Jaurlaritzak guztiei zabaldu nahi dizkie BGAEak

Xabier Martin. Iker Aranburu
2018ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak lehena sartu nahi izan zuen helmugan, ostegunean. Bizkaiko langile guztiak egongo liratekeen BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakunde bat sortzea nahi zuela esan zuen, pentsio publikoak «ordezkatu ez baina osatuko» zituela horrek, eta eragile askoren parte hartzea eta akordioa beharko lukeela aurrera ateratzeko; aldundia prest dago bere ekarpena egiteko.

«Hori ez da ideia berria», erantzun zion atzo Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariak,Radio Euskadin: «Jaurlaritza aspaldian dabil lanean pentsio publikoak osatzeko, langile gehien-gehienek BGAE-etan parte hartzearen bidez». Hemerotekak dio 2006. urtean Gasteizko gobernuak dagoeneko iragarri zituela horretarako asmoak. Ordutik hona, ordea, geldialdia izan dute pentsio osagarriek: 1,11 milioi bazkide zituzten enplegukoek eta pribatuek; 1,13 milioi ziren 2018ko lehen hiruhilekoan.

Administrazio publikoek aspaldi egin zuten pentsio osagarrien aldeko hautua: Itzarri da Jaurlaritzaren langile publikoen BGAEa, eta Elkarkidetza diputazioena eta udalena.

«Inork ez du zalantzan jartzen sistema hori ona dela aurrezteko», ziurtatu zuen Erkorekak, eta iragarri zuen lanean dabilela enpresariekin, sindikatuekin eta martxan dauden borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeen arduradunekin, «martxan jartzeko langileen pentsio publikoa osatuko lukeen sistema». BGAE horren bidez, diru sarrerak bermatuko lituzkete erretiroa hartzean, Erkorekak dioenez.

Sindikatuek ez diete harrera gozoa egin ez Rementeriari, ez Erkorekari. Lehenengoari hitz bakar batekin erantzun zion ELAk: «Propaganda da». Adolfo Muñozen sindikatuak ukatu egin zuen sindikatuari ezer galdetu diotela gaiari buruz. «Benetan jardun nahi baldin badu, neurriak eragiten digun erakundeon ikuspuntua ezagutu beharko luke». ELAren arabera, pentsio publikoak «lehentasuna» dira; «enpleguak eta soldatak duinak balira, pentsioek ez lukete arazorik. ELAk dio «baldintza miserableak» dituzten langileen lehentasuna ez dela BGAE batean egotea, «etorkizun ezezagun bat edukitzeko. Hil bukaerara iritsi nahi dute, lehen-lehenik».

LABek ere ez du uste «garaia» denik pentsio osagarriei buruz hitz egiteko, «kalera irteten ari diren milaka pentsiodunen aldarrikapena» 1.080 euroko gutxieneko pentsioa baita. Sindikatuak uste du «jendea nahasten» ari direla «EAJ eta jeltzaleek instituzioetan dituzten ordezkariak», eta haien asmoa enpresaburuei «laguntzen jarraitzea» dela, zerga pizgarriekin iritsiko direlako borondatezko pentsioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.