontza denboraldiaren hasieran harrapatu du krisiak Deiane Unamuno argazkilaria (Oñati, Gipuzkoa, 1992). Bere kabuz egiten du lan, eta «erabat geldi» da orain. «Bertan behera geratu dira martxoko eta apirileko ezkontza denak, oraingoz, eta bezero asko baliogabetzeei buruz galdezka ari zait». Diru sarreren %70 inguru dira ezkontzak Unamunorentzat, baina gainerakoak ere ezin ditu egin, konfinamenduaren ondorioz. Diru sarrerarik izan ez, eta, halere, autonomoen kuota ordaintzen ari da, «eta gainerako zerga guztiak ere bai». «Etxean geratu behar dugu, ados, baina egoera honetan ezin dugu ia 300 euroko kuota ordaintzen jarraitu».

Ez du begi onez hartu kuota atzeratzeko Espainiako Gobernuak emandako aukera. «Arazoa atzeratzea baino ez da». Izan ere, zail ikusten du orain galdutakoa bere osoan berreskuratzea. «Batzuk atzeratu egingo dira, baina beste batzuk ez dira egingo: txikiak, adibidez. Familia saioak eta umeenak ere ez». Kaltea handia izango dela uste du. «Ezkontza atzeratzen ari direnekin beste data bat adosten saiatzen ari gara, baina ez da horren erraza».

Argazkilari talde bateko kide da Unamuno, eta haiekin elkarlanean ari da arazo horri irtenbidea emateko. «Trukatu ditzakegu agian ekitaldiak». Bere finantza aholkulariarekin ere harremanetan jarri da, eta ezinbesteko arrazoien ondorioz jarduera ekonomikoa eten duenaren parte ematea erabaki du mutualitatean. «Oso-oso zaila da diru laguntzaren bat jasotzea, baina, badaezpada ere, eskaera aurkeztea erabaki dugu».

Egoerari eusteko moduan da oraingoz argazkilaria, baina «beltz» ikusten du etorkizuna: «Orain galtzen ari naizen diruak negua egiteko balio dit; nire aurrezkiak dira».

«Uda ez da ona izango, ordurako itxialdia bukatuta ere»

Lontxo Otamendi Taxi gidaria

Azken asteko kontuak erraz atera ditu Lontxo Otamendik (Atallu, Nafarroa, 1969): «%100 gutxiago, zero. Bidaiari bat eraman nuen iragan igandean, eta kito. Ez dut beste lanik egin. Nola egingo dut, bada, etxean egon behar badugu?». Otamendi taxi gidaria da Araitz haranean, Nafarroa iparraldean. Baserriz eta herri txikiz jositako lurralde batean, haren taxia zerbitzu publikoa da, eta eskola umeen garraioa haren lanaren oinarria. «Hura gabe, ezinezkoa litzateke hemen taxitik bizi ahal izatea. Beste lanak? Adineko jendea eta gidatzeko karnetik ez duena inguruko herrietara eramatea. Eta parranda zaleak, horiek larunbat eta ostiral gauetan. Iragan larunbatean, esaterako, bi erreserba nituen sagardotegietara joateko, eta biak bertan behera gelditu zitzaizkidan».

Esan gabe doa halako egoera larririk ez duela aurkitu taxian daramatzan zazpi urteetan. Autonomoen laguntzen berri izan du, eta AITAN Nafarroako taxilarien elkartearen aholkuen zain dago. «Laguntzak esaten duten bezalakoak badira, ez dira txarrak. Kalte guztia ez du kenduko, baina bai zati bat». Izan ere, gastu finkoek hor jarraituko dute: asegurua, mailegua, bizi kostuak… Baina ulertzen du egoera. «Autonomoekin, normalean, ez dira oroitzen, baina aldi baterako espedienteekin dauden fabrikako langileak ere ez dira ondo ibiliko».

Otamendi ez da ausartzen esaten zenbat iraungo duen itxialdiak, eta autonomo bidea hasi berri dutenekin oroitu da. «Nik bizitzeko adina badut, baina gazteentzat gogorra da. Eta zer esan lokal bat ordaindu behar dutenei buruz». Hala ere, badaki krisia ez dela egun batetik bestera joango. «Uda ez da ona izango. Nik udan polito egiten dut lan, herrietako jaietan, landetxeetako turistekin, egun bateko txangoak egiten dituztenak… Eta argi dut uda honetan ez dela horrelako poztasunik egongo».

«Aste bat edo bi iraun ahal dut dudan materialarekin»

Aguxtin AlkhatTindularia

Musikari gisa da ezaguna Aguxtin Alkhat(Armendaritze, Nafarroa Beherea, 1982), baina lanbidez tindularia da azken 11 urteetan. Beste lankide batekin aritzen da etxez etxe. «Banaka ari gara, eta eman diren kontsigna sanitarioak errespetatuz. Ez gara bezeroez gehiegi hurbiltzen. Edozein gisaz, kanpoan ari gara lanean, eta errazago da». Debekurik iristen ez bada ere, uste du ez duela luzaroan lan egin ahal izango. «Tindu saltzaile guztiek hetsi dute; guk ez dugu erreserbekin lanik egiten. Dudan materialarekin, aste batez edo biz irauten ahal dut».

Bere enpresa ttipia arriskuan ikusten du Alkhatek. «Neurri zorrotzagoak hartzen badira, enpresa bukatuko da, argi dut. Momentuz, biek badugu bizitzeko doia, eta gure familiak artatzeko doia; baina egoerak hilabete bat edo bi irauten badu, geldituko da enpresa». Ez du, aitzitik, burumakur agertu nahi. «Positibo begiratu behar zaio horri: beste zerbait sortzen ahalko da horren gibeletik, edo beste bide bat hartzen ahalko dut. Ez nau horrek beldurtzen; holakoa da bizia».

Koronabirusak zerbitzu publikoak azkartzeko ere balioko duela espero du. «Hainbat urtez, ospitale publikoak eta medikuntza alde batera utzi dituzte gobernuek, eta orain fresak pagatuko ditugu. Jadanik badu zenbait hilabete greban zirela ez dutelako baldintza onik, eta orain beharbada ohartuko dira beharrezkoak direla zerbitzu publikoak. Gobernua ere alerta gorrian da; badakite haien funtzioak galtzen ahal dituztela sistema horretan».

Frantziako Gobernuak egindako promesekin ez da fio Alkhat. «Erran dute lan sari minimo bat segurtatuko digutela; kalte-ordainak ukanen ditugula... Ez da ez dudala sinesten, baina kontua da egoerak zenbat iraunen duen, horrelako egoera batean gauza ederrak erraten baititu. Ez dut uste estatuaren diru iturria mugagabekoa denik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.