Martin Odegaard. Realeko jokalaria

«Presioa futbolaren parte da, eta naturaltasunez bizi izan dut»

Taldekideek asko hitz egin diote Martin Odegaardi Athleticen aurkako derbiaz. Bihar izango du lehen aldiz jokatzeko aukera, eta «gogoz» dago. Erdilari norvegiarra oso ondo aritu da ligako lehen bi partidetan.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Real Madriletik Realera utzita etortzeko apustua egin du sasoi honetan Martin Odegaardek (Drammen, Norvegia, 1998). Lehen asteak daramatza Donostian, eta egokitzapena «oso ondo» doala dio.

Zer sentipen duzu Realarekin lehen gola sartu eta gero?

Oso gustura, pozik eta harro nago. Goleko jokaldia oso azkarra eta ona izan zen. Mallorcak korner bat zuen alde. Moyak baloia gelditu, eta bizkor eman zion Oiartzabali. Hark niri eman zidan, eta nik Porturi. Ondoren hark niri emandako pasea aukerakoa zen gola egiteko. Atzetik indarrez sartu, eta asmatu egin nuen. Berezia izan zen, garaipena lortu genuelako, Realarekin lehen gola sartu nuelako...

Jokatutako lehen bi partidetan taldeko jokalaririk onenetako bat izan zara. Pozik zaude egin duzun jokoarekin?

Neure burua sasoiko ikusten dut. Eroso eta gustura nago taldeak jokatzeko duen erarekin, eta pixkanaka egokituz noa. Hori da inportanteena. Orain arte bezala jarraitu nahi dut lanean.

Zer eman diezaiokezu taldeari?

Jokoa sortzea, lerro artean aritzea eta azken paseak ematea izan dira nire ahalmenak, eta hori eskaini nahi diot. Baina aurreko sasoian, Vitessen, golak ere sartu nituen, eta horretan ere lagundu nahi diot taldeari, baita defentsako eta presioko lanean ere.

Eta nola ikusi duzu taldea sasoi hasiera honetan?

Valentziaren aurka partida ona jokatu genuen; Mallorcaren aurka, berriz, garaipena lortu arren, zailagoa izan zen. Bero handia egin zuen, eta haiek ondo ixten dira atzean. Halako lehietan kostatu egiten da zuloak topatzea. Baina ez genuen burua galdu. Gu ere gai izan ginen atzean sendo egoteko, eta azkenean aukera aprobetxatu genuen erasoan. Entrenatzaileak nahi duena barneratzen goaz pixkanaka.

Bihar derbia jokatuko duzue Athleticen aurka. Zer aipatu dizute taldekideek lehiaren inguruan?

Nabari da partida berezia dela.Etxeko jokalarien arten ikusten da hori batez ere. Baina ez horien artean bakarrik, baita zaleen artean ere. Haientzat ere esangura handiko partida dela nabari da: gehiago geratzen zaituzte kaletik, derbia dela gogorarazten dizute. Gogoz nago jokatzeko. Ziur giro aparta izango dela.

Norvegiako eta Herbeheeretako ligetan jokatu duzu. Hango derbietako giroa ere berezia izaten zen?

Ez. Hemengo giroa bereziagoa da. Bai taldeek, baita zaleek erem askoz modu gertuagokoan bizi dute partida.

Nolako norgehiagoka espero duzu?

Lehiatua eta intentsitate handikoa. Athleticek oso ondo hasi du denboraldia. Guk bezala, lau puntu ditu. Lehen partidan Bartzelonari irabazteko gai izan zen, eta hori aintzat hartzeko zerbait da. Etxean, gainera, zaleen bultzadarekin, asko estutzen duen talde bat da. Presio handia egiten dio aurkariari baloi irteeran, eta jokoaren ekimena izatea gustuko izaten du.

Aurreko sasoian1-3 irabazi zuen taldeak. Zer egin behar duzue berriro ere garaipena lortu ahal izateko?

Konfiantzaz jokatu eta gauzak guk dakigun bezala egin. Defentsan lehen bi partidetako seriotasunari eutsi behar diogu, eta erasoan bizi jokatu, jokalari erabakigarriak ditugulako aurrealdean. Gure jokoa egiten badugu,ziur nago aukerak izango ditugula norgehiagoka irabazteko. Orain arte bezala jarraitu behar dugu lanean.

Taldekideen artean nork harritu zaitu gehien?

Ez nuke izen bat esango. Jokalari guztiek kalitate handia dute. Etorri aurretik hala izatea espero nuen, eta berretsi egin dut. Hori ona da, lehiakortasun handia ekartzen baitu, eta denek gure onena ematea. Horrek dakar hobekuntza.

Norekin duzu harreman gehien?

[Alexander] Isaakekin. Lehen asteetan elkarrekin egon ginen hotelean, eta gainera hizkuntza bera hitz egiten dugu. Baina denekin dut harreman ona. Talde gaztea gara, eta giro ona dugu gure artean.

Europa jokatuko duten taldeen eskaintzak edukita, zergatik erabaki zenuen azkenean Realera etortzea?

Vitesserekin egindako azken denboraldiaren ostean, hainbat talderen eskaintzak jaso nituen. Nire ordezkariarekin aztertu nituen [Bjorn Kvarme Realeko jokalari ohia]. Reala aukera ona iruditu zitzaidan. Ilusio handia egin zidan. Batetik, azken sasoietan Realak jokatzeko duen eragatik: baloi jabetza oinarri izanda eta erasora. Espainiako Ligako partidak ikusten nituen, eta asko gustatzen zitzaidan Realaren jokatzeko era, hori delako nik atsegin dudana. Oso egokia iruditzen zitzaidan niretzat. Gainera, Espainiako Ligara itzuli nahi nuen. Bestalde, niretzat zituzten asmoak eta klubaren filosofia ere oso egokiak iruditu zitzaizkidan. Imanolekin hitz egin, eta garbi izan nituen gauzak.

Dena den, Real Madrilek utzita zaude bi denboralditarako. Hara itzuli nahiko al zenuke?

Bai, horregatik berritu nuen kontratua. Dena den, oraintxe bertan arreta osoa hemen daukat. Nire onena eman nahi dut hemen, eta jarraitutasuna eta egonkortasuna lortu, jokalari moduan hazten eta ikasten segitzearekin batera. Hori da bi urte hauei begira dudan helburua.

Oso gaztea zinela iritsi zinen Real Madrilera: 16 urterekin. Zergatik ez zenuen arrakasta lortu?

Ziurrenik gazteegia nintzelako. Aukera egokia iruditu zitzaidan Real Madrilekin fitxatzea, bigarren taldean jokatzeko aukera nuelako, eta Zinedine Zidaneren aginduetara. Baina ez nuen lehen taldean jokatzeko urratsa egin, eta nik goi mailan jokatu nahi nuen.

Azkenean Heerenveenera joan zinen, utzita, eta gero, Vitessera. Zertan aldatu zaituzte azken hiru urteetan Herbeheeretan izandako bi esperientzia horiek?

Funtsezkoak izan dira minutuak jokatu eta konfiantza handiagotzeari begira. Batez ere azken denboraldia oso ona izan zen. Jokalari osoagoa naiz arlo guztietan. Adibidez, aurreko sasoian asko hobetu nuen golak sartzeko orduan.

15 urterekin egin zenuen debuta Norvegiako Lehen Mailan, eta handik gutxira selekzioarekin. Hain gazte izanda, nola bizi izan zenuen hura? Presio handia sentitu al zenuen? Nola kudeatu zenuen hori nerabe bat besterik ez izanda?

Pertsona lasaia naiz, eta horrek lagundu egin zidan. Patxadaz kudeatu nuen egoera. Presioa, berriz, futbolaren parte da, eta naturaltasunez daramat. 15 urte nituenetik izan dut. Presio apur bat izatea ona da, behar bezala kudeatuz gero, zure onena ematen laguntzen dizulako.

Datorren urtean Eurokopa jokatu da. Bertan egoteko itxaropenik baduzu Realarekin denboraldi ona eginez gero?

Bai, zergatik ez. Baina aurrena sailkatzea lortu behar dugu. Ez da erraza, Espainia oso sendo dagoelako multzoko lehen postuan, baina bigarrenerako borrokan egon gaitezke, Suediarekin eta Errumaniarekin batera. Talde gaztea dugu, baina etorkizunekoa.

Gustura al zaude Donostian etataldean?

Oso gustura eta eroso sentitzen naiz. Taldean oso ondo egokitzen ari naiz. Besoak zabalik hartu naute, eta, esan bezala, jokatzeko era oso egokia da niretzat. Asko errazten ari zaizkit gauzak. Hiria ere oso ederra da, eta klubeko jendeaasko ari zait laguntzen.

Jada ezagutu dituzu Donostiako txokoak? Zer izan da gehien gustatu zaizuna?

Batez ere hondartza inguruan eta erdialdean ibili naiz, eta oso politak iruditu zaizkit inguru horiek.Oraindik, dena den, gutxi ezagutzen ditut. Gipuzkoako beste herrietan ere ez naiz egon. Espero dut pixkanaka horretarako aukera izatea.

Zer egitea gustatzen zaizu astialdian ?

Pertsona lasaia naiz, eta filmak ikustea eta Fortnitera jokatzea atsegin dut, baita musika entzutea ere. Futbol partida asko ere ikusten ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.