Gehiago izan du onetik

Realak, Athleticek eta Alavesek garai gozoan amaitu dute urtea. Eibarrek, berriz, gorabehera handiekin. Profesionalizazioaren etena izan da urteko albiste txarra.

Derbia. Realeko eta Athleticeko jokalariak, lehian. Estrainekoz San Mamesen jokatu zen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Urtea amaitzearekin batera bukatu da Espainiako Ligako lehen itzulia ere. Gabonetako etena baliatuz, atzera begiratu eta urte osoaren balantzea egiteko garaia da. Euskal futbolari dagokionez, urteak gehiago izan du gozotik, gazitik baino. Alavesek igotzea lortu eta gero, inoiz baino talde gehiago daude Lehen Mailan. Gainera, arabarrak denboraldi ikusgarria egiten ari dira. Uda zail baten ostean, sailkapenaren gorenean da Reala. Athletic goiko postuetara bueltatu da, aurreko denboraldi zailaren ostean, Talde zuri-gorriak ohiko jokoa eta izaera berreskuratu ditu Iraia Iturregiren eskutik. Gorabeheratsuen Eibar dabil. Aurreko sasoia amaitu bezala hasi du hau, sailkapenaren zuloan ez sartzeko sufritzen.Albiste gazia ligaren profesionalizazioan izan den etena da. Jokalariek ez dute baztertzen grebara jotzea.

REALA
Uda zail baten ostean, denboraldi ikusgarria


Reala Txapeldunen Ligarako sailkatzea ahalbidetzen zuen hirugarren postua eskuratzeko borrokan egon zen iragan denboraldiaren parte handi batean. Baina,azkenerako, postu horretatik bederatzi puntura amaitu zuen. Txuri-urdinak bosgarren izan ziren, 61 punturekin. Hala, inoizko sailkapen historikorik onena berdindu zuten.

Ordurako, giroa nahasia zegoen taldearen inguruan. Izan ere, asteak ziren zurrumurru bat bolo-bolo zebilela: hamar jokalarik taldea utziko zutela. Ekainaren 28an baieztatu zen. Ez ziren nolanahiko jokalariak, gainera:Nahikari Garcia,Mariasun Quiñones, Itsaso Uriarte, Leire Baños, Nuria Mendoza , Maitane Lopez...

Kolpea izan zen zaleentzat,Taldea eraberritu behar izan zuten txuri-urdinek, eta sei fitxaketa egin zituzten udan: Clare Pleuler,Allegra Poljak, Manuela Vengas, Iris Arnaiz, Gabriela Garciaeta Emma Ramirez.

Zalantzak izan ziren taldearen inguruan. Baina denboraldi-aurre txukuna egin zuten txuri-urdinek. Horri segida emanez, Natalia Arroyoren jokalariek aurreneko itzuli ikusgarria osatu dute. Bigarren postuan amaitu dute,eta datuak ikusgarriak dira: hamabi garaipen, bi porrot eta berdinketa bat. Guztira, 34 puntu. Eta airean daude beste hiru puntu. Izan ere, Espainiako Federazioak zigorra jarri zion elastikoan erakundearen ikurra ez eramateagatik.

Fitxaketak ederki egokitu dira. Zeudenek aurrerapauso bat eman dute. Horien artean, bi izen nabarmendu dira: Nerea Eizagirre eta Amaiur Sarriegi. Biak taldeko ikurrak dira gaur egun. Gainera, harrobitik igotako jokalariak ere oso ondo ari dira.

Taldeak ohiko joko zuzena eta bizia egiten jarraitzen du erasoan; eta, atzean, iragan denboraldian baino sendoago ari da. Gainera, Realak berriki iragarri zuen Arroyok 2024 arte luzatu zuela kontratua, eta Nerea Eizagirrek 2023 arte.

ATHLETIC
Ohiko lekura itzuli da


Teknikaria aldatuz ekin zion urteari Athleticek. Bederatzi partida irabazi gabe egon eta gero, urtarrilaren 7an zuzendaritzak Angel Villacampa kargutik kendu zuen. Zuri-gorriak hamargarren postuan zeuden, 14 punturekin. Villacamparen lekua Iraia Iturregik hartu zuen.

Jokalari gisa ikur izan zen Iturregi, eta bigarren taldea entrenatzen ari zen. «Agian nik ardura hau hartzeko une ideala beste bat izango zen. Baina ziur nago egoera irauliko dugula», adierazi zuen. Hala izan zen.Hasieran sufrituta izan bazen ere, partidaz partida jokalariak konfiantza hartuz joan ziren, etazulotik irteten joan zen talde zuri-gorria. Uste baino lasaiago amaitu ahal izan zuen denboraldiatalde zuri-gorriak: hamabost puntura utzi zituen jaitsiera postuak.

Baina mailari eusteaz gain, talde zuri-gorriak bere jokoaren oinarriak berreskuratu zituen:atzean sendo jokatzea, eta erasoan zuzen eta bizi. Iturregik, gainera, bigarren taldetik ezagutzen zituen hainbat jokalariren alde egin zuen apustu: Irene Ogiza, Oihane Valdezate, Leire Monente...

Udan, klubak eskarmentu handiko hiru jokalari fitxatu zituen. Mariasun Quiñones atezaina, Itsaso Uriarte aurrelaria eta Ainize Barea Peke erdilaria. Atzean ziurtasuna, zelai erdian oreka eta aurrean gol sena lortzen saiatu zen haiek fitxatuta.

Iragan denboraldian ezarritako zutarriak indartu, eta ohikoa zuen lekura itzuli da Athletic. Partida bat gutxiago jokatuta, bosgarren lekuan amaitu du lehen itzulia: 23 punturekin. Betiko izaera lehiakorra erakutsiz, gainera.

EIBAR
Urte gorabeheratsua


Lehen itzuli aparta egin eta gero, Eibarrek behera egin zuen bigarrenean. Emaitza bolada txar batean murgildu zen, eta Iker Dorronsorok zuzentzen zuen taldeak sufritu egin zuen mailari eusteko. Logroñoren aurkako neurketan lortu zuen, 1-2 irabazita. Meritu handiko neurketa izan zen, bat gutxiagorekin gai izan zirelako partidari buelta emateko. Denboraldiko oinarriak hiru izan ziren: defentsako lana, gaitasun fisikoa eta aurrean Thembi Kgaltanak izan zuen eraginkortasuna: hamar gol sartu zituen aurrelariak.

Mailari eusteko helburua lortu zuen arren, Dorronsorok ez zuen taldea zuzentzen segitu. Hura ordezkatzeko, Ana Junyent kataluniarra fitxatu zuten. Bartzelonan jokatu zuen Junyentek, eta haren eskolako entrenatzailea da: baloi jabetzaren eta erasoko jokoaren alde egiten duena. Dorronsororen oso bestelakoa.

Teknikaria aldatzeaz gain, beste hainbat fitxaketa egin behar izan zituen Eibarrek. Izan ere, hainbat jokalari garrantzitsuk utzi zuten taldea, besteak beste Kgatlanak.

Aipatu bezala, beste estilo bateko jokoarenalde egin du apustu Junyentek: baloi jabetzan oinarritutakoa, eta fisikoari hainbesteko garrantzirik ematen ez diona. Boladaka, taldea gai izan da hori zelaian erakusteko. Partida onak jokatu ditu denboraldi honetan Eibarrek. Baina ez du emaitzetan islatzeko modua izan. Gorabeheratsu aritu da, eta gutxigatik edo azken unean galdu ditu partida batzuk.

Dena den, emaitza bolada oso txarrean amaitu dute eibartarrek urtea. Jokatutako azken zazpi partidetatik sei galdu dituzte, eta lehen itzulia jaitsiera postuetatik gertu amaitu dute. Hamahirugarren postuan daude, hamar punturekin. Hamabost partidetatik 11 galdu dituzte. Ondo etorri zaie Gabonetako etena, indarberritzeko.

ALAVES
Urte gogoangarria


Aurreko denboraldietan gertu izan eta gero, Alavesek Lehen Mailara igotzea lortu zuen bere historian lehen aldiz. Alaveseko zaleek iltzatuta edukiko dute ekainaren 30a. Osasunarekin buruz buruko polita izan zuten arabarrek. Eta, azkenean, Atletico Madril B taldearen zelaian lortutako 0-2ko garaipenak eman zien igotzeko modua.

Denboraldi honetan, proiektuari jarraitutasuna ematearen alde egin du Arabako klubak. Aulkian Mikel Crespok segitzen du, eta Carla Armengol, Cristina Auñon eta halako beste jokalari batzuek Lehen Mailan lehiatzeko beharrezkoa den esperientzia eman diote taldeari.

Lehen itzuli ikusgarria egin du Alavesek gorengo mailan izan duen estraineko aldian. Etxean oso sendo aritu da. Neurketa bakarra galdu du: urteko azkena, Realaren kontra. Eta, nahiz eta emaitzei begira azken partidetan okerrera egin, zazpigarren lekuan amaitu du, 22 punturekin. Urrun ditu jaitsiera postuak, eta horrek patxada eta konfiantza eman behar dio orain arte egindako bideari segida emateko.

Taldeak ausardiaz jokatu du, egiten duenean sinetsiz. Oso barneratuta daukate jokatzeko era hori. Lehen aldiz, gainera, Mendizorrotzan ligako partida bat jokatzeko aukera izan zuten. Levanteren aurka izan zen, eta arabarrek bana egin zuten.

PROFESIONALIZAZIOA
Eten kezkagarria


Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak ekainaren 15ean iragarri zuen abian jarri zuela liga profesionalizatzeko prozesua. Horri esker, gizonezko Lehen Mailaren eta ACB ligaren pare jarriko litzateke liga.

Lehen urratsa estatutuak egitea zen. Baina telebista eskubideen inguruan dagoen adostasun falta, eta Espainiako Futbol Liga Profesionalaren eta Espainiako Federazioaren artean dauden desadostasunak direla medio, oraindik ez da ez urrats hori egin. Hori eragin kaltegarria izaten ari da emakumeen futbolaren garapenean. Izan ere, batetik, ikusgaitasunean aurrerapauso nabarmenagoak emateko aukera eten egin da apur bat. Bestetik, bigarren lan hitzarmena negoziatzen egon behar zuten jokalariek, baina egoera dela eta ezin izan dute. Dagoeneko hainbat protesta egin dituzte, eta ez dute baztertzen grebara jotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.