Euskal Herriko Itzulia

Altxamendua eta irristada

Primoz Roglic hondoratu egin da Mallabira bidean, eta Remco Evenepoel jarri da Itzuliko lider. Pello Bilbao hirugarren postuan dago. Oso pikoa zen bukaera, eta Carlos Rodriguez nagusitu da

Altxamendua eta irristada.
enaut agirrebengoa
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Bazihoazen faboritoak Mallabiako horman gora, eta helmugatik 25 metrora laprast egin zuen Jonas Vingegaardek (Jumbo Visma). Hark desorekatu egin zuen Aleksandr Vlasov (Bora), eta hankaz gora erori zen. Oinez sartu ziren biak helmugan. Baina zutik, gutxienez. Primoz Roglic (Jumbo Visma), ordea, belaunikatu egin zen. Harena izan zen irristadarik handiena: lidergoa eta Itzulia irabazteko aukera oro galdu zuen, noiz, eta lasterketa bukatu bezperan. Atzora arte, agintea irmoki defendatzen ari zen. Horma sendoa zuen altxatua. Haatik, altxatu egin zen atzo Remco Evenepoel (Quick Step), gainontzeko hautagai guztiak aliatu moduan hartuta, eta Itzuliko buruzagitza hartu zuen Mallabiko horman.

Etapa Carlos Rodriguezek (Ineos) irabazi zuen, ihesaldia behingoz biribilduta. Asko zor dio Marc Solerri (UAE), haren gurpilean kilometro asko egin baitzituen. Faboritoak orpoz orpo izan zituen azken igoeran: zazpi segundo eskas atera zizkion Daniel Felipe Martinez taldekideari. Kolonbiarra izan zen, bezperan bezala, faboritoen artean indartsuena, eta bigarren jarri da sailkapen nagusian. Pello Bilbao (Bahrain) hirugarren dago, 20 segundora. Ion Izagirre (Cofidis) ez zen urrun ibili, eta laugarren postua, oraintxe, harena da. 21 segundo dauzka galduta Evenepoelekin. Itzuliak etxeko irabazlea izan dezake oraindik.

Klasiko tankerako beste etapa bat izan zen atzokoa. Irteera marran ez ziren izan Pierre Latour (Total Energies) eta Sergio Higuita (Bora): etxerako bidea hartu zuten, Julen Amezketak bezala (Caja Rural). Tropelean zirautenek, ordea, lehiarako grina bizia zuten, eta jo eta suan ekin zioten lanari. Ihesaldian sartzea ez zegoen edonoren esku. Ahalegina egin zuten, besteak beste, Bruno Armirailek (Groupama), Dries Devenynsek (Quick Step) eta Tao Geoghegan Hartek (Ineos), baina alferrik. Paresin, eguneko lehen mendatean, oraindik eratu gabe zegoen etena. Jan Polanc (UAE) pasatu zen aurrena tontorretik, mendiko lider Cristian Rodriguezen (Total Energies) aurretik.

Bedaroakoa zen hurrengo igoera, eta anabasa sortu zen han: aurrerantz egin zuen Bilbaok, helmugarako oraindik 100 kilometro baino gehiago gelditzen zen arren. Alarma guztiak piztu ziren tropelean. Beste sei ziklista irten ziren harekin: Marc Soler, Kenny Elissonde (Trek), Carlos Rodriguez, Lucas Hamilton (Bike Exchange), Sepp Kuss (Jumbo Visma) eta Sergio Samitier (Movistar). Oso multzo indartsua zen, eta hordagoa jo zezakeen. Alabaina, birritan pentsatu zuen gernikarrak, eta atzera jo zuen azkenean. Besteek eutsi egin zioten ekinaldiari. Bilbao harrapatuta, seikoteari aitzinera egiteko baimena eman zion tropelak.

Igoerak bata bestearen atzetik zituzten azken 70 kilometroetan. Gontzagaraiganan, erasora jo zuen Solerrek, eta Carlos Rodriguezek, Elissondek eta Hamiltonek jarraitu zioten; ez, ordea, Kussek eta Samitierrek. Bi gutxiago. Eta, jaitsiera hasi orduko, Hamilton jokoz kanpo gelditu zen. Eroriko beldurgarria izan zuen, itzulipurdi eta guzti. Metalezko hesiaren gainetik pasatu zen, eta, bere txarrean, sasiek kolpea arindu zioten.

Hiru gelditzen ziren lasterketa buruan, eta mokoka hasi ziren Trabakuan gora. Ados jarri ezean, nekez irits zitezkeen helmugara. 60 kilometro gelditzen ziren oraindik. Igoera bukatzear zirela, ezinak jota gelditu zen Elissonde. Soler eta Rodriguezen esku zegoen ihesaldia biribiltzea. Ardura osoa UAEkoak hartu zuen, sailkapen orokorrean mehatxua baitzen Rodriguezen taldeburuentzat. Eta Roglicentzat berarentzat ere bai: 1.08ra zegoen etapa hasi aurretik, eta, Rodriguezekin buruz buru gelditu zenean, lau minutuko abantaila zeukan tropelarekin.

Roglic, nagiak jota

Haizea bizi zebilen, baina eroso zihoan Rodriguez, une oro iheskidearen babesean. Indar erakustaldia egin zuen Solerrek: aldea hiru minutuan egonkortu zuen Mallabia eta Garaiko muinoetan, liderrek bizkartzainak lanean jarri arren. Haatik, ordeka luzea zegoen Karabietara bidean, eta han gerturatu egin zitzaion tropela. Hainbeste jo eta gero, jota gelditu zen maldan gora, eta Rodriguezek errematatu egin zuen tontorretik kilometro batera.

Indartsuenek aparteko zalapartarik gabe igaro zuten Karabietako zatirik gogorrena. Lehen hiru kilometroetan zeuden maldarik pikoenak. Gero, etzatera egiten zuen errepideak. Bada, han altxatu zen Evenepoel. Ion Izagirre berehala sartu zitzaion gurpilean. Bizkor ibili ziren Vingegaard, Martinez, Vlasov eta Enric Mas (Movistar) ere. Ordea, ez zegoen Roglicen arrastorik. Iltzatuta gelditu zen liderra. Bilbaori ere ez zion jarraitu, atzetik aurrera abiatu zenean. Zentzuzkoa izan zitekeen etapa nagusiaren aurretik lidergoaren zama gainetik kendu nahi izatea; ez, ordea, aurkari guztiei ihes egiten uztea. Finean, Itzulia bera ari zitzaion ihes egiten. Minutu erdia zuen galdua jaitsierari ekin aurretik.Rodriguezek errenta hori bera zuen Evenepoelek gidatutako multzoarekin.

Oilarrak hainbestean konpondu ziren bukaerako aldapa bortitzera bidean. Ez zitzaizkion ia hurbildu lasterketa buruari, baina Roglicekiko arrakala minutura zabaldu zuten. Iraultza handia gertatzen ari zen. Hormara iritsita, Rodriguezek gorputza bihurritu zuen euripean. Dena emanda iritsi zen gora, baina besoak altxatuz. Berea zuen garaipena. Amaiera biribila izan zen Ineosentzat, onenen esprinta Martinezek irabazi baitzuen. Bi segundo atera zizkion Evenepoeli; bost Ion Izagirreri eta Masi, eta zazpi Bilbaori. Hurrena Vlasov eta Vingegaard sartu ziren helmugan, oinez, faboritorik azkarrenarekin 11 eta 13 segundo galduta; Roglicek, berriz, kolonbiarrak baino 1.08 beranduago bukatu zuen etapa. Hondamendia. Adam Yates (Ineos) ere atzean gelditu zen Karabietan, eta, beraz, jada ez du lasterketa irabazteko aukerarik.

Txapela janzteko lehia bizia izango dute gaur Evenepoelek, Martinezek, Izagirrek, Vlasovek, Bilbaok eta Vingegaardek. 29 segundoren barruan daude denak. Edozer gauza gerta daiteke gaur, Eibar eta Arrate lotuko dituen etapan. Azkeneko saioa izango da, eta orain arteko menditsuena, alde handiarekin: bi bider igoko dira Arratera, eta Elkorrieta, Endoia, Azurki, Gorla eta Urkaregi izango dira beste mendateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.