Maiatzaren Leheneko protesta bateratuari eutsi nahi dio LABek Baionan

Sindikatu abertzaleak haiek baztertzeko asmoa ikusi du intersindikaleko kide batzuen artean, eta hori «gainditzeko lanean» diharduela esan du

Garbiñe Aranburu, Maiatzaren Lehenerako afixarekin. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
LAB sindikatua lanean ari da Maiatzaren Leheneko Baionako manifestazio bateratuari eusteko. Erretreten adina atzeratzearen auzia puri-purian dagoen honetan, Frantziako Gobernuak bultzaturiko erreformari aurre egiteko mobilizazio erraldoietara deitu dute. Horien karietara, sindikatu abertzaleak «azken urteetako ereduari» eutsi nahiko lioke, baina trabak aurkitu ditu bidean. «Bazterketa asmoa ikusten dugu intersindikaleko kide batzuen artean. Gu hori gainditzeko saiakeran gabiltza, baina ez dago gure esku bakarrik», azaldu zuen atzo Garbiñe Aranburu sindikatuko koordinatzaile orokorrak, mobilizazioen berri emateko eginiko agerraldian. Dena den, gehitu zuen oraindik badaudela egunak hitz egin eta egoera bideratzeko.

LABek zortzi manifestazio antolatu ditu Maiatzaren Lehenerako, eta Baionan ez ezik, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Donostian, Iruñean, Maulen, Eibarren (Gipuzkoa) eta Tuteran (Nafarroa) ere irtengo da kalera. Egiteko beste mundu bat lelopean egingo ditu mobilizazioak, haren proiektuarekin bat egiten duten «langile, pentsiodun, emakume, gazte eta arrazializatu guztiak» klase beraren parte direla sentitzeko, «egungo krisia» egiturazkoa dela salatzeko eta haren erantzuleak seinalatzeko.

Maiatzaren Leheneko arretagunerik handiena Ipar Euskal Herrian egongo da, Frantziako Gobernuak erretreta adina atzeratzea erabaki berri duen honetan. Frantziako sindikatuek auziaren inguruko erreferendum bat eskatu dute bigarrenez, eta mobilizazio erraldoiak antolatu dituzte nahia hauspotzeko. Kontseilu Konstituzionalak maiatzaren 3an ebatziko du galdeketa egiteko aukeraren inguruan.

Azken urteetan, LABek beste sindikatuekin batera parte hartu izan du Maiatzaren Leheneko Baionako manifestazioan, baina aurten giroa ezberdina da:«LABek 20 urte daramatza Iparraldean, eta egonkortutako proiektu sindikal bat da. Intersindikalean, baina, Paristik datozen aginduei eutsiz, jarrera zentralista da nagusi, baita LAB baztertzeko asmoa ere».

LABek, dena den, ez du galdu egoera onbideratzeko itxaropena, Aranburuk onartu zuen arren batzuetan bazterketa hori «oso muturreko» egoeretara iritsi dela, eta «ulertezina» iruditzen zaiola: «Onartezina iruditzen zaigu azken urteetan eman ditugun aurrerapausoetan atzera egitea». Oraingoz, LABen manifestazio deialdia 11:00etan da, Baionako tren geltokian. Ikusi beharko da saiakeren ondoren deialdia aldatzen duten ala ez. Intersindikalak oraindik ez du zehaztu noiz hasiko den haren martxa, baina 10:30ean izan ohi da.

Alderdientzako mezua

Erretreten atzerapenaren aurka egingo du LABek, eta, era berean, herritar guztien lan eta bizi baldintzak «okertzen» ari dela salatu. Sindikatuaren iritziz, patronala eta erakunde publikoak dira egoeraren erantzuleak, eta haien ardurak har ditzatela eskatuko diete. «Bada garaia lan hitzarmenak berritzeko, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko, gutxieneko pentsioa igotzeko eta lanaldi murrizketaren eztabaidari heltzeko», iragarri zuen Aranburuk.

Alderdi politikoei ere bidali zien mezu bat. Hauteskundeetara begira gai horien inguruko «jarrera argia» izan dezatela eskatu zien, eta langileen aldarrikapenak agenda politikoaren erdigunean jar ditzatela. Bide horretan, lehen pausoetako bat zerga erreforma izan behar dela nabarmendu zuen: «Euskal Herrian sortzen den aberastasuna ez da banatzen. Dirua biltzeari uko egiten zaio enpresen mesedetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.